mikel reina
HIRUKOTIK

Eraikinak

2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Taldeak eraiki egiten dira. Ez dira sortzen. Are gutxiago egun batetik bestera. Denbora behar dute. Lan horretan murgilduta daude Baskonia eta Bilbo Basket. Bakoitzak zazpi fitxaketa berri egin ditu aurreko denboraldiarekin alderatuta; eta horrek, nahi edo ez, egokitzapen prozesu bat dakar. Gainera, bi taldeen artean beste zazpi jokalarik ez dute inoiz ACB ligan jokatu. Landry Nnokok, esate baterako, ligako epaileen estiloa eta portaera ikasi behar ditu oraindik. «Ezberdin adierazten dira faltak ACB ligan; defentsan ezin naiz hain oldarkorra izan. Asko dut ikasteko», adierazi zuen kamerundarrak elkarrizketa batean. Baskoniako pibota dagoeneko bi aldiz kaleratu dute bost faltengatik. Garrantzitsua ez da zelan hasten zaren, zelan bukatzen duzun baizik. Hasiera, ordea, konfiantza aldetik, funtsezkoa da.

Gorabeherak. Denboraldiaurrea pieza berri hauen lekua aurkitzeko momentu ezin hobea da, taldea eraikitzeko unea. Entrenamenduen garaia da, asko eta ia egunero. Egutegia dela eta, batez ere gasteiztarrek, denboraldian zehar entrenamenduak egiteko denbora gutxiago dutelako. Lana aurreratu beharra dago. Bai Bilbo Basketek eta bai Baskoniak bi neurketa bakarrik galdu zituzten lehiaketak hasi aurretik. Gainera, Euskal Kopan indarrak neurtu zituzten Santurtzin, eta Alex Mumbrurenak 93-68 nagusitu ziren. Bilbotarren kasuan, azken lagunartekoa izaterakoan, espektatiba asko sortu zituen lehen garaikur horrek. Behingoz sasoi lasai bat. Ezta gutxiago ere. Bizkaitarrak dira, Andorrarekin batera, ACB ligan oraindik garaipenik eskuratu ez duten bakarrak. Egiari zor, ez dute egutegi erraza izan, Tenerife eta Bartzelona bezalako taldeekin jokatu baitute. Lehen lau jardunaldietan Bilbo Basketek 89,5 puntu jaso ditu batez beste. 100 sartu zizkion Zaragozak Miribillan. Horrez gain, iazko bide orriaren zantzuak hartzen hasia da, hau da, egonkortasuna falta zaio. Gorabehera asko ditu 40 minutuetan zehar. Egindako lan ona minutu gutxian eta partzial handi batekin zaborretara botatzen dute. Gainera, Jeff Witheyek sudurra hautsi du, eta pasa den sasoiko mamuak azaldu dira Miribillan: koronabirus positiboak eta lesioak. Alex Mumbruren taldeak Murtzian bilatuko du sasoiko lehen garaipena, datorren igandean, 12:30ean.

Atzetik aurrera. Baskoniakbederatzi urte zeramatzan liga erregularrean Fontetan irabazi gabe. Lehen jardunaldiko garaipenarekin aro berri baten hasiera zirudien. Ezta gutxiago ere. Hiru partida galdu dituzte segidan azken astean. Emaitzetatik haratago, jokoa izan da kezka nagusia. Dusko Ivanovicek oraindik ez du lortu bere jokalariei izaera lehiakor hori ematea. Joventuten aurka argi eta garbi esan zuen: «Kezkatzen nauena ez da jaurtiketak huts egitea, baizik eta jokalari denek ez dutela ehuneko ehun eman kantxan egon diren bakoitzean». 60 baloi galdu ditu azken hiru norgehiagoketan Baskoniak, batez beste 20 partidako. Horrela zaila da irabaztea. Ez dago gogortasunik ez defentsan ez erasoan.

Taldeak atzetik aurrera eraikitzen direla esan ohi da. Defentsako lanak ematen omen dizu erasorako konfiantza hori. Montenegroko entrenatzaileak hitzez hitz jarraitzen dio jokamolde horri. Uztaia babesteko lana ez da ona izaten ari, eta aurrean nabaritzen da. Euroligako estreinaldian Baskoniak 50 puntu sartu zituen. Gasteizko taldearen Europako bigarren markarik txarrena erasoan. 2012-2013ko denboraldian liga erregularreko zazpigarren neurketan Zalgirisen aurka 45 puntu sartu zituzten, eta 82 jaso. Une zail hauetatik irteteko esperientzia behar izaten da. Baskoniak ez duen hori, Euroligan behintzat. Jokalari arabarrek soilik 598 partida jokatu dituzte guztira gorengo mailan, bakarrik Unics Kazan dute atzetik. Anadolu Efes txapeldunak, esate baterako, 1999. Ostiralean Milan jasoko du Baskoniak Buesa Arenan 20:00etatik aurrera. Alec Petersen beharra dauka erasoan Dusko Ivanovicek eta Wade Baldwinen bertsiorik onena beharko du. Baldwin aita izan berri da, eta taldera egokitzen joan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.