mikel reina
HIRUKOTIK

Mundu madarikatua

2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Erregea, beti errege. LeBron Jamesek NBAko bere hamargarren finala jokatuko du, Mendebaldeko Konferentziako finalean Denver Nuggetsi 4-1 gailendu ondoren. Kaliforniako taldeak hamar urte ez duela kanporaketetako finalik jokatu. 2010ean, Boston Celtics izan zuten aurrean Lakersek. Orain, ordea, Miami Heat. Kobe Bryanten heriotzaren denboraldian, badirudi bere talde kutunaren ibilbidea aurretik idatzita dagoela. «Lana ez da amaitu», adierazi zuen Jamesek finalerako sailkatu berritan. Ez zuen ospatu, burua eta bihotza jokoan baititu beti. Azken hamar urteetan bederatzi final jokatzea ez da nahikoa. Zorretan dago bere barrenean Bryantekin, eta zer hobeto NBAko eraztuna Los Angelesera itzultzea baino. Duela hamar urte, Bryant izendatu zuten finaleko jokalari onena. Aurten, 23 zenbakidunak irabaziz gero, finaleko jokalari onenaren saria hiru talderekin irabazten duen lehena bilakatuko litzateke.

James erregea-ren hamargarren finala da: NBAko 27 taldek baino final gehiago jokatu ditu hegalekoak. 27 taldek hark baino final gutxiago jokatu dituzte beren historia luzean. Erraz esaten da. Hiru talde bakarrik heldu dira final gehiagotara: Los Angeles Lakers (32 aldiz), Boston Celtics (21) eta Golden State Warriors (11). Bidean geratu dira Miami Heat aurtengo bere aurkaria, Greg Popovichen San Antonio Spurs eta Michael Jordanen Chicago Bulls: sei aldiz ailegatu ziren guztiak finalera. Jokalariei dagokionez, bakarrik hiru dira hamar finalera iritsi direnak: Bill Russell, Sam Jones eta Kareem Abdul-Jabbar. 35 urterekin, Jamesen ahalmenak ez du etenik, nahiz eta tituluetan edo zenbakietan ez adierazi. Liga erregularrean bigarren plano batean geratu da, kameretatik urrun, Anthony Davisen itzalean, kanporaketetan dena emateko: 26,7 puntu, 10,3 errebote eta 8,9 asistentzia lortu ditu, batez beste. Adin berberarekin, esaterako, Jordan erretiratuta zegoen, Larry Birdek sasoi amaieran utzi zuen, eta Wilt Chamberlainek ibilbideko zenbakirik baxuenak lortu zituen. «Mundu madarikatu honetako jokalaririk onena da», esan du Danny Green haren taldekideak.

Bideraezina. Urriarekin batera, bueltan dira Europako txapelketak. Eurokopa gaur hasiko da, Euroliga etzi, eta astebururako 2019-2020 sasoiko Txapeldunen Ligako Zortziko Finala. Zaleak pozik daude, baina entrenatzaileak urduri. Orain arte COVID-19aren pandemiagatik atzeratutako partidek egutegian malgutasuna zuten, ez zegoelako liga aparteko beste txapelketarik. Kito. Europako lehiaketak hastearekin batera amaitu dira entrenamendu aste luzeak; orain, lau bidaia eta hiru partidetako asteak hasiko dira. Txapelketa batzuek lehiaketa sistema eraberritu dute, gaur egungo pandemia egoerara ahalik eta hobekien egokitzeko. Beste batzuek, ordea ez; gizonezkoen Euroligak, adibidez. Momentu honetan bideraezina dirudi azken urteetako liga erregularreko egutegia mantentzea: 34 jardunaldi gehiegi dira. Zaleentzako erakargarria da, baina erokeria hutsa da. Eurokopan ere ez da aldaketarik izan. Hamalau herrialdetako 24 taldek jokatuko dute, bakoitza pandemia bere erara sufrituta. Nahiz eta segurtasuna handia izan, zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta kutsatzeko arrisku handiagoa izango da. Gainera, alternatibak egon badaude.

Emakumezkoen Euroligan, esate baterako, ACB ligan eta NBAn hain emaitza ona izan duten burbuilen sistema erabiliko dute: zortzi taldeko bi multzo izan beharrean, lau taldeko lau multzo osatu dituzte. Aste baterako, bi burbuila antolatuko dira multzo bakoitzerako, egoitza desberdinetan, eta aste bakoitzean taldeek hiru partida jokatu beharko dituzte; hau da, joaneko eta itzuliko hiru neurketa. Herrialdeetako ligek sufrituko dituzte zehar kalteak. Gernikak urtarrilean ekingo dio urrian hasi beharreko Eurokopari. Beste aukera bat kontserbadoreagoa da. Bilbo Basketek ere bere egutegia berrantolatu behar izan du. Urriaren 13an ekin behar zion Txapeldunen Ligari, baina momentuz, ez dago data berririk. Emakumezkoen Euroligan bezala, multzo txikiagoak osatu dira, partida kopurua murrizteko intentzioarekin. Bizi dugun momentu madarikatu honek sistemaren aldaketa bat eskatzen du. Ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.