Ezarian. Zientzia

Zorrak kitatzen Alan Turingen mendeurrenean

Duela ehun urte jaio zen matematikariari aitorpena egin diote, Informatika Fakultateak antolatutako hitzaldietan
Alan Turingen eskultura.
Alan Turingen eskultura. JOHN CALLAS / CREATIVE COMMONS LIZENTZIAPEAN

Amaia Portugal -

2012ko azaroak 15
Alan Turing (Ingalaterra, 1912-1954) «pertsonaia madarikatua» izan zela dio Jesus Ibañez EHUko Informatika Fakultateko irakasleak. Homosexuala zelako gaitzetsia, haren ikerketa neurri handi batean isilpean gorde behar izan zelako gutxietsia, ez zuen aitorpen handirik jaso bere bizitza laburrean, eta merezi baino ezezagunagoa da oraindik ere.

Bigarren Mundu Gerraren bilakaeran, esaterako, zeresan handia izan zuen matematikari horrek, alemaniarrek enkriptaziorako baliatzen zuten Enigma makinaren mezuak dekodetzeko ezinbestekoa izan baitzen. Hala, haren jaiotzaren mendeurrena aitzakia hartuta, Alan Turing Urtea ospatzen ari dira aurten mundu osoan. Harekin zorrak kitatzen, nolabait. EHUko Informatika Fakultateak ere ekitaldi sorta antolatu du azken hamabostaldian. Testuinguru horretan, Turingen ondarea ulertzen izeneko hitzaldia eman du Ibañezek.

«Ez dago oso argi zeinek asmatu zuen konputagailua, baina informatikaren asmatzailea Turing izan zen, dudarik gabe», adierazi du EHUko irakasleak. Oharkabean, izan ere, 1936an Turingen makina deritzon kontzeptu teorikoa planteatu zuenean, informatika hitza bera ere sortu gabe baitzegoen.

Turingen helburua ez zen, berez, makina bat sortzea, edozer prozedura, edozer ezagutza mekanizatu ahal izatea baizik. Esaterako, garai hartan, egiari buruzko eztabaida sakona zegoen Europako zientzialarien komunitatean. Ba al dago egiarik? Frogatu al daiteke? Frogagarriak diren egia guztiak, gure esku al daude? Denak hartu, ukitu al ditzakegu? Turingek horri guztiari erantzuna eman behar zitzaiola planteatu zuen, eta prozedura mekanikoa garatzeko metodo orokorra definitzea izan zen horretarako urratu zuen bidea.

Zergatik makina bat, ordea, halako galderei erantzuteko? «Prozedura mekanikoa beharrezkoa zuelako», azaldu du Ibañezek. Izan ere, pentsaera zurruna zuen Turingek, gauzak hitzez hitz besterik ezin zituen ulertu, eta mekanizazioa aliatu ona zen horretarako.

Sinpletasuna

EHUko irakasleak azaldu bezala, kate-lanean inspiratu zen Turing. Hau da, autoak eraikitzen dituzten langileak bezala, hor ere elementu bakoitzak funtzio bakarra dauka, sinplea, eta ondoko elementuak betetzen du hurrengo funtzioa. «Horrelako sistemarekin, ariketa formalak egiteko behar zen manipulazio maila lortu zuen», azaldu du.

Izan ere, sinpletasuna da Turingen Makinaren ezaugarri gakoa. Ikurrak prozesatu eta kateko hurrengo urratsera mugitu, bi gauza horiek besterik ez ditu egiten elementuetako bakoitzak. Horrek unibertsal bihurtzen du: hain da sinplea prozedura, edozer funtziotarako, edozer makinarako da baliagarria. «Ez da inoiz asmatu Turingen Makinak baino gauza gehiago egin ditzakeen ezer», azaldu du Ibañezek.

Makina sinpleagoak egiteko saioak egin izan diren arren, ezinezkoa dela ikusi dute: Turingek planteatu zuen kontrol unitatea minimoa da, ezin da gehiago arindu. Ezin hobea da. Geroago sortu zen informatika, konputagailuak, superordenagailuak, sarea... Gailuen potentzia handitu da, baina, oinarri-oinarrian, kontzeptua ez da aldatu. Ibañezen arabera, «inork ez du espero inoiz egongo denik Turingen Makina baino konputagailu boteretsuagorik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna