Tornike Xengelia. Kirolbet Baskoniako jokalaria

«Gaizki hasiz gero, Euroligak jota uzten zaitu amaierarako»

Kirolbet Baskoniak gaur ekingo dio Euroligari, Kaunasen. Txapelketa «berezia» dela onartu du Tornike Xengelia kapitainak, eta «oso gustuko» duela. Uste du faboritoak «betikoak» direla, baina ezustea emateko ilusioa dute.

AITOR BOUZO.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldian lesio luze bat izan eta gero, sasoi betean ekin dio honi Tornike Xengeliak (Tiflis, 1991), Baskoniako kapitainak. Taldea egokituz doala nabarmendu du, eta hori egin ahala denboraldi ona egin dezaketela uste du.

Nola ikusi duzu taldea sasoi hasiera honetan?

Taldeak berrikuntza dezente izan ditu, eta egokituz joan behar dugu. Baina ondo aritu dela iruditu zait. Estudiantesi ondo irabazi genion, eta Bartzelonaren kontrako porrota pena izan zen. Eskura izan genuen garaipena, baina, akats txikiengatik, luzapenera joan ginen. Horretan haiek nagusi izan ziren. Hutsegite txiki horiek, ziurrenik, eskarmentu eta egokitzapen falta horrengatik gertatu ziren. Ikastea eta hobetzea besterik ez zaigu geratzen. Baina lehiatzeko izan genuen gaitasuna eta jarrera nabarmenduko nituzke, Bartzelona estu hartzeko gai izan baikinen. Horrela segitu behar dugu.

Eta zu, zer moduz zaude?

Ondo nago. Denboraldi aurrean ez dut gorabeherarik izan, eta, taldeak bezala, lan ona egin dudala uste dut. Hori oso inportantea da. Fisikoki eta psikologikoki sasoi betean nago.

Denboraldi hasierako albiste txarra Jayson Grangerren lesioa izan da. Orpazurda apurtu, eta sei hilabete emango ditu jokatu gabe. Nola eragin diezazueke horrek?

Kolpe gogorra izan da. Bi denboraldi daramatza hemen, eskarmentu handia du, eta oso barneratua du taldearen jokatzeko era. Jokalari garrantzitsua da guretzat. Neuri, gainera, dezente eragin dit. Aurreko denboraldian biak egon ginen denbora luzez min hartuta, eta osatzeko ahalegin handia egin zuela ikusi nuen. Irrikaz zegoen denboraldi honetan ahalik eta hoberen aritzeko. Orduko momentu asko etorri zaizkit burura egun hauetan. Baina jokalari eta pertsona kementsua da, eta ziur nago hau ere gaindituko duela, eta indartuta itzuliko dela.

Pierria Henry ere kili-kolo egon da. Baina, orain, hark eta Luca Vildozak minutu gehiago jokatuko beharko dituzte. Prest ikusten dituzu?

Bai, zalantzarik gabe. Jokalari oso onak dira, eta gu, gainera, ondoan izango gaituzte. Denen artean lagundu behar diegu, eta gidaritza horretan gauzak erraztu.

Gaur ekingo diozue Euroligari.Gogoz al zaudete txapelketari ekiteko?

Bai, ilusio handiz. Txapelketa oso erakargarria da; partida guztietan giro berezia izaten da, eta goi mailako aurkariak dituzu aurrean. Ezin da gehiago eskatu.

Sasoi honetan lau jardunaldi gehiago izango ditu ligaxkak: 34. Ez al zaizue luzeegia egiten?

Argi dago luze jotzen duela, eta jokalari gutxiago ditugun taldeentzat gogorragoa da. Guretzat, adibidez, funtsezkoa da xehetasunik txikiena ere zaintzea: bidaien antolaketa, atsedena, txandakatzeak, elikadura... Baina nik, behintzat, nahiago dut txapelketa eredu hau. Jokalarioi gustatzen zaiguna jokatzea da, eta nik disfrutatu egiten dut astean hiru neurketa izanda.

Aurreko bi denboraldietan Lauko Finalean sartzeko atarian geratu zineten. Zer egin behar duzue honetan balentria hori lortzeko?

Ondo hastea ezinbestekoa izango da. Aurreko bi denboraldietan ez zen hala izan, eta hori zama handia izan zen txapelketa guztian zehar. Ahalegin handia egin behar izan genuen, ligaxkako zatirik handienean zortzigarren eta hamargarren postuen arteanegon ginelako. Gaizki hasiz gero, Euroligak jota uzten zaitu. Lesioekin ere ez genuen zorterik izan, eta jokatzeko moduan egon ziren taldekideek minutu asko jokatu behar izan zituzten. Oso nekatuta amaitu genuen, eta CSKAren aurkako kanporaketan ondo lehiatzeko gai izan ginen, baina ahalmen fisikoa falta izan zitzaigun. Oraingo honetan, gure helburua da ondo hastea, eta ahalik eta azkarren lehen zortzien artean egonkortzea. Horrek lasaitasuna emango digu, eta egin beharko dugun ahalegina ere ez da berdina izango.

