Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Baskoniak behar zuena

Publizitatea

Kirola

Baskonia 105 Real Madril 75

Baskoniak behar zuena

Gasteizko taldeak lehen zati gogoangarria egin du, eta nagusitasun handiz irabazi dio Real Madrili. Euroligako bigarren garaipena du
Jayson Granger Baskoniako antolatzailea barnealdia egiten, atzoko partidako jokaldi batean.
Jayson Granger Baskoniako antolatzailea barnealdia egiten, atzoko partidako jokaldi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-11-15 / Imanol Mago Eizmendi

Baskonia. Grange (12), Janning (11), Timma (10), Malmanis (8), Poirier (8)—hasierako boskotea—Huertas (13), Vildoza (3), Beaubois (15), McRae (8), Xengelia (7), Voigtmann (2) eta Diop (8).

Real Madril. Campazzo (3), Causeur (3), Taylor (6), Randolph (4), Reyes (3)—hasierako boskotea— Doncic (18), Randle (2), Carroll (7), Fernandez (9), Maciulis (4), Thomkins (6) eta Tavares (10).

Markagailua. 36-17, 64-44; (atsedenaldian); 88-63 eta 105-75.

Epaileak. Rocha, Gkontas eta Radojkovic. Ez dute inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 10.639 ikusle Buesa Arenan.

Pedro Martinezi herenegun galdetu izan baliote atzoko partida nolakoa izatea nahiko zukeen, bere irudimenaren ez litzateke gertatutakotik oso urrun egongo. Baskoniak, izan ere, behar zuen hori lortu zuen: nagusitasun handiz irabazi, etxean, taldekide guztiekin lan onarekin, eta Euroligan. Garaipen oso baliotsua da, arnasa hartu baitu Europan, eta oraindik garaiz da Top 8an sartzeko itxaropenari eusteko. Horri guztiari gehitzen bazaio Real Madrilen aurka lortu zuela —Buesako zaleek herra gehien dioten aurkaria— are baltsamikoagoa bihurtzen da oturuntza.

Baskoniak, izan ere, hankapean ibili zuen Madrilgo taldea. Aspaldian jokaturiko partidarik onena izan zen, eta, askogatik, zaleek sasoi honetan izan duten egunik gozoena. Lehen zati gogoangarria egin zuen, eta are gogoangarriagoa lehen laurdena. Lehen hamar minutuetan perfekzioa hatz puntekin ukitu zuen. 36-17 aurreratu zen Baskonia: zortzina bateko eta biko jaurtiketa egin eta denak asmatu zituen, eta gainera lau hiruko sartu zituen. Real Madril ezinean zebilen, iparra galduta, eta apurka odolusten, emaniko baloien erruz.

Partida hautsita zegoen, eta Baskoniak ondo eutsi zion errentari. Eutsi, baina, erasoan jokatuz eutsi zion. Bigarren laurdenean Real Madril esnatu zen, normala zen, talentu handiko taldea da, eta hiruko marratik puntuak pilatzen hasi zen. Gasteizko taldeak enbidoa onartu eta ordagoa bota zion. Atsedenaldiko emaitza 64-44 zen. Lehen zati bateko Euroligako marka onena 65 puntu dira, eta bakarrera gelditu zen. Baskoniako bost jokalarik zortzi puntu edo gehiago sartuak zituzten.

Real Madril jota zegoen, eta Baskonia hazita. Jokalariek gozatzea behar zuten, sasoi hasiera oso gogorra izaten ari da, eta liberazioa izan zen, festa. Pablo Laso madrildarren entrenatzailearen aurpegia, bitartean, drama hutsa zen. Luka Doncic fenomeno gaztea izan zen mailari eutsi zion bakarra: hemezortzi puntu. Baskoniak are gehiago handitu zuen aldea, 88-63 (30. min.), eta Real Madrilek amore eman zuen.

Etxekoen aldetik hainbat jokalarik aldarrirako aukera izan zuen. Taldearen minuturik onenak Rinalds Malmanis gaztearekin iritsi ziren. Gasteizen hegal-pibot baten bila ari dira, baina letoniarra, zortzi puntu sartzeaz gain, ez zen uzkurtu Randolphen aurrean. Marcelinho Huertas ere apurka erritmoa hartzen ari dela ikusi zen. Bera izan zen onena, hamahiru puntu eta sei asistentziarekin. Jordan McRaek, bere aldetik, hogei minutu jokatzeko aukera izan zuen, eta primeran etorriko zaizkio. Gau iluna izan zuen bakarra Johannes Voigtmann izan zen, bi punturekin.

Bestalde, eta Baskoniak jakinarazi duenez, entrenatzaile laguntzaile multzora gehituko da Curro Segura. Eskarmentu handiko teknikaria da espainiarra, ACB ligako hiru talde zuzendurikoa.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak