mikel reina
HIRUKOTIK

'Space Jam'

2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hil edo bizi. 33 jardunaldi ez dira nahikoa izan Euroligako zortzi talde onenak zehazteko. Azken urteetako txapelketarik berdinduena eta interesgarriena da. Azken partida baino lehen talde bakarrak dauka sailkapeneko postua ziurtatuta: Bartzelona izango da liderra. Horrez gain, beste bost taldek bai ala bai jokatuko dituzte kanporaketak, baina oraindik ez dakite noren aurka: CSKA Mosku, Anadolu Efes, Armani Milan, Fenerbahce eta Bayern Munich. Andrea Trinchierik mende honetan lehendabizikoz sartu du Alemaniako talde bat Europako zortzi talde onenen artean. Inor gutxik espero zuen. Era berean, historian lehen aldiz ez da Greziako talderik izanen kanporaketetan.

Bavariarren ondoren dator festa. Real Madril, Zenit, Baskonia eta Valentzia daude bertan. Gasteiztarrek azken 11jardunaldietatik bitan bakarrik egin dute kale, eta liga erregularreko talde sasoikoenen aurka: Bartzelona eta Anadolou Efes. Ukaezina da Dusko Ivanovicek talde honi ezarri dion izaera. Montenegroko entrenatzaileak harri arruntak harribitxi bihurtzen ditu. Ezin da bestela azaldu, adibidez, Achille Pollonararen garapena. Ezinezkoa zirudiena lortu du italiarrak, Toko Xhengeilaren hutsunea betetzea. Bere onena beharko du Baskoniak azken jardunaldian. Hil edo biziko neurketa dute arabarrek etzi 21:00etan, Valentziako Fonteta pabiloian (Herrialde Katalanak). Hil edo bizikoa aurkari zuzenak direlako, biek ala biek behar dutelako garaipena kanporaketetan sartzeko. Jaume Ponsarnauen taldea zortzi talde onenen artean sartu beharra dauka datorren denboraldian Europako txapelketarik onenean aritu nahi badu. Asko du jokoan: proiektu oso baten etorkizuna partida bakarrean.

Gasteiztarrek ez dute lan erreaza. Hasteko, Valentziari irabaztera derrigortuta daude, eta hala ere, baliteke nahikoa ez izatea, beste emaitza batzuen mende baitaude. Euroligak ez du beste txapelketa batzuetan bezala, ordutegi bateratua antolatu. Ezta gutxiago ere. Fontetako partidako atsedenaldirako Baskoniak dagoeneko Real Madrilen emaitza jakingo du. Pablo Laso gasteiztarraren taldeak Istanbulen (Turkia) Fenerbahceren kontra galdu beharko zuen arabarrek aukerak mantentzeko. Izan ere, Espainiako taldeak baino puntu alde hobea du Baskoniak. Ekuazio honetako hurrengo aldagaia Zenit da, eta haren emaitzek luzerako joko dute. Real Madrilek irabaztekotan, errusiarren bi porrot behar ditu Buesa Arenako taldeak. Bi porrot, bai, Xavi Pascual katalanak entrenatutakoek atzeratutako partida dutelako Panathinaikosen aurka datorren astelehenean, hilaren 12an, jokatu dute, 18:00etatik aurrera. Aurretik, ostilarean, Maccabi jasoko dute San Petersburgon (Errusia). Hau da, baliteke Baskoniak astelehena arte ez jakitea final-laurdenetarako sailkatuta dagoen ala ez.

Poztasuna. Gaur egungo NBA super taldeena da. LeBron James protagonista izango den Space Jam 2 filmaren bezalakoa. Aurreraekina dagoeneko ikusgai dago. Orain eraztuna irabaztearren bizia doakie, baita dirua barkatu ere. Horretarako daude buyout famatuak. Kalte ordainik gabeko kontratu eteteak dira azkenean. 2000. urtetik aurrera martxan jarritako mugimendua da. Lehena, John Starks izan zen. Michael Jordanen urrezkoa aroaren osteko Chicago Bullsera heldu zen eskolta. Ezin izan zuten talde aldaketa epea baino lehen egin, eta irtenbide hori aurkitu zipten. Lehen, jokalari bati kontratua eten nahi izanez gero, ordaindu beharra zegoen. Jerry Krausek Starksi esan zion: «kanporaketak jokatzen dituen frankizia batera joan nahi baduzu zure soldata barkatu beharko diguzu». Ados agertu zen, eta biak pozik. Azkenean, beranduegi mugitu ziren, eta ezin izan zuten akordioa osatu. Bidea, behintzat, zabaldu zuten.

Egun, nahi baino gehiagotan erabiltzen da. Azkenak, Andre Drummond eta LaMarcus Aldridge izan dira, Los Angeles Lakers eta Brooklyn Netsekin sinatzeko, hurrenez hurren. Hurrengoak Demarcus Cousins eta Los Angeles Clippers izan daitezke. Hau dena fitxaketa epea bukatu ostean. Azken 35 urteetako biziena izan da. Martxoaren 25ean, azken egunean, hamasei mugimendu egin ziren, NBAko 23 taldek parte hartu zuten, eta46 jokalarik aldatu zuten taldea. Hauek izan dira sonatuenak: Aaron Gordon, Denver Nuggetsera; Evan Fournier, Boston Celticsera, eta, Victor Oladipo, Miami Heatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.