mikel reina
HIRUKOTIK

Lorpenak

2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Lerro hauetan, normalean, maila goreneko ligak eta taldeak izaten ditugu hizpide: Euroliga, NBA, ACB liga, Espainiako Ohorezko Maila... Baina ez ditugu gainontzeko ligak ahazten. Apur bat hipokrita izan daiteke, baina balentria handiak lortutakoan bakarrik jartzen dugu fokua beherago, egunero merezi dutenean.

Larunbatean Zornotzak Zilarrezko LEB kopa irabazi zuen, etxean, Eivissari 66-64 irabazi ostean. Bizkaitarrek beren historiako lehen garaikur ofiziala dute. Hirugarren denboraldiz jarraian euskal talde batek altxatu du kopa hori. Iraurgik irabazi zuen aurreko bi urteetan: 2020an, Gironari nagusitu zitzaion Azpeitian (Gipuzkoa), eta iaz, Bartzelonaren bigarren taldeari, Sant Joan Despin (Herrialde Katalanak). Partida bakarrera jokatzen da, Urrezko Ligan bezala, eta lehen itzuliko konferentzia bakoitzeko liderrek neurtzen dituzte indarrak. Larrea kiroldegia txiki geratu zen. Jaieguna izan zen Zornotzan. Futbolaz gain, kirol gehiago daudelako. Azken denboraldietan Mikel Garitaonaindiak igoera lortzeko borrokan sartu du taldea, jokalari bizkaitarrak oinarri hartuta beti. Hala ere, finaleko jokalaririk onena Tenerifek lagatako Alberto Cabrera antolatzailea izan zen. Iaz, Spencer Reaves jaurtitzailea izan zen, eta duela bi urte, Ibon Guridi.

Kale edo bale. Bolognako Virtusek kale edo baleko apustua egin du 2021-2022 denboraldian. Udan ekin zion taldea indartzeko asmoari, eta nahikoa ez dela ikusita, neguan fitxaketa gehiago egin ditu. Batek daki Tornike Xengelia noizbait azken asteetan Gasteiztik hurbil egon den edo ez. Harrituko nintzateke, bihotzak asko bultzatzen duen arren, diruak mugiarazten baitu mundua. Zurrumurruek zioten Valentziara joango zela, baina azkenean georgiarra Italiako taldearen proiektura batu da. Gainera, Daniel Hackett izango du berriro taldekide. Mosku Bolognarengatik aldatu dute biek. Antolatzailearen erabakia ulergarriagoa izan daiteke, italiarra baita; non hobeto, etxean baino. Sergio Scariolok ametsetako taldea dauka orain bere eskuetan. Halako talde ikusgarri asko egon izan dira, liga eta herrialde ezberdinetan, eta emaitzak askotarikoak izan dira. Izan ere, jokalariek ez dute taldea egiten. Espainiako selekzioko hautatzaileak nahieran ditu jokalariak: Isaia Cordinier, Milos Teodosic, Niccolo Manion, Hackett, Marco Belinelli, Alesandro Pajola, Amar Alibegovic, Kevin Hervey, Xengelia, Kyle Weems, Awudu Abass, Amadeo Tessitori, Mam Jaiteh eta Jakarr Sampson, besteak beste. Euroligako talderen batek baino talde hobea dauka Bolognako Virtusek.

Formatua. Emaitzek, ordea, ez dute ustezko nagusitasun hori indartu. Parte hartzen duen txapelketa bakoitzean horrelako talde batek irabazteko asmoz atera behar duen arren, Eurokopan dituzte jarriak batik bat zentzu denak. Une honetan, liga erregularra amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Italiako taldea B multzoko laugarren postuan dago: zortzi partida irabazi ditu, eta sei galdu. Kanaria Handia da multzoko lehen sailkatua, Virtusek baino bi garaipen gehiagorekin. Italiarrek ez dute arazorik izango sailkatzeko, hamar taldeko multzoan zortzik egiten baitute aurrera. Aurten, aldaketa handiak daude lehiaketa sisteman. Partida bakarrera izango dira kanporaketa, eta ez hiru partidetara, orain arte bezala. Aldaketak ez dio mesederik egin Virtusi. Topikoetatik aldentzen saiatzen gara, baina, lehia bakarra izanik, edozer pasa daiteke. Beti izango da faborito, eta presio horrek ere eragingo du; hura kudeatu beharko dute italiarrek.

A multzoko lidergoan ere ez dago denboraldi hasierako txapelketako hautagai nagusia: Belgradeko Partizan. Zeljko Obradovicerenak bigarren postuan daude, Joventut baino bi garaipen gutxiagorekin. Bidea dute egiteko, eta haiek egin beharko dute. Euroliga dute xede biek ala biek, eta porrot handia litzateke helburua ez lortzea.

Lehiaketa sistema horren erakusleiho nagusia Estatu Batuetako unibertsitateen arteko March Madness-a da (Martxo eroa). Ez dago hura berdindu dezakeen txapelketarik, ez, behintzat, emozioari dagokionez. Herenegun egin zuten hautaketa, eta gaur hasiko dira jokatzen lehen norgehiagokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.