mikel reina
HIRUKOTIK

(Ez)ustekoak

2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Asteburu luzea. Saskibaloizaleon asteburua izan da, zalantzarik gabe. Asteburu luzea izan da, ostegunean hasi baitzen. Kopa jokatu da Europako herrialde gehienetan, NBAko Izarren asteburua Clevelanden (AEB), emakumezkoen liga... Denetarik egon da. Begiak eta pantailak falta izan dira hainbeste partida ikusteko. Igandean, batez ere. Gainera, Euskal Herrian eguraldia lagun izan dugu etxetik ez ateratzeko. Ostegunetik hasita norgehiagoka bat bestearen atzetik, arratsaldetik goizaldera arte.

Espainiako Kopan ez da ezusteko handirik izan. Beste behin, Bartzelona eta Real Madril heldu ziren finalera. Bi talde horien diktadurak jarraitzen du indarrean. Albisterik ez. Saras Jasikeviciusek Pablo Lasori neurria hartu diola berretsi zuen, nahiz eta lehen laurdenean kontrakoa zirudien: 18-5eko partziala lortu zuten espainiarrek. Lituaniarrak beste izaera bat ezarri dio Kataluniako taldeari; gustukoa izango da edo ez, baina ukaezina da. Talde irabazle bat da Bartzelona gaur egun. Real Madril den moduan. Erasoak partidak irabazi eta defentsak txapelketak irabazten dituen teoria hori baieztatu zen Granadan. Bartzelonak 107 puntu sartu zizkion Manresari final-laurdenetan, 103 Murtziari finalerdietan, baina 64 puntutan geratu zen finalean.

Giroen presentzia. Ez pentsa Europako gainontzeko herrialdeetan ustekabeko handirik egon denik, baina faborito nagusietako batzuk jausi dira behintzat. Ez da gertatu halakorik Turkian eta Grezian. Turkian, Anadolu Efes 86-72 gailendu zitzaion Fenerabahceri. Albiste nagusia, berriz, kantxatik kanpo egon zen, harmailetan, eta oso txarra izan zen. Galatasarayren eta Fenerbahceren arteko partidaren hirugarren laurdenean epaileek harmailak husteko agindua eman zuten, bi taldeetako zaleen arteko istiluengatik. Ordubete egon zen finalerdia etenda. Antzeko egoera tristea bizi izan zen Israelen. Tel Aviveko Maccabik Hapoelen aurka galdu ostean, zaleak jokalari eta entrenatzaileen bila joan ziren aldageletara. Bide batez, israeldarrek Ioannis Sfairopoulus entrenatzailea kaleratu zuten.

Tentsio handiko derbia izan ohi den beste bat Greziakoa da. Olympiakosek 11 urteren ondoren Kopa irabazi zuen, Panathinaikosi behetik gora eginda nagusituta: 23-6ko partzialari esker, 81-73 gailendu zen. Serbian, giro zoragarrian, Izar Gorriak Euroligako taldeen indarra erakutsi zuen Zeljko Obradovicen Eurokopako Partizanen kontra: 85-68 irabazi zion. Italian, berriz, Boloniako Virtus bidean geratu zen, finalerdietan, eta finalean Milan hasieratik amaiera arte nagusitu zitzaion Tortonari: 78-61. Alemanian ere Alba Berlinek Bayern Munichen hutsunea baliatu zuen igandean Crailsheim mendean hartzeko: 86-76. Lituanian ere ez zen Zalgirisen eta Lietuvos Rytasen arteko esperotako finala jokatu. Lietkabelis sartu zen bien artean. Hala ere, finalean Zalgirisek ez zuen hutsik egin, eta 91-66 gailendu zen.

Albisterik gabe. Kopa denboraldiko elkargune nagusia da. Zaleak, taldeak, umeak, denetarik dago, baita hitzarmen asko ere. Inflexio puntu bat dela esan daiteke. Asteburu luze horretan hasten dira askotan datorren denboraldirako taldeak. Baskoniak, esate baterako, 11 egun beteko ditu partidarik jokatu gabe: etzi jokatuko du Euroligan Unics Kazanen aurka, etxean. Europako txapelketa nagusian lehiatuko ez balu, egun gehiago izango ziren jokatu gabe pasatu beharko zituenak. Leihoa zabaldu da, FIBA leihoa. Bihar, ordea, beste bat itxiko da, Euroligan fitxaketak egiteko epearena. Geldialdia erabakiak hartzeko une aproposa izan daiteke, baina ez dute hori uste Buesa Arenan. Ez da aldaketarik espero, eta daudenekin amaitu behar dute denboraldia. Zelan? Batek daki. Hainbeste egun lehiatu gabe egon izana arriskutsua izan ohi da, onerako edo txarrerako; dinamikak eraldatzen ditu.

Ez da albiste asko heldu Clevelandetik. NBAko izarren asteburua izan zen beste behin, eta jada ez da ezustea aspergarria izatea. Berritasun asko, baina saskibaloi gutxi. Gero eta arreta gutxiago jasotzen dute ostiraleko eta larunbateko lehiaketek, eta une honetan, ez du merezi igande batean goizaldera arte geratzeak izarren gaua ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.