mikel reina
HIRUKOTIK

Denak normal jarraitzen du

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iraila itzuleraren hilabetea da; lanera, eskolara, klasera, baita saskibaloi kantxetara ere. Aurten, gainera, jokalari askok itzulera aurreratu behar izan dute, lehia hasia baitago: Europako Txapelketa. Gaur eta bihar jokatuko dituzte final-laurdenak Berlinen: gaur, Alemania-Grezia eta Espainia-Finlandia; eta bihar, Eslovenia-Polonia eta Frantzia-Italia.

Nahieran. Hori arazoetako bat izan da jokalari batzuentzat: atseden falta, eta lesioak. Askok, nik neuk barne, eskuak burura eraman genituen txapelketa hasi aurretik jakinarazi zen hutsuneen zerrenda luzearekin. Zorte txarra baino gehiago zegoen horren atzean. Sona handiko jokalariek eman zuten izena txapelketan parte hartzeko, eta, nahiz eta batzuek ezin izan duten selekzioen elastikoa defendatu, izarrak ziren asko; gehiegi: Danilo Gallinarik, Nemanja Bjelicak, Sergio Llullek eta Tornike Xengeliak azken hilabetean hartu zuten min. Ricky Rubiok, Bogdan Bogdanovicek, Nicolas Batumek, Moritz Wagnerrek eta Omer Yurtsevenek, berriz, lehenago hartu zuten ez jokatzeko erabakia.

Bereziki interesgarriak dira horrelako azterketak NBAren indarraz jabetzeko. Argi dago munduko ligarik onenean nagusitzen diren jokalariek are gehiago ezarria dutela beren legea Europan. NBAko azken lau denboraldietako jokalari onenak europarrak izan dira: bitan izan da Giannis Antetokounmpo greziarra, eta beste bitan Nikola Jokic serbiarra. Luka Doncic esloveniarra izan beharko litzateke hurrengoa. Besteen gainetik daude. Dimitris Itoudisek bere tokia aurkitzen lagundu dio Antetokounmpori; ez zuen beste askorik behar. Jokicek, berriz, estatistika onak lortu ditu, baina ezin izan du Serbia onenen artera eraman, nahiz eta ligaxka samurra izan. Doncicek, ordea, lan gehiago egin behar izan du, haren multzoa baitzen gogorrena.

Txapelketaren historian, laburra nire kasuan, iltzatuta geratu zitzaidan Pau Gasolek 2015ean Frantziaren aurkako finalerdian eman zuen erakustaldia: 40 puntu sartu zituen. Beste mundu bateko partida izan zen, estralurtarra. Andres Montes esatariak jarritako ezizena egun horretan ulertu nuen. Ekitaldi honetan, Antetokounmpok 41 sartu zituen Ukrainaren aurka, eta Gasolen marka hobetu. Baina Doncicek jostailu denak nahi dituen umea bezala, hurrengo partidan 47 puntu sartu zizkion Frantziari.

Saskiratzaile onenen zerrendako lehen hamazazpi jokalarietatik hiruk bakarrik ez dute jokatzen NBAn: Dzanan Musak, Aleksandar Vezenkovek eta Worthy de Jongek. Estatu Batuetan gehiago edo gutxiago jokatuko dute, baina Europan ia denak dira erabakigarriak. Sviatoslav Mikhailiuken eta Willy Hernangomezen kasuak bereziki argigarriak: ia ez dute jokatzen NBAn, eta liderrak dira selekzioan. Zer egingo ote zuten jokalari horiek Euroligan? Hori da niri eta ziur nago beste askori burura etortzen zaigun galdera. Uste dut borroka hori oraindik luzerako doala.

Normaltasuna. Hainbeste izar arituta, normala da errekorrak haustea. Haren herrialdeko puntuen marka hautsi duen azkena Lauri Markkanen izan da: 43 puntu sartu zituen Kroaziari irabazteko. Hala ere, beti esan bezala, jokalari onek ez dute beti talde ona osatzen. Bi adibide argi daude egoera horri indarra emateko: Kroazia eta Serbia dira; biek egin dute porrot txapelketan. Espainiak, berriz, 21 txapelketa daramatza jarraian zortzi talde onenen artean sartuta; Sobietar Batasunaren marka gainditu du. Izaera kontua da talentua bainoago.

Txapelketak ere beste interes bat piztu du nigan. Ea zein atzerritarrek jokatzen duen selekzio bakoitzarekin Europako pasaportea eskuratzeko. Hainbeste paper artean edozein gal daiteke; hori da nire arazoa. Beraz, telebistaren aurrean jartzean, kuriositatea izaten dut fitxaketa berriak ikusteko. Azkenean, uda da, eta fitxaketak egiteko epea ez da amaitu. Badira klasikoak direnak: AJ Slaughter Poloniarekin eta Mike Tobey Esloveniarekin, adibidez. Berriagoak dira Lorenzo Brown Espainiarekin, Kendrick Perry Montenegrorekin eta Jaylen Adams Kroaziarekin. Shane Larkin eta Scott Wilbekin ere badaude, Turkiarekin. 11 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.