Josu Erkoreka. Jaurlaritzako eleduna eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua

«Hurrengo gobernuari eskumen egutegi bera aurkeztuko diogu»

Erkorekak aitortu du Espainiako Gorteetarako bozek «zalantzan» jar dezaketela eskumen transferentzien agenda. Jakinarazi du datozen asteetan aurkeztuko dutela murriztutako eskumenei buruzko azterlan bat.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Jon O. Urain -

2019ko otsailak 17
Pedro Sanchezek Espainiako Gorteetarako hauteskundeen eguna iragarri eta ordu gutxira mintzatu zaio Josu Erkoreka (Bermeo, Bizkaia, 1960) BERRIAri. Ostiralean bertan hitz egin zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eskumenen transferentzien agendan hauteskundeek izan dezaketen eraginaz. Apirilera arte lanean jarraitzeko prest agertu dira biak.

Zer iruditzen zaizu Sanchezen hauteskunde deialdia?

Ez ditu konpontzen mahai gainean ditugun gai guztiak; atzeratu egingo du horiek bideratzea.

Ondo egin du? Jarrai al zezakeen aurrekonturik gabe?

Hori erabaki hain pertsonala da... Ikusiko zuen egungo baldintzetan legealdiak ez zuela bideragarritasunik. Beste irtenbiderik ez zuen aurkituko.

Data egokia da? Ez da udal eta foru bozen egun berean egingo.

Hauteskunde orokorrek zentzu berezia daukate, eta ondo ikusten dut besteetatik formalki aldentzea. Udal hauteskundeetan, boto emaileek tokian tokiko baldintzak eta pertsonak hartzen dituzte gogoan. Hauteskunde orokorretan, beste faktore batzuk izaten dira nagusi, bereziki ideologikoak, tokiko mailan hain pisu handia izaten ez dutenak. Boz ezberdinak izanik, erabaki ona da foroa eta momentua ezberdina izatea.

Zer jokaleku posible ikusten ditu Jaurlaritzak apirilaren 29tik aurrera, eta nola kokatuko da horien aurrean?

Gure planteamenduak berdinak izango dira, gobernuan bat edo bestea egon. Gobernu programa bat eta koalizio hitzarmen bat dugu gure jokabidea ezartzen duena, eta horren arabera jokatu beharra daukagu, horixe baita herritarrekin hartu genuen konpromisoa. Egungo gobernuarekin gutxieneko ulertze bat egon da, elkarlan urrats batzuk egin ditugu. Urteetan baztertuta egon diren gaiak berreskuratu ditugu; besteak beste, eskumenen transferentziak. Gobernu honek irauten ez duen bitartean, zalantzan jar daiteke hori, baina gure planteamendua berdina izango da gobernu honekin edo beste batzuekin; hurrengoei, batzuk edo besteak izan, planteamendu berberekin ekingo diegu.

Zer gertatuko da eskumenen transferentziekin?

Gobernu honekin posible izan da orain arte posible izan ez dena. Transferentzien egutegia lortzeko lanean aritu garenean, gure planteamendua izan da euskal autogobernuarekiko konpromisoa unean uneko koiunturatik harago jokatu beharko genukeela; konpromisoak instituzionala izan beharko lukeela; trinkoagoa, egiturazkoa. Hori defendatuko dugu aurrerantzean ere, ez baita onargarria gobernu batek, legearen aplikazioan, betekizunei muzin egitea; bereziki, bere aurreko gobernuak konpromiso sendoak eta zehatzak hartu baditu eta urratsak egutegi zehatz batean jaso baditu. Hori azken egunera arte defendatuko dugu. Gaur bertan [ostiralean] hitz egin dugu gobernuarekin, eta gogorarazi diogu eskumen eta ahalmen guztiak dituela eta ez dugula arrazoirik ikusten egutegiaren exekuzioa bazter uzteko.

Zer erantzun dizuete?

