KRITIKA. Musika

Etenik gabe

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano

Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Liana Gourdjia (biolina), Raphael Bell (biolontxeloa). Egitaraua: Ludvig va. Beethovenen 2. sonata biolin eta pianoarentzat (op. 17, 2. zb), 2. sonata biolontxelo eta pianoarentzat (op. 5, 2. zb) eta 6. Trioa (op. 70, 2. zb). Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 22.

XVIII. mendearen azken hamarkada aldaketa handiko garaia izan zela ez dago esan beharrik, baita musikari dagokionez ere, eta, batez ere, instrumentuen osaeran eta teknikan: pianofortearen garapenak, arku modernoen sorkuntzak eta interpretazio teknika berriek aukera ugari zabaldu zituzten musikari eta konpositoreentzat. Garai horretan kokatzen da Donostiako Viktoria Eugenia antzokira ekarri duten Beethovenen ganbera-musika ekoizpena, pianorako sonatak eta trioak eredu.

1797. eta 1798. urteen artean idatzi zuen Beethovenek 2. sonata biolin eta pianoarentzat, eta Antonio Salieriri eskaini zion op. 12.a osorik. Lehenengo Allegro vivace-ari tempo arinaz ekin zioten Julia Sicilianok pianoan eta Liana Gourdjiak biolinean, etenik gabe aurrera doan lokomotora balira bezala, elkar-ulertze sakona zegoelako giroa sortuz. Andante mugimenduan Gourdjiak —Musikenen graduondoko irakaslea denak— guztiz menderatu zituen soinu-planoak. Biek itxiera zehatza eta lasaia eman zioten sonatari Allegro piacevole bereziaren rondo atseginean.

Raphael Bell biolontxelo jotzaile estatubatuarra izan zuen Sicilianok lagun garai hartako Prusiako erregeari eskainitako 2. sonata biolontxelo eta pianoarentzat interpretatzeko. Bi mugimenduetan dago banatuta, etxeko kontsumo gisa konposatu zela esan genezake, nahiz eta lehen mugimenduaren sarrera luzeak berezko entitatea daukan. Allegro molto, più tosto presto, apika, motelegia agertu zuten Sicilianok eta Bellek, baina dinamiketan aberatsa, isiluneen eta pedalaren jolas eraginkorraz hornituta. Azken rondoa argia, betea, alaia izan zen.

Op. 70.aren bigarren trioa lehenengoa —Ghost deritzona eta ziklo honen aurreko kontzertuan eskaini zena— baino arinagoa da, egitura klasikoak gidatuta tentsioak eta kontraesanak bare mantentzen dituena. Hiru musikarien arteko oreka izan zen nagusi obra osoan zehar, lehen mugimenduaren fugatotik hasi eta atsedenik ematen ez duen azken Allegro-ra, Allegreto ma non troppo bigarren zatian biolontxeloa behe erregistroan distiratsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.