HIRUKOTIK
Mugarri
Aukerak. Zaragozan jokatuko den Espainiako Kopa berezia izan daitekeen sentsazioa dut barnean aspalditik. Mugarri izan daiteke. Hori da esperantza eta desira. Lau egunetarako 7.000 abonu baino gehiago saldu dira, eta beste asko izango dira eguneko sarrerak hartuko dituztenak. Beraz, zaleeek ez dute hutsik egingo. Gainera, ez dira bakarrik lehiaketarako sailkatu diren zortzi taldeetako zaleak bilduko; baita kanpoan geratu direnetakoak ere. Emakumezkoen saskibaloiaren jaia da. Oraindik asko falta zaio gizonezkoaren mailara heltzeko, baina bidea egokia da. Espero dut, behintzat, aurtengoa bezain zabala izatea; aukerak egon badaudelako.
Aspaldiko ligarik parekatuena izaten ari da aurtengoa, eta ikusi beharko da sentsazio horiek Espainiako Kopara zabaltzen diren. Ez da erraza izango. Bi euskal talde izango ditugu hartan, Lointek Gernika Bizkaia eta Kutxabank Araski. Oraindik itxaron egin beharko dugu hiru euskal taldeak batera lehiatzen ikusteko. Hain zuzen ere, bizkaitarrek eta arabarrek dituzte aukera gehien, gutxi badira ere, ezustekoa emateko.
Gasteiztarrei zerrendaburuetatik aukerarik onena egokitu zitzaien zozketan, zerbait esatearren. Baina, era berean, normalean saihestu nahi izaten den taldea suertatu zaio: etxeko taldea. Zaleak lagun izango dituzte arabarrek, baina are gehiago aurkariek, zenbaki aldetik behintzat. Aurten elkarren aurka jokatu dituzten bi norgehiagoketan berdintasuna izan da nagusi, eta bakoitzak bere etxea defendatu du. Mendizorrotzan 63-58 irabazi zuen Araskik, eta 65-63 galdu Zaragozan. Kopa, baina, txapelketa desberdina da; bakarra. Made Urietaren neskek erakutsi dute onenen aurka lehiatzeko gaitasuna. Errudun nagusietako bat Tanaya Atkinson da. Ez zuen Teneriferen aurkako ligako azken jardunaldian jokatu. Entrenatzaileak bere izarra ondo zaindu nahi izan zuen sailkapeneko azken sailkatuaren aurkako partidan. Bere indarra eta kalitatea erabakigarriak izan daitezke ostegunean. Horrelako txapelketetan, bakarkako erakustaldiek asko balio dute, eta Zaragozak ez du horrelako izarrik; multzoan oinarritzen dute taldea. Goi mailakoa da, hori bai.
Kopako zozketa urtarrilaren 12an egin zen. Ia lau hilabete igaro dira, eta taldeak etengabe aldatzen dira bitartean. Lointek Gernika Bizkaiarentzat aurkaria ez zen ona izan bere garaian. Sentsazioak oso desberdinak dira gaur egun. Argia ikusi dute gernikarrek iluntasunean. Urtarrilean Girona inork nahi ez zuen aurkaria zen, agian Valentziarekin batera. Orain ikuspuntua bestelakoa da. Lesioak tarteko, kataluniarrek ez dirudite lehen bezain ahaltsuak. Hori bai, faborito argiak izaten jarraitzen dute. Belauneko lesio larriak izan dituzte hiru jokalarik, eta, fitxatutako ordezko batek ere min hartu zuen. Baina joan den astean beste fitxaketa bat egin zuten. Barneko jokoan dena. Hau da, bizkaitarren ahulgunean. Anna Montañanak ere gorriak ikusi ditu lesioekin, baina unerik garrantzitsuenean osatu zaio Julie Wojta. Sandra Ygueravide eta Wojta dira jokalaririk garrantzitsuenak, eta hamar partida inguru bakarrik jokatu dituzte elkarrekin aurten. Gironako jokalarien ahal fisikoa berdindu beharko dute gernikakoek. Britney Sykes, adibidez, birrinketa egiten saiatu zen IDK Euskotrenen aurka igandean jokatutako neurketan. Gertu izan zuen 175 zentimetro luzerekin.
Denetarik. Baskoniak ere aste erabakigarria du, nahiz eta ez duen garaikurrik jokoan. Euroligako hurrengo hiru partidak Buesa Arenan jokatuko dituzte Joan Peñarroyaren mutilek; Hiru aukera kanporaketetarako sailkatzeko. Ligaxkaren erdia baino gehiago egon dira Euroligako zortzi talderik onenen artean. Hiru porrot izan ditu azken hiru partidetan, baina, zaleen aurrean, gasteiztarrek onena ematen dute. Gainera, Bilbo Basketen aurkako euskal derbian entrenatzaileak minutuak banatzeko aukera izan zuen. Gaurko Alba Berlinen aurkakoa derrigorrez atera beharreko garaipena da, ezin dute hutsik egin. Berdina esan daiteke Asvelen aurka. Sailkapeneko azken bi sailkatuak dira, eta etxetik kanpo jokatuko dute. Peñarroya kanporaketetarako sailkatu daiteke Euroligako bere lehen denboraldian. Mugarri izan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.