mikel reina
HIRUKOTIK

Aurreiritziak

2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ostegunean Buesa Arenan 5.426 ikusle egon ziren. Euroligako orain arteko zale kopururik txikiena izan zen. Ikusle gehien-gehienak Baskonia ikustera joan ziren. Haien talde kutunean bakarrik zituzten begiak. Baina bazeuden jokalari bati bakarrik begiratzen zioten begi batzuk. Brad Stevensenak ziren, Boston Celtics NBAko taldeko kirol zuzendariarenak, hain zuzen. Udan jauzi egin zuen aulkitik bulegora. Danny Ainge Jr. egon zen haren alboan. Abizenak dena dio: jokalari ohiaren semea da. Izen bakarra zeukaten buruan: Victor Wembanyama. Partida bukatzeko minutu bat falta zenean sakoneko lerrotik saskia txikitu zuen mutiko altu eta argal hura zen. 17 urte ditu, eta bi metro eta hogei zentimetro da luze. Giannis Antetokounmporekin eta Kristaps Porzingisekin alderatzen dute. Datorren urteetara begira etorkizuneko jokalaririk onenetako bat izan daiteke, eta NBAn badakite hori. 2023ko draft-ean lehen postuan hautatua izateko faborito nagusietako bat da frantziarra, eta Boston Celtics aurrenekoetako bat izan daiteke aukeratzen. Wembanyamak Euroligako bere norgehiagokarik onena jokatu zuen Baskoniaren aurka. Haren markarik onenak eskuratu zituen bederatzi ataletatik zazpitan: hamar puntu sartu zituen, bost errebote jaso, eta hiru txapel jarri; hori guztia, 21 minutuan.

Harrobiak. Munduko ligarik onenak ondo baino hobeto daki zeintzuk diren Europako harrobirik onenak harribitxiak aurkitzeko. Horietako bat, zalantzarik gabe, Buesa Arena da. Gaur egun, zaharkituta dago harrobiaren kontzeptu klasikoa. Mundu globalizatu honetan harrobiak mapako edozein lekutako jokalariz osatuta daude. Baskonian aritutako 11 jokalarik zeharkatu dute Ozeano Atlantikoa zuzenean. Lehena, Andres Nocioni izan zen, eta azkena, Luca Vildoza. Wembanyama ikustera etorri ziren berek, agian, Steven Enoch ere aztertu nahiko zuten. Pibotak 16,6 puntu saskiratu ditu batez beste Euroligako azken sei partidetan. Horrela jarraituz gero, ez du asko iraungo Gasteizen. Azken sasoietan, Baskonia Europako talde onenetara jauzi egiteko tranpolina bilakatu da. Gainera, Enochek beste askok ez duten zerbait du: Armeniako pasaportea du. Horrek urrea balio du egun. Estatubatuarra Obradoirotik irten den enegarren pibota da. Santiagon ezohiko harrobia eratu dute. Galiziako hiriburuan AEBetako unibertsitateetatik zuzenean Europara datozen jokalariak dituzte begiz jota, pibotak eta jaurtitzaileak batik bat: Salah Mejri, Matt Thomas, Maxi Cleber eta Mike Muscala dira horietako batzuk.

Ordezkoak. Bilbo Basketek denboraldia hasita ordezkoak aurkituz osa dezake harrobia. Gutxitan izaten da hori berri ona, lesioak edo egokitzapen arazoak egoten direlako tartean. Rafa Pueyo kirol zuzendariak, ordea, begi zorrotza dauka epe laburreko fitxaketak egiten. Baskoniaren aurkako larunbateko derbian Khyri Thomas izan zen Bilbo Basketeko jokalaririk onena: 23 puntu sartu zituen. Aurkezpen egun ona izan zuen estatubatuarrak. Andrew Goudelockek ez bezala, kantxako bi aldeetan lagun dezakeen aurreiritzia indartu zuen. Stefan Penok nahi eta behar baino minutu gehiago jokatu behar izan zituen, taldeko antolatzaile bakarra baita: Ludde Hakanson eta Jonathan Roussell min hartuta daude. Berriro merkatura jo beharko du klubak. Minutu gehien jokatu zituen bigarren jokalaria izan zen. Oro har, derbian Wade Baldwin Baskoniakoa egon zen gehien kantxan, eta onena ere izan zen, gainera: 30eko balorazioa. Bizkaitarrek 2007-2008ko sasoian lortu zuten azken garaipena Buesa Arenan, Neven Spahija aulkian zela. Entrenatzaile kroaziarrarekin Baskoniak beste izaera bat erakutsi du, lehiakorragoa; finean, betikoa. Hori eta gehiago beharko dute aste honetan Turkian jokatuko dituzten bi partidetan. Gaur jokatuko dute lehena, Anadolu Efesen kantxan (18:30, Dazn). Ergin Atamanen taldeak 83-140 irabazi zuen asteburuan, eta hemezortzi hiruko saskiratu zituen. Etzi, berriz, Fenerbahceri egingo dio bisita Baskoniak (18:45, Dazn). Euroligan bere onera itzuli dela erakusteko garaia da; udako aurreiritziak egia bihurtzeko garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.