Baietz, prest daudela lanean jarraitzeko hauteskundeetara arte. Badugu denbora aurrerapauso zehatzak eman ahal izateko egutegiaren aplikazioan. Guregatik ez da hutsunerik izango. Astelehenean jaso genuen lehenbiziko dokumentazio bat, eta gure erantzuna mahai gainean daukate negoziazioari behar bezala ekiteko. Guregatik, hauteskunde egunera arte jarraituko dugu lanean.

Espero duzue hauteskundeen aurretik erabat ixtea egutegian zehaztutako lehen blokea?

Ahaleginduko gara. Gobernu zentralak transferentziak egiteko ahalmen osoa du oraindik. Hauteskundeen ondoren, bere eginkizunak murriztuta edukiko ditu, baina oraindik ez.

Zazpi dira lehen blokeko eskumenak, baina biri buruzko agiriak baino ez dizkizuete bidali.

Oraingoz bi jaso ditugu, baina honetan zintzo, artez eta azkar jokatu izan gura dugu. Horregatik, badaukate gure erantzuna. Orain, haiek zer esango zain gaude hurrengo pausoak emateko, eta gogorarazi diegu beste bost falta direla.

Zazpitik bi bidali dizkizuete, Espainiako Gobernuak egutegi osoa bidali zuenean kanpoan utzi zuen Gizarte Segurantza… Sintonia dago?

Oso zaila da erabateko sintonia lortzea, gobernuek norabide eta buruzagitza politiko bat daukatelako besteak beste, baina badagoelako burokrazia indartsu bat ere; horrek asko baldintzatzen du. Kontuz ibili behar da aurreikuspenak egitean, akordioa behar delako transferentzia bat egin ahal izateko. Akordioa biren artean egin behar da, eta gerta daiteke eskaintzen digutena guk ez onartzea ez duelako betetzen gure nahia. Oro har, borondate ona ikusten dugu gure solaskide politikoengan. Ezin dut gauza bera esan solaskide politikoen atzean dauden goi mailako funtzionario guztien inguruan, ikusten delako horien artean badagoela erresistentzia indartsu bat esku artean daukatena askatu eta beste baten eskuetara igarotzeko.

Bi lehentasun dituzue gobernu programan: Gizarte Segurantza eta espetxeak. Moncloak egutegitik kanpo utzi zuen bat, eta amaierarako bestea. Gutxietsi egin dute Jaurlaritza?

Guk gure lehentasunak ditugu, eta haiek hasieratik esan ziguten eurenak ez direla gureen berdinak; ez dutela zertan horretan bat etorri. Egia da Gizarte Segurantzarena ez dela erraza izango negoziazioan, aurrekaririk ez daukalako eta Auzitegi Konstituzionalak ere doktrina oso estua jarri duelako. Ez dugu egun batetik bestera lortuko. Horregatik pentsatu genuen, nahiz eta hori guretzat lehentasunezkoa izan, aurrebaldintza gisa joko bagenu seguruenik beste guztia bertan behera geratuko litzatekeela, prozesu guztia atzeratuko lukeelako. Gure desadostasuna irmoki agertu genuen, ahal dugun bakoitzean gogorarazten diegu hori ere zor digutela. Espetxeena badago, baina epeak gainera datozkigu. Zailagoa izango da aurrera egitea momentu honetan. Gero gerokoak; ikusiko dugu gobernuan zein dagoen. Baina guk hurrengo gobernuari dokumentu hau jarriko diogu mahai gainean lehen bileratik.

Egutegi hau bera?

Hau bera, orain arte Espainiako Gobernuak guri eskainitako egutegi bakarra delako. Hurrengo gobernuak esan beharko du zergatik muzin egiten dion. Alderdi bereko presidente bat badago, zailago izango du ezetz esatea, baina, beste alderdi batekoa izanda ere, horrek ere esan beharko digu zergatik ez duen ontzat hartzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren oinarrizko lege instituzionalaren aplikazioaz ari garelako, ez euskal abertzaletasunaren eskakizun teoriko bati erantzuteaz.

40 urte ditu aurten estatutuak, eta Madrilen ez dago guztiz betetzeko asmorik. Zein da Jaurlaritzaren gogoeta?

