mikel reina
HIRUKOTIK

Sorpresak

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Topikoak. Espainiako Kopa sorpresen txapelketa dela esan ohi da historikoki. Win or go home, irabazi edo etxerako bidea hartu. Azkenaldian, ordea, gero eta abagune gutxiago dago inprobisaziorako. Ez da ezustekorik gartatzen. Madrilen jokatuko Koparen aurretik ACB ligako entrenatzaileei eta kirol zuzendariei inkesta bat egin zieten, haien faboritoak jakiteko. Entrenatzaileen %55ek eta kirol zuzendarien %36ek uste zuten futboleko ustezko klasikoa, Real Madril-Bartzelona, izango zela aurtengo finala. Baita izan ere. Txapeldunen inguruan galdetuta, izen bat nagusitzen zen argi eta garbi: Bartzelona. Aulkiko arduradunen %55ek ikusten zuten Saras Jasikeviciusen taldea igandean garaile, eta bulegoetan galdetuz gero, faboritismoa askoz gehiago nabarmentzen zen: %73. Baskonia %9k jotzen zuten faborito.

Zenbakiek arrazoi ematen diete. 2008-2009ko denboraldiaz geroztik, Bartzelonak eta Real Madrilek banatu dituzte Kopa denak. Igandeko finalaren ondoren, azken hamabi aldiak kontuan hartuta, espainiarrek eta kataluniarrek sei garaikur irabazi dituzte. Horrek esan nahi du datorren urtean berdinketa hori desegin nahiko dutela, beste behin finala errepikatuz. Baskoniako zaleen artean bazegoen monopolio hori behingoz apurtzeko ametsa. 2009an Sergi Vidalek Madrilgo Wizink Center pabiloian zerura begira jarri zuen garaikurra, gasteiztarren seigarrena, eta orain arteko azkena. Kantxa berdina zen, baita entrenatzailea ere. Dusko Ivanovic baitzen aulkian. Bigarren egonaldia zuen Arabako hiriburuan. Osagaiak hor zeuden, baina zailena falta zen: behar bezala nahastu, ametsetako emaitza lortu arte.

Baskoniako jokalariek inoiz baino gehiago falta izan dute haien jokoari gatza ematen dion funtsezko osagai hori: zaleak. Kopa arraroa izan da, hotza, inolako girorik gabekoa. Madrilgo pabiloian jarritako pantaila erraldoia ez zen nahiko. Sentimenduek, nahiz eta askotan esan, eta dagoeneko topiko baten bilakatu, ez dute pantaila zeharkatzen. Ezinezkoa da. Giro horretako alde txarra sare sozialetara heldu da. Fanfarrietako tronpeta hotsen ordez, fanfarroien polemika gosea. Alde horretatik ere Kopa futbolazioa prozesu itsusi baten murgildu da, ez bakarrik finaletako partaideen artean. Futboleko alde txarrak hartu omen ditu saskibaloiak. Futboleko Kopako azken aldietan, behintzat, sorpresak dira nagusi. 2013-2014 denboraldian izan zen Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko azken finala. Formatua berritu zenetik, erabat aldatu da txapelketa. Kontrolaezina da, ezusterako abagunea askoz eta handiagoa da.

Ezberdintasunak. Ez uste Europako gainontzeko herrialdeetan oso ezberdina denik. Faboritoak gailendu dira jokatu diren Kopa txapelketetan, Frantzian eta Turkian bertan behera geratu baitziren. Italian, adibidez, Milan aise nagusitu da. Batez beste 29 punturen aldeaz irabazi ditu hiru kanporaketak. Ostegunean, Reggio Emiliaren, aurka 80-52; larunbatean, finalaurrekoetan, Veneziaren kontra, 96-65; eta, finalean, Carlos Delfinoren Pesaro 87-59 menderatu zuen Milanen bertan.

Lituanian Zalgiris izan da nagusi azken partidan, Lietkabelisi 76-69 gailendu eta gero. Serbiako Korak kopan Izar Gorria izan da garailea finalean :73-60, Mega Bemaxi irabazita. Moskun izarren gaua antolatu zuten, Ameriketako Estatu Batuetan lez. Hiruko eta birrintzea txapelketa ere izan ziren. Errusiarren eta atzerritarren arteko norgehiagokan etxekoak gailendu ziren, 183-162, Vitaly Fridzon Zeniteko jaurtitzailearen 57 punturekin. Hamasei hiruko sartu zituen 26 saiakeretatik, eta zelan ez, jokalaririk onena izendatu zuten. Mosku beharrean Atlanta izan zitekeen. Hori bai, ekialdean zalego asko sartu zituzten, Euroligako partidetan astero ikusten den bezala.

Emakumezkoetan ere ez da sorpresa handirik espero aurtengoan ere. Ostegunean egingo dute zozketa, eta bi euskal talde egongo dira bertan, aurkaria nor izango duten zain: Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren. Bizkaitarrak zerrendaburu izango dira, gainera. Martxoaren 4tik 7ra jokatuko da txapelketa Valentziako Fonteta pabiloian. Perfumerias Avenida, Valentzia eta Girona, hurrenkera horretan, dira faborito nagusiak, eta oso zaila litzateke garaikurra beste edozein taldek irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.