Ez duzue hasiera erraza, hala ere. lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatu behar baitituzue: Zalgirisen, Khimkiren eta Fenerbahceren kontra. Zein traza hartzen diozu hasiera horri?

Argi dago ez dela erraza izango, etxean aurkariek asko estutzen baitute, eta Zalgirisek, Khimikik eta Fenerbahcek oso talde indartsuak baitituzte. Baina ez dugu horretan pentsatu behar. Geure buruari erreparatu behar diogu, eta gure jokoa egin. Hala egiten badugu, aipatu bezala, edozeinen aurka lehiatzeko gai gara. Horretan sinetsi behar dugu, eta talde moduan lan egin.

Asko aipatu dira Bartzelonak eta Armani Milanek egindako fitxaketak. Euroliga irabazteko faborito izan daitezkeela uste duzu?

Oso txapelketa luzea da, eta zaila da orain aurreikuspenak egitea. Taldeon jarduna baldintza dezaketen gauza asko gerta daitezke denboraldian zehar. Baina betikoak ikusten ditut faborito:CSKA, Real Madril, Fenerbahce... Argi dago Bartzelona eta Armani oso ondo indartu direla, eta horiek ere hautagai direla. Gu ez gaituzte faboritotzat jotzen, baina nik uste osoa dut gure taldean.Hor egoteagatik borrokatuko gara.

Nolako partida espero duzu gaur, Zalgirisen kontra?

Aurkari gogorra da, eta ez da norgehiagoka batere erraza izango. Batez ere etxean, asko estutzen du. Oso entrenatzaile ona dute: Jasikevicius. Teknikoki gaitasun handia du, eta zorrotz prestatzen du partida bakoitza. Baina aurreko sasoian gai izan ginen han irabazteko, eta asmo berarekin goaz. Bizkor jokatu nahi dugu erasoan, eta, ohi bezala, defentsan zorrotzak izan. Horiek dira gure ezaugarriak. Gainera, beti da atsegina saskibaloia hain sustraituta dagoen hiri eta pabiloi batean jokatzea. Alde horretatik antz handia du Gasteizekin. Euroligako nire kantxa gustukoenetako bat da, eta asko disfrutatzen dut han jokatzen.

Euroligako talde gehienek ahalmen handia dute barruko jokoan. Zuek, ordea, joko horretan funtsezkoak ziren bi jokalari galdu dituzue: Vincent Poirier eta Johannes Voigtmann. Nola ordezkatuko duzue haien ekarpena?

Vincent eta Johannes funtsezko jokalariak ziren, eta kalitate handia zuten. Baina etorri direnak ere hala dira, eta uste dut asko emango digutela. [Micheal] Eric ezagutzen nuen, eta uste dut geldikako jokoan asko emango digula. Yousuffarengandik [Fall], berriz, gehien harritu nauena da oso garaia dela, baina aldi berean oso bizkorra.

Nola ari dira egokitzen fitxaketak?

Ondo. Batzuek ez dute eskarmenturik ACB ligan, eta beharbada denbora gehiago beharko dute moldatzeko. Baina ondo ari dira barneratzen entrenatzailearen jokatzeko era, eta, horretara egokituz joan ahala, haien ekarpena handituz joango da, eta gu ere talde batuagoa izango gara. Hori da behar duguna gauzek behar bezala funtziona dezaten.

Taldea hainbeste aldatu dela kontuan hartuta, oso Baskonia desberdina ikusiko da denboraldi honetan?

Orain arteko talde bizkorra izaten segitu nahi dugu. Kontraerasoa da gure indargune nagusia, eta defentsan zorrotzak izatea. Baina, aipatu bezala, Ericek eta Fallek aukera gehiago emango dizkigute geldikako jokoan, eta Ilimane [Diop] ere trebea da horretan. Kanpotik ere jaurtitzaile onak ditugu: Janning, Stauskas, Shields eta Garino, besteak beste. Hortik ere hauts ditzakegu partidak.

Zer helburu izan ditzake taldeak sasoi honetan?

Partidaz partida jarri nahi ditugu helburuak. Orain lanean ari gara talde baten mekanismoak hartzeko, eta pixkanaka multzo baten moduan funtzionatzeko. Hortik aurrera, joango gara ikusiz denboraldia nola doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.