mikel reina
HIRUKOTIK

Arraroa ez, ezberdina

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Salbuespenak. Ezohiko denboraldia da hau Euroligan. Ezohikoa arlo guztietan, kontrola ezinezko faktore gehiegi dauzkalako. Datak gora eta behera, atzeratu beharreko partiden zerrendak gero eta izen gehiago ditu. Hasieran Khimki eta Zenit izan baziren, orain Asvel Villeurbanne eta Alba Berlin dira iragan asteko jardunaldian etxean geratu zirenak. Harmailak hutsik ikustea da bestea. Buesa Arena bezalako pabiloi batean 15.000 pertsonatik 400 ikusle egotera pasatzea hutsik ikustea delako. Txapelketari xarma kentzen dio. Ez da gauza bera, inondik inora ere ez.

Baina arau guztien barruan salbuespenak daude, baita harmailetan ere. Zalgiris Kaunasek 5.000 zale sartu ditu batez beste pabiloian Euroligako azken bi neurketetan, Anadolu Efesen eta Valentziaren aurka, hain zuzen ere. Zalgirio Arena Europako kantxa beroenetariko bat da, baita taldearen seigarren jokalaria ere. Jakina da Lituanian saskibaloia kiroletik harago doan gai bat dela. Kultura da, eta pilota laranjari kultua diote. Pandemia egoera honetan Europako herrialde bakoitzak bere egoera propioa dauka. Izan ere, ez da bera Italia, Errusia edo Turkia. Horretaz kexu zen Ergin Ataman Anadolu Efeseko entrenatzailea. Denok edo inork ez.

Zalegoaren garrantzia agerian geratu da ezohiko egoera honetan. Datuek ez dute gezurrik esaten. Aurreko denboraldiko lehen bost jardunaldietan, hau da, aurreneko 45 neurketetan, kanpoko taldeek hamabost garaipen lortu zituzten: heren bat, hain zuzen. Aurten, denbora tarte berberean, baina norgehiagoka gutxiago jokatuta, 38 besterik ez, dagoeneko hemezortzi garaipenek ihes egin diete etxeko taldeei, ia erdiek,% 47k. Etxeko partiden faktorea kenduta, 2020-2021eko denboraldiko Euroliga inoiz baino irekiagoa dago. Atentzioa ematen du Bayern Munich eta Zalgiris bera sailkapeneko lehen bi postuetan ikusteak. Biek ala biek dute entrenatzaile berria, eta biak ala biak ari dira oso joko ona egiten. Atzean, aldiz, Atamanen Anadolu Efes eta Real Madril daude, hau da, azken sasoiko lehen bi sailkatuak txapelketari amaiera jarri zitzaionean. Talde bakarrak ez du neurketarik galdu; Zenitek, baina Errusiako taldeak bi partida baino ez ditu jokatu. Euroliga ezberdina eta ezohikoa da aurtengoa.

Zenbatezina. «Saskibaloian jokatzen jarraitu nahi dut». Saskibaloian jokatzeko ez dago adinik, ezta mugarik ere. Esan bestela Luis Scolari. Bai, Baskoniaren aro gogoangarrienetako jokalari garrantzitsuenetako bati: ACB liga bat, hiru Kopa eta beste hiru Superkopa irabazi zituen Gasteizen. Legenda bat da. 40 urte izanagatik ere, bikain ari da, Laia Palau edo Sue Birden moduan, gorengo mailan. Duela urtebete saskibaloizale guztien bihotzeko koska bat hartu zuen Txinako Munduko Kopan Argentinarekin hamaika erakustaldi eginda. Ez sinistekoa izan zen. Hiru hilabete egon zen bere etxean gau eta egun lanean, eta hortxe emaitza: txapeldunorde eta bosteko onenaren sari preziatua. Konfiantzaz gainezka, Euroligara egin zuen jauzi, Milanera. Bertan erakutsi zuen oraindik asko zuela emateko. Denboraldi amaieran, ordea, ikusi zuen Euroligak exigentzia fisiko handia zuela, eta sasoiz ondo mantendu arren, bestelako erritmo bat bilatu zuen. Gasteizen baten batek zalantzarik gabe ekarriko zuen bueltan. Baina bideraezina izan zen. Ezta aurkari bezala ez zuen jokatu Buesa Arenan ere: Euroliga pandemiagatik eten zenean, soilik hiru jardunaldi falta ziren haren bisitarako. Txalo zaparrada ziurtatuta zeukan.

Koronabirusak eragindako hain uda arraro honetan argentinarrak saskibaloian jokatzen jarraitu nahi zuela argi zeukan, eta ez zen oso urrutira joan. Italian geratu zen, Lombardian bertan. Iparralderago jo zuen, eta Varese talde historikora batu zen. «Niretzat talde perfektua da», esan zuen. Tokioko Olinpiar Jokoetarako prestakuntza lana izango zela zioten. Baina errealitatea bestelakoa da. Varesen, lorategien hirian, sustraiak bota nahi zituen, eta bere loreak erakutsi. Denborak arrazoia eman dio: 22,4 puntu eta 6,6 errebote lortu ditu batez beste lehen bost jardunaldietan. % 52,5 biko jaurtiketetan eta % 42,9 hirukoetan. Horra haren datuak. Ligako saskiratzailerik onena da 40 urterekin. Adina zenbaki huts bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.