mikel reina
HIRUKOTIK

Biziraupen instintua

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Apirilean hasten da benetako txapelketa saskibaloian. Lehiaketak benetako indarra hartzen du. Fase erabakigarriak neurtzen du talde baten denboraldia, aurrekoak ez du askotarako balio. Horrelakoa da kirol profesionala.

Antolatzaileak . Emakumezkoek beti amaitzen dute gizonezkoak baino arinago. Gizonezkoetan Euroligako eta Eurokopako kanporaketak zehaztu diren bitartean, emakumezkoetan Lauko Finalak jokatu dira dagoeneko. Ezusteak egon dira; handiak, gainera. Eurokopan, esaterako, Lointek Gernika Bizkaia hala moduz kaleratu zuen Cucurovaren gainean zeuden begi denak, behin Ekaterinburgo Errusiako taldea txapelketatik kanpo geratuta. Esan daiteke Europako talderik onena zela. Asko izan ziren kaleratzearekin talde bizkaitarra gogora ekarri zutenak. Porrot handia, zalantzarik gabe. Turkiako taldeak 16 punturen aldea lortu zuen bigarren laurdenean, baina, azken minutuetan, talentuak gain hartzen duen horietan, ezin izan zuten erakutsi. Venezia gailendu zen. Valentzia Basket kaleratu zuen aurretik Italiako taldeak. Finalean, berriz, gehiegizko ahalegin hori igarri zuten, eta ezin izan zuten ezer egin Tango Bourges etxeko taldearen aurka.

Bide berari jarraitu nahi izan zion Fenerbahcek Euroligan. Lauko Finala Ulker Sports Arenan antolatu ahal izan zuten. Ez dute normalean bertan jokatzen. Baina hor ere ezustea izan zen. Lau hautagaietatik, hasieran aukera gutxien zituena izan zen txapeldun: Hungariako Sopron. Ekaterinburgoren kaleratzearekin, WNBA barne munduko talde onena, txapelketa inoiz baino irekiago zegoen. Perfumerias Avenidak Katie Lou Samuelson berreskuratu zuen, baina ez zen nahikoa izan. Estatubatuarra bere herrira joan zen lesio fisiko bat osatzera, baina buruko osasun arazoak izan zituen. Elite mailako enegarren kasua izan zen. Salamancako taldeak 2021-2022ko denboraldiko Euroligako jokalaririk eta entrenatzailerik onenak zituen: Kaleah Cooper eta Roberto Iñiguez gasteiztarra, hain zuzen ere. Baina izenek eta lorpenek ez dute talde bat txapeldun egiten. Berdina esan daiteke Fenerbahceren kasuan. Etxean jokatzeaz gain, hautagai nagusia zen, eta finalaurrekoetan Praga gainditu zuen. Finalean ezin izan zien, ordea, zaleei garaikurra eskaini.

Azkena. Istanbuleko Ulker Sports Arenan jokatu den Europako azken-aurreko partida izan zen igandekoa. Azkena bihar jokatuko du gizonezkoen taldeak, Maccabiren aurka. Norgehiagoka erabakigarria da Euroligako kanporaketak zehazteko. Israeldarren esku dago aurkaria zehaztea. Irabaziz gero, Milan-Maccabi eta Real Madril-Anadolu Efes; galduz gero, Milan-Anadolu Efes eta Real Madril-Maccabi. Beste bi dagoeneko erabakita daude. Bartzelona izan da liga erregularreko talderik onena, eta Municheko Bayernen aurka neurtuko ditu indarrak. Olympiakosek Monako izango du aurkari. Kanporaketei justu astebete barru emango zaie hasiera, hilaren 19an: bost partidara izango dira.

Formatua goitik behera aldatu dutenak Eurokopako antolatzaileak izan dira. Denboraldi osoa partida bakarrean jokatu beharko dute, eta saria ez da edozein: datorren denboraldian Euroliga jokatzea. Hil edo bizi. Koadroa zehaztuta dago: Joventut-Ulm, Bolognako Virtus-Lietkabelis, Metropolitans 92-Venezia, Valentzia Basket-Hanburgo batetik, eta, bestetik, Kanaria Handia-Wroclaw, Andorra-Buducnost, Cedevita Olimpija-Turk Telekom eta Partizan-Bursaspor. Bi izen nagusi nabarmentzen dira: Bologna eta Partizan. Italiarrak laugarren izan dira, eta serbiarrak, bigarren. Haien bidea zaildu du.

Kanporaketetan jokatzen da sasoi osoko lana, bai, baina aurretik egindakoak ere asko dio. Gutxi batzuk dira gai lehiakortasun puntu estra hori une erabakigarrietan bakarrik emateko, biziraupen instintua erakutsi behar denean. NBAn gaur hasiko dira kanporaketak, play-in txapelketarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.