mikel reina
HIRUKOTIK

Mugak

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Lehentasunak. Azken polemika: FIBA Leihoak. Beste behin. Duela pare bat aste Hirukotik-ek aipatu zuen ez zela garairik onena martxan jartzeko eta bidaiak egiteko. Orduan emakumezkoak izan ziren, eta, zorionez, talde denetan zegoen beldur hori ez da egia bihurtu, Caceresen izan ezik. Extremadurako (Espainia) taldeak positibo ugari antzeman zituen bidaien itzuleran, eta ezin izan zituen hurrengo bi partidak jokatu. Orain bestelako burbuila batean sartuko dira emakumezkoen ligako bi talde: Avenida eta Girona. FIBAk Euroligako lehen hiru burbuiletako bat antolatu du aste honetarako, eta zortzi taldeko bi multzo izan beharrean, lauko lautan utzi dituzte. Proba garrantzitsua izango da FIBArentzako, Lointek Gernika Bizkaiak parte hartzen duen Eurocupen ere burbuilen sistema ezarri baitute. Bigarren txapelketa horretan, ordea, burbuila batean eta hiru partidetara jokatuko da multzokako fasea. Mutiletan ere aldaketak egon dira Eurocupen, kanporaketen datak aldatu dituztelako atzeratutako norgehiagokak jokatzeko epea zabalduz. Malgutasuna.

Maletak. Fenerbahcek ostiral arratsaldean jokatu zuen Euroligako 11. jardunaldia Istanbulen Valentziaren aurka. Udaz geroztik Igor Kokoskov da talde turkiarreko entrenatzailea, Sasha Obradovicek utzitako lekua hartu baitu NBAko lehen head coach europarrak. Aldi berean, Serbiako Selekzioko hautatzaile da. Selekzio hori asteartetik dago bilduta Finlandian, non FIBA Leihoetako bi partida jokatu dituzten 2022ko Eurobasketean parte hartzeko. Kokoskovek, berak presentzialki, entrenatu ez duen talde bat gidatu zuen larunbat eta atzoko norgehiagoketan. Maletak beti prest eduki behar ditu entrenatzaileak, onerako edo txarrerako.

Fenerbahceko Meli Mahmutogluk bestelako erabaki bat hartu zuen. Soldata ordaintzen dion taldea alde batera utzi zuen Turkia bere herrialdeko selekzioarekin aritzeko; gorabehera asko izan ditu Leiho hauetan. Entrenamenduak hasi baino egun gutxitara orain arteko hautatzailea zen Ufuk Sarica kaleratu zuten. Arrazoia? Shane Larkin talderako ez aukeratzea. Turkiako Federazioak jokalari estatubatuar ugari nazionalizatu ditu azken urteotan; azkena Baskoniako jokalari ohia. Apustu garrantzitsua da. Antolatzaileak, ordea, berandu hasi du denboraldia, minduta egon baita eta oraingoz ez dago bere joko mailarik onenean. Bulegoetako trajedunek hartu zuten erabakia, txandala janzten duenak baino. Horrenbestez, Larkin ostegunean Euroligan aritu zen Efesekin, eta ostiral eta igandean, Turkiako bere talde berriarekin. Antolatzaileak Ergin Ataman bere klubeko entrenatzailearen erabateko ulermena zuen: «Euroligak eta FIBAk konponbide bat aurkitu behar dute. Jokalariek haien herrialdeekin jokatu nahi dute. Saskibaloiaz gozatu nahi dugu eta saskibaloia ez da bakarrik Euroliga».

Lizentziak. Joan-etorri hauetaz kexu agertu zen Ondrej Balvin. Bilbo Basketeko pibotak bromatzat hartu zuen jokalariek horrelako lizentziak edukitzea pandemia egoera batean. «Euroligako jokalariek ia egunero pasatzen dituzte PCR probak». Hori izan zen jaso zuen azalpena. Ez zen nahikoa izan Txekiar Errepublikako jokalariarentzat. Azkenean bakoitzak bere interesak babesten ditu. Axel Toupanek ere berea egin du. Frantziarekin bilduta zegoen hegalekoa, baina alde egitea erabaki du

NBAko Golden State Warriorseko entrenamenduetara batzeko. FIBA Leihoak beti egonen dira polemikaz inguratuta. Ikuslearentzako interes gutxiko partidak izan ohi dira, izen aldetik ez dagoelako izarrik. Hala ere, asko dago jokoan, gehiegi akaso. 2019ko Txinako Mundialerako sailkatze fasean estreinatu zen formatu berritzaile hori, eta, besteak beste, Bogdan Bogdanovicen Kroazia, Kristaps Porzingisen Letonia eta Luka Doncicen Eslovenia geratu ziren kanpoan. Azkenaldian hainbeste goraipatu den Esloveniaren kasua, adibidez, argigarria da. 2 milioi biztanle eskaseko herrialdea eta kirol ezberdinetako talentu handien jaiolekua: Tadej Pogacar, Primoz Roglic, Luka Doncic eta Jan Oblak. FIBA leiho hauek, berriz, ez diote mesederik egiten, talentuak muga laburragoak eta txikiagoak baititu Eslovenian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.