Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro Kale kantoian bertsotan

Publizitatea

Bizigiro

Kale kantoian bertsotan

Agertokira itzuli dira Unai Iturriaga eta Igor Elortza 'Kargak & Deskargak' proiektuarekin, Rafa Rueda eta Josu Zabala lagun dituztela. Estreinakoa egin zuten atzo Baionako bestetan.
San Andres plazan egin zuten lehen geldialdia <em>Kargak & Deskargak</em> emanaldiarekin.
San Andres plazan egin zuten lehen geldialdia Kargak & Deskargak emanaldiarekin. BOB EDME
Udan herriz herri ibiltzeko xedearekin sortu dute Kargak & Deskargak bertso saio ibiltaria Igor Elortzak eta Unai Iturriagak. Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariak dituzte lagun abentura berri horretan. Atzo egin zuten estreina, Baionako bestetan, gazte asanbladak antolatuta. Gasteizen eta Lizarran egitekoak dituzte hurrengoak.

San Andres plazan jendea zain zegoela agertu ziren, kamiseta hori bat soinean, soinu ekipotik beren emanaldia iragartzeko soinu deia ateratzen zela: «Kargak eta deskargak, kale kantoian. Goikoak behean jarriz, eta behekoak goian». Saioan behin eta berriz errepikatu zuten leloa izan zen. Haien aurrean kaxa bat zutela kantatu zuten denbora guzian. Herri bakoitzeko antolatzaileei, hurrengo herrikoei opari edo mezuren bat emateko eskatu diete. Baionakoa lehenengoa izanik, Bilboko Algara eta Altza Porru konpartsek bete zuten kaxa lehen saioarentzat, azkenengoa beraiek antolatuko dute-eta.

Joko ugari eman zien kaxak saio guztian. Baionari agurra eginez, «hemen utzi zituen ETAk bere baionetak», kantatu zuen Elortzak, eta Iturriagak erantzuna, kaxa ez zekiela gazte asanbladakoei ala Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileari eman. Bide beretik segitu zuen ondoren ere: «Eta hor ikusten ditut, hainbat EHZko, hor bilbotarren dirurik bada agian beraientzako». Bertso jarriak eta bat-batekoak tartekatu zituzten denbora guztian, eta kanturik ere izan zen; lehen geldialdian, Rafa Ruedak emana.

Bigarren geldialdia Hotel Monbar aitzinean pentsatua zuten. 1985eko irailaren 26an lau errefuxiatu erail zituen bertan GALek, eta hori izan zuten hizpide bi bertsolariek. «Beraiengatik eta gugatik, ez dugu ahaztu behar», kantatu zuen Elortzak. Argitu gabe daude GALen erailketa gehienak; azken urteetan itxia dagoen hotelaren irudia baliatu zuen Elortzak: «Ate batzuk zabaldu beharra dago, guztiak ondo ixteko». Aguxtin Alkhaten Ez omen da berantegi kantuaren bertsio batekin bukatu zuten bigarren saioa.

Historiaren tabernan

Saio denboran aitzinetik pasatu eta entzutera gelditu zen bat baino gehiago; Patxa plazara iristerako, ehun pertsona inguru zegoen. Gu ta Gutarrak taldearekin sortu zuten Historiaren tabernan kanta eman zuten orduan, publikokoek beraiekin kantatzen zutela. Nabaria zen aspalditik jarraitzen dituztela, eta hori baliatu zuten beren adinaz irri egiteko. «Patxa zegoen usaintsu xamar, sentitu naiz zahar», kantatu zuen Iturriagak.

Azkenean iritsi zen kaxa irekitzeko ordua. Opari bat ez, andana zekartzan bilbotarren kaxak, Ongi etorri, errefuxiatuak zapi bat, pistola bat, fruitu jus ekologikoa, inkesta soziolinguistikoa... lepoko eta buruko arros batekin bukatu zuten saioa bi bertsolariek. Motzegi, askoren iritzirako, «beste bat, beste bat», oihuka hasi baitziren. Plaza irabazi behar du bertsoak Baionan; atzo, ederki lortu zuten.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak