Ernesto Valverde: «Ez nuen uste itzuliko nintzenik»

Uriarte eta Valverde. M. DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ernesto Valverdek hirugarren aldia hasi du Athleticeko entrenatzaile gisa. Atzo aurkeztu zuten San Mamesen, Jon Uriarte presidentea ondoan zuela. Denboraldi baterako kontratua sinatu du.

Valverdek berak aitortu zuen «ezohikoa» dela pertsona bera hirutan aurkeztea. «Baina ohorea da berriz ere Athleticen aritzea. Erronka zaila da, eta presio handiagoa dut, hemen aritua naizelako, aurretik lortu dudanagatik eta hemengoa naizelako. Baina ilusioa egiten dit. Saiatuko naiz jendea harro egon dadila taldeaz».

Itzultzeko arrazoiaz galdetuta, esan zuen «erronkak erakargarria eta zaila» izan behar zuela, eta halakoa dela. «Ez nuen uste itzuliko nintzenik, baina itzuli naiz. Pozik nago. Kluba eta ingurua ezagutzen dut, baina hori ez da nahikoa lehiak aurrera ateratzeko. Lan handia dago egiteko».

Argi du zer nahi duten zaleek. «Bizi-bizi jokatzeak pizten ditu gure zaleak. Konkistatu egin behar ditugu». Horren harira, azpimarratu zuen jokamolde ezberdinetara «egokitu» beharko direla, eta garrantzitsuena taldeak «estilo ezaguna» izatea dela. Helburuaz ere mintzatu zen, eta esan zuen «ondo» legokeela Europarako sailkatzeko lehian aritzea. Ander Capaz eta fitxaketez, berriz, esan zuen bere iritzia duela, baina klubarekin hitz egin behar duela. Horren harira, Uriartek esan zuen aurki emango dituztela zenbait kirol erabakiren berri.

Valverde abuztuaren 15ean eseriko da berriz San Mamesen, Mallorcaren aurka (17:30). Bezperan, Reala Cadizen ariko da (17:30). Osasunak, berriz, ligako lehen partida jokatuko du, 12an, Sadarren, Sevillaren kontra (21:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.