Koronabirusa

Bigarren olatua, apar betean

Azken bi asteetan %5 handitu da Hego Euskal Herriko intzidentzia. Azken astean indarra galdu du, batik bat Nafarroan, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hazten segitzen du, motelago bada ere

joxerra senar
Iruñea
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko erakundeek neurri gogorrak hartuagatik, kostatzen ari da kutsatzeen goranzko joera iraultzea. Urriaren 29tik hona, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa %5 igo da, eta, azken astean, oraindik ere igo eta igo ari da, azaroaren 4tik %0,4 handitu baita. Atzo bertan, 1.643 positibo zenbatu zituzten Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak, aurreko hamalau egunetan izandako 1.690eko batezbestekotik oso gertu. Datu guztiok adierazten dute bigarren olatua apar betean dabilela oraindik. Ipar Euskal Herrian ere bai. Hango daturik ez dago, eta Akitania Berriak asteko datuak gaur emango ditu, baina iragan asteko datuetan, Pirinio Atlantikoak departamenduak joera kezkagarria ispilatu zuen: urriaren 18tik azaroaren 1era 6.230 positibo detektatu ziren; ordura arteko hilabete guztietan atzemandako 6.408 kasuak adina, ia-ia.

Apar betean jarraituagatik, olatuak apur bat indarra galdu du, eta lurraldekako datuetan islatzen da argien. Nafarroan, adibidez, urriaren 22an itxi zen lurraldea osorik, eta ostalaritza pertsianak jaistera behartu zuten. Azken bi asteetan, berriz, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa %36 beheratu da, eta jaitsiera hori batik bat azken zazpi egunetan indartu da, azaroaren 4tik %29 jaitsi baita.

Eusko Jaurlaritzak urriaren 26an mugatu zuen mugimendua,eta iragan astean behartu zuen ostalaritza ixtera. Ordurako, bigarren olatua indarra hartzen hasia zen. Izan ere, azken bi asteetan, Araban %24 handitu da intzidentzia, Bizkaian %31 eta Gipuzkoan %62. Apurka, neurriek eragin dute, eta, oraingoz, kutsatzeen erritmoa geldotzea lortu da, nahiz eta ez den jaistea lortu: azken zazpi egunetan, Araban %12 handitu da intzidentzia, Bizkaian %18 eta Gipuzkoan %10. Joera hori islatu zuten, ondorioz, atzoko eguneko datuek: Araban 126 kasu atzeman ziren, Bizkaian 663, Gipuzkoan 601 eta Nafarroan, 234.

Ipar Euskal Herrian, berriz, Pirinio Atlantikoetako datuak eguneratu zain, bilakaera kezkagarria da. Urriaren 18an aurreko zazpi egunetako 100.000 biztanleko 224 positiboko intzidentzia zuen, eta azaroaren 1ean 521,7raino igo zen. Gainera, lehen olatuaren unerik okerrenean baino ia lau bider pertsona gehiago daude ospitaleratuta: 362, astearteko datuen arabera. Ipar Euskal Herriko ospitaleetan, oraintxe, 66paziente daude. Baionako ospitaleko komunikazio zerbitzuaren arabera, 57 paziente artatzen ari dira koronabirusagatik. Horietako zortzi suspertze zerbitzuan dira. Beste 38 paziente COVID-19 unitate berezituetan dira; eta 11 segida eta berregokitze zerbitzuan —indarberritze lanak egiten dituzte bertan, ondorioak pairatzen dituzten pazienteendako—. Gainera, Donapaleuko ospitalean, bederatzi pazientek dute gaitza.

Hego Euskal Herrian,oraintxe, 712 pertsona daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetako gela arruntetan, aurreko egunean baino 29 gutxiago —horrek esan nahi du, oro har, sartzen direnak baino gehiago direla ospitaletik sendagiriarekin ateratzen direnak—. ZIUko oheetan, berriz, guztira 197 pertsona daude, aurreko egunean baino bost gutxiago. Nafarroako Gobernua jakinarazi zuen azken egunetaraino zortzi gizon emakume hil direla, 74 eta 97 urte artekoak. Halaber, Bizkaiko foru aldundiaren arabera, azken orduetan bi pertsona zendu dira zahar etxeetan. Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 1.084 lagun hil dira adineko egoitzetan orain arte; 214, bigarren olatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.