mikel reina
HIRUKOTIK

Ondorioak

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da Baskoniaren denboraldia Euroligan. Beraz, ondorioak ateratzeko une aproposena da. Kanporaketetarako ez sailkatzea porrota dela esan daiteke? Egiari zor, lehen zortzi postuetatik ezin gertuago geratu dira, ate joka, bederatzigarren. Zenbaki hutsak ikusita, gasteiztarrek hamabi partida irabazi dituzte, eta bederatzi galdu. Garaipenetako bederatzi Buesa Arenan heldu dira; ez da erreferentzia txarra. Gasteiztik urrun, aldiz, hiru garaipen besterik ez du lortu; oso zaila da etxetik kanpo garaipenak pilatzea, horrek zehazten du azken batean talde baten etorkizuna: Berlinen, Munichen eta Lyonen bakarrik nagusitu da Baskonia. Hori bai, martxoaren 22ko erabakia kontuan eduki behar da. Arabarrek Errusiako taldeen aurka jokatuak zituzten lau partidak galduak zituzten; beraz, haien kaleratzearen onuradun nagusietako bat izan ziren, zalantzarik gabe. Jauzia egin zuten sailkapenean, eta bizirik heldu azken jardunaldietara.

Denen ahotan. Esan daiteke unerik gozoenean amaitu dela Euroliga Baskoniarentzat. Denboraldi osoan lehen aldiz, Zalgirisen aurka, Baskoniako zazpi jokalarik sartu zituzten hamar puntu baino gehiago; gainera, 30 asistentzia banatu zituzten. Marka da. Hala ere, jokalari baten inguruan dago menpe jokoa. Denen ahotan egon dena: Wade Baldwin. Nahi duenean jokatzen duten jokalari horietako bat da, momentuko jokalaria da, egunaren araberakoa. Eta hori asko igarri du taldeak, gehiegi. Azkenean, estatistikei erreparatuta, Municheko Bayernen baino puntu gutxiago sartu ditu —15,1 puntutik 14,3 puntura—, baina errebote gehiago jaso ditu —hiru errebotetik 3,6 errebotera—, eta asistentzia gehiago banatu —lau asistentziatik 4,4ra—.

Jokalari bereizgarria da estatubatuarra Euroligan, geldiezina: saskibaloirako fisiko pribilegiatua dauka. Burua falta zaio, ordea. Horrelako jokalari bati erregulartasuna eskatu behar zaio. Beste horrenbeste eskatu behar zaio Rokas Giedraitisi. Hotz utzi nau bere denboraldiak. Beste zerbait espero nuen harengandik, aurrerapauso bat, akaso. Jaurtitzaile bikaina dela ondo baino hobeto dakigu, baina bere jokoa hiruko marratik harago eramatea nahiko nuke. Haren zenbakiek ere behera egin dute. Iazko udan ez zien kasurik egin NBAko deiei, eta horren ostean bestelako maila bat espero zen harengandik; espero bai, baina heldu ez.

Bertan geratzeko heldu dena Steven Enoch izan da. Estreinako denboraldia izan du gorengo mailan, eta erantzun egin du. Pibotak erakutsi du urte askorako jokalari handia dela; Baskoniarentzako albisterik onena izan da. Begia beti bezain zorrotz mantentzen du Alfredo Salazarrek. Haren pasaportea, gainera, opari bat da —Armeniako herritartasuna du—. Esango nuke udako aurreiritziak ez direla bete, gehiago egiteko izenak egon badaudelako. Kanaria Handiaren aurkako porrotaren ostean, oraindik asko borrokatu beharko du Baskoniak ligako kanporaketetan sartzeko.

Aukerak. Baskoniak ez du Euroligako azken jardunaldia jokatuko, CSKA Mosku baitzuen aurkari. Kanporaketak zehaztuta daude, ordena falta da soilik. Nabarmentzekoa da Monako sailkatu izana. Eurokopatik jauzi eginez zortzi talde onenen artean sartzen den lehendabiziko taldea bilakatu da. Mike Jamesek, zeinek Wade Baldwinen antzeko jokalaria portaera du, berriro lortu du. Onenetarikoa da, nahiz eta askoren gustukoa ez izan. Ulergaitza da, eta horrek egiten du bakarra. Monakoren sailkapena pentsa baino garrantzitsuagoa da. Eurokopako txapelduna bakarrik lehiatuko da 2022-2023ko denboraldian Euroligan. Edo ez. Jordi Bertomeu zuzendari nagusiak argi utzi du: «Oso zaila izango da Errusiako taldeak txapelketara itzultzea». CSKA Mosku da A lizentzia duen bakarra, Zenitek gonbidapena baitu, eta Kazan Eurokopatik sailkatu baita. Adierazpen horiek ate asko zabaltzen ditu. Kontuan edukita hemezortzi taldeko liga erregularra mantendu nahiko dutela, bi hutsune geratzen dira betetzeko, bat Eurokopako txapeldunarentzat izango baita. Ikusi beharko da zelan banatuko dituzten: kantxan, Europako bigarren txapelketako azken sailkapenaren arabera; edo kantxatik kanpo, gonbidapenen bidez. Bolognako Virtus, Belgradeko Partizan edo Valentzia kirol egitasmo handiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.