mikel reina
HIRUKOTIK

Kontraesanak

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Nazioarteko Saskibaloi Federazioaren (FIBA) leihoak itzuli dira. Eta zabaltzen diren bakoitzean bezala, eztabaida sortzen da han eta hemen. Beti dago zer edo zer. Polemikaz inguratuta daude beti. Orain, gizonezkoen txanda izan da, baina datorren astean emakumezkoena izango da. Lehenbizi batzuk, eta gero besteak. Kasuak oso desberdinak dira, ordea, emakumezkoetan erabat geldituko baita lehia; ez bakarrik Espainiako Ligakoa, baita Europako lehiaketetakoak ere. Euroliga eta Eurokopa FIBAren eskuetan daude; beraz, ez dago inolako arazorik alde horretatik.

Bakoitzak bere interesak. Italiako eta Espainiako selekzioek joan den ostiralean neurtu zituzten indarrak, Pesaron (Italia); luzapenean nagusitu zen Espainia. Italiarren jokalaririk onena Nico Mannion izan zen. Baina zelan da posible Bolognako Virtuseko jokalaria aritzea bere selekzioarekin Euroligako jokalaria izanik? Italiarren arteko derbia asteazkenera aurreratu zutelako. Euroligako azken jardunaldia berezia izan da oso, ez bakarrik aurrerapenarengatik; horrez gain, ostiralean bi partida bakarrik jokatu zituzten; ohikoa da laupzabost jokatzea. Ez da ahaztu behar Virtuseko entrenatzaile Sergio Scariolo Espainiakoselekzioko hautatzailea ere dela. Gainera, ez zen bakarrik Mannion aritu Espainiaren aurka, baita haren taldekide Alesandro Pajola eta Milaneko TomassoBaldasso, Stefano Tonut, Pippo Ricci eta Pablo Biligha ere.Azkenean, bakoitzak bere kartak jokatzen ditu, eta nahi eta ahal dituen bezala mugitzen ditu.

Antzeko zerbait egin du Ergin Atamanek ere. Anadolu Efeseko eta Turkiako selekzioko entrenatzailea da Ataman. Beti eztabaidaren erdigunean dagoen pertsonaia da, eta FIBA leihoekin are gehiago. Hark ere dituen baliabide denak erabili ditu. Datorren urtean Filipinetan, Indonesian eta Japonian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena dago jokoan. I multzoa da denen artean gogorrena: Turkia, Serbia eta Grezia ari dira lehian Belgika, Letonia eta Britainia Handiarekin. Letonia dagoeneko matematikoki sailkatuta dago, zazpi partidetatik bakarra galdu baitu. Haren atzetik, Serbia eta Grezia berdinduta daude, lau partida irabazi eta hiru galduta; eta laugarren dago Turkia hiru partida irabazi eta lau galduta; emaitza berak lortu ditu Belgikak. Atzo bi norgehiagoka jokatu zituzten multzo horretan: Serbia-Turkia eta Belgika-Grezia. Serbiarrek eta greziarrek irabazten bazuten, bigarrenak Munduko Txapelketarako sailkatuko ziren.

Trikimailuak. Euroligako taldeen kasuan, bakoitzak erabakitzen du jokalari bati bere selekzioarekin jokatzen uztea edo ez. Azken batean, haiek ordaintzen diote hilabetero soldata. Hori da FIBA leihoen eztabaida gai nagusia, hain zuzen ere: lesioekin batez ere, zer egin eta zelan jokatu jokalariren batek min hartzen badu. Batez ere, partidak egun batetik bestera izaten direlako, bidaia luzeak tarteko, eta horrek azkenean lesioak izateko arriskua handitu besterik ez du egiten. Euroligako egutegi gogorra ez da nahikoa, dirudienez. Gero, emakumezkoetan, esate baterako, apirilean amaitzen dute denboraldia, eta Gabonetan ez dute inolako etenik.

Anadolu Efesek eta Atamanek ez zioten Vasilije Miciceri Serbiarekin jokatzeko baimenik eman. Svetislav Pesic Serbiako hautatzaileak hautatuen zerrendan jarri arren, ezin izan zuen bere jokalaririk onenarekin jokatu. Era berean, Ataman kexu agertu zen Bartzelonak ez ziolako Sertac Sanliri baimenik eman. Gainera, Belgikak Virtuseko Ismael Bako eta Asveleko Retin Obasohan izango zituelako ere kexatu zen entrenatzaile turkiarra. «Kontraesan hauek amaitu beharra dago», esan zuen.

Antzeko trikimailuak erabili ditu Belgradeko Partizanek: batzuei baimena eman die; beste batzuei, ordea, ez. Danilo Andjusicek eta Uros Trifunovicek Serbiarekin joka dezakete, baina Yam Madar israeldarrak eta Ioanis Papapetruk greziarrak ez. Serbiarren aurkari zuzena da Grezia, eta hegalekoa jokalari oso garrantzitsua da selekzioan. Greziako Saskibaloi Federazioak kexa ofiziala aurkeztu du FIBAn. Txapelketa «manipulatzen» ari direla salatu dute. Interes asko daude, gehiegi, eta bakoitzak bereak defendatzen ditu; horregatik, azkenean ia ezinezkoa da FIBA leihoek polemikarik ez sortzea. Beste horrenbeste gertatuko da, ezusterik ezean, hurrengoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.