Aldebikotasuna beharrezkoa da transferentzien alorrean, ez baitira gauzatzen bien arteko adostasunik ez badago. Sarri askotan, transferentziak ez dira sinatzen ez ezer eskaintzen ez digutelako, eskaintzen digutena onartzen ez dugulako baizik. Akordioak, egotekotan, egon behar du gobernu zentralak guri eskualdatu behar digun eskumen batzuen inguruan; beraz, haien oniritzia ezinbestekoa da, haien eskuetatik gureetara pasatu behar duten eskumen batzuez ari gara eta.

Nahiz eta, legez, Jaurlaritzari dagozkion.

Legez horrela da, baina gero desadostasunak sortzen dira edukiaz. Orain esku artean izan ditugun eskumenetan, inork ez zuen zalantzan jartzen trenbide eta errepide horiek gureak zirela, baina errepide hori autobide izandakoa zen, eta errepide arrunt bat da orain; hor erdibidean, xehetasun asko zeuden lotu beharrekoak, eta egiten ziguten eskaintza guretzat ez zen onargarria. Letra txikia aldez aurretik uste den baino garrantzitsuagoa da. Uste izaten da txikikeriatan gabiltzala, baina ez dira: gero isla ekonomiko garrantzitsua izaten dute.

Gizarte Segurantzak sortzen al du eztabaidarik gobernuko bazkideen artean?

Lehentasunen artean jarri genuenean, bien izenean sinatu genuen. Gogo gehiago edo gutxiago izan dezakete, baina gobernuan ez du eztabaidarik sortzen, biok ontzat hartutako lurzoru partekatuaren osagai bat delako.

Estatus berrirako testu artikulatuan lanean ari da aditu talde bat. Badakizue nola doan idazketa prozesua?

Oinarriak ezagutzen ditut, baina esku artean duten lanaren berri zehatzik ez daukat.

Oinarrietan bat etorri ziren EAJ eta EH Bildu. PSE kritikoa da. Horiek aurrera eginez gero, kolokan legoke gobernu koalizioa 2020tik aurrera?

Alderdi bakoitzak bere bidea hartu du, eta legebiltzarrean gai horretan ez dute batera jokatu, baina, hori horrela izan zitekeela aurreikusita, koalizio hitzarmenean argi utzi genuen programa bat osatuko genuela eta horrek jasoko zituela etorkizuneko autogobernuari buruzko zehaztasun batzuk, baina etorkizuneko autogobernuari buruzko irizpideak bakoitzak bereak defendatuko zituela askatasun osoz. Gauzak, oro har, ondo doaz, eta irizpide ezberdinik badago, leialtasun osoz partekatzen da. Horrek, gaur-gaurkoz, ez du baldintzatzen Jaurlaritzaren jarduna; etorkizunean zer ekarriko duen, batek daki.

Autogobernuan salto bat emateko garaia da, edo dagoenari eustekoa?

Legealdiko lehen agerraldian esan nuen egungo autogobernuak arrisku handiak zituela, batez ere berme faltaren ondorioz. Eskumenak legez aitortuta dauzkagu, baina ondorioa da errealitatea legean aurreikusitakoa baino murritzagoa dela. Nik esaten nuen, lehenengo urrats modura, bermatu beharko genukeela legez aitortutako eskumenak errespetatzea eta horietaz gozatu ahal izatea; zain ez egotea estatuak zer esango. Hortik aurrera, abertzale batentzat inoiz ez da autogobernua zabaltzeko momentu desegokia. Baina egoerak bide ematen du horretarako? Argi dago badirela Espainiako politikan arrisku jakin batzuk, eta ikusten da zein izaten ari den urrats jakin batzuk eta lerro gorri batzuk gainditzeko ahalegina egin dutenen zortea edo ondorioa. Hori hor dago, eta gobernu, erakunde eta alderdi orok baloratu behar du bere estrategia diseinatzerakoan.

Nola bermatu daiteke legez jasotakoa?

Ez dago formula magikorik. Gauzak dauden moduan, arrisku hori dago. Gobernu programan jasota dago konpromiso bat: azterketa bat egitea, ikusteko gai batzuetan estatutuak ematen digun eskumena nola murriztu den