mikel reina
HIRUKOTIK

Hainbeste, nahi beste

2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Izurritea. Euroligako hiru jardunaldi besterik ez dira falta izan agerian uzteko 2020-2021 denboraldiko egutegia eginezina dela. Positibo foku nagusia Errusian dago, Zeniten eta Khimkin batik bat. San Petersburgeko taldeak jokalari eta entrenatzaile guztiak dauzka etxean, eta horren ondorioz, ezin izan zituen jokatu joan den asteko bi partidak. Moskuko taldeak, ordea, zortzi jokalarirekin jokatu zituen Real Madrilen eta Baskoniaren aurkako partidak, bost kasu positibo zituztelako taldean, eta min hartutako beste hiru jokalari. Euroligak denboraldi hasieran ezarri zuen klubek zortzi jokalari eduki beharko zituztela partida jokatzeko. Baldintza hori bete ezean, 20-0ko emaitza izango zuten. Eurokopan jada zigor hau ezarri zioten Ljubljanako Olimpiari Bursasporren aurkako lehian. Arazo hori eduki dutenean, ordea, araua aldatu dute Euroligan. Orain ez dira galdutzat emango neurketak. Hiru aukera izango dituzte beste data bat zehazteko. Khimki da araudi aldaketa horren kaltetu nagusia, zortzi jokalarirekin bi norgehiagoka jokatzeko ahalegina egina baitzuen.

Frantzian ez daude askoz hobeto. Asvel Lyon-Villeurbannek lan talde osoa dauka etxetik irten ezinik. Tony Parker jabe duen klubak guztira hamahiru positibo dituela jakinarazi zuen, eta, ondorioz, ezin izan zituen jokatu aurreko asteko bi neurketak. Zeniten egoera okerragoa da. Frantziako Ligako azken partidan, Asvelek Choletekin neurtu zituen indarrak, eta, partida hasteko minutu gutxi falta zirela, albisterik beldurgarriena heldu zitzaien. Norris Cole, taldeko izarra, kutsatuta zegoen eta beroketa lanak egiten ari zen gainontzeko taldekideekin batera. Are gehiago, hasierako bostekoan sartuta zegoen, eta behin jarrita, ez zegoen atzera bueltarik. 30 segundo jokatu behar izan zituen jokoa gelditu eta kantxatik atera ahal izateko. Hirukotik-ek JL Bourg eta Joventuten aurkako Eurokopako lehia ikusten hasi zenean pabiloian zegoen jendetzarengatik harritu zen: jesarlekuen %85. Egun batzuk geroago frantziarrek ezin izan zuten Veneziaren aurkako norgehiagoka jokatu, ez zituztelako lehiatzeko beharrezkoak diren zortzi jokalariak.

Moreyball. Hamahiru urteren ondoren Daryl Moreyk Houston Rocketseko kirol zuzendari izateari utziko dio. Taldeko eta ligako jokamoldea goitik behera aldatu du hamahiru urte horietan. NBAko manager nagusi entzutetsuena bilakatu da, bere mugimenduekin eta filosofiarekin. Bere bidea aurkitu nahi izan du, eta baita topatu ere: Moreyball. Billy Beanek AEBetako beisbol ligan egin zuen bezala, Michael Lewisen Moneyball liburuan oinarritu zen gero Brad Pittek parte harturiko izen bereko filma. Dena zenbakiei eta matematikei fidatu. Hori da teoria. Gaur egun, inoiz baino datu gehiago daude saskibaloian, eta atzean geratu dira estatistika orri sinpleak. Zenbaki horietatik harago dago benetako muina: Big data famatua. NBAn eta Europako gero eta talde gehiagotan datu horiek batu eta, batez ere, analizatzen dituzten pertsonak bilatzen dira. Etorkizuneko saskibaloia da.

Azken hiru denboraldietan Houston Rocketsek hiruko jaurtiketa gehiago egin ditu bikoak baino. Bukatu berri den azken denboraldi honetan partida bakoitzeko batez beste 45 jaurti ditu, inork baino gehiago. Gainera, NBAn hiruko lerroa Europan baino atzerago dago, metro erdi atzerago. Egin kontuak. Moreyren aburuz, bi saskiratze era daude bakarrik: hirukoak eta sarrerak. Ez dago besterik, distantzia erdiko jaurtiketak ez dira errentagarriak. Azken denboraldian, bere teoria muturreraino eraman zuen. Hori da, gaur egun, saskibaloiko beste joera nagusietako bat: pibotak desagertu dira. Houston Rocketseko kirol zuzendariak Clint Capela saldu zuen bere postuan, 1,96 metro luze den PJ Tucker jartzeko. Small ball esaten dena. Bost jokalari hiruko marratik atzerago jokatzeko jokamoldea. Hirukoak jaurtitzeko eta sartzeko gaitasuna ez izatekotan, ez duzu lekurik gaur egungo NBAn. Europara ere filosofia horren hondarrak heldu dira. Hala ere, Euroligan, esate baterako, ez dago Real Madrileko Walter Tavaresen eragina berdintzen duen jokalaririk: 2,22 metro luze da, eta jokoa baldintzatzen du defentsan eta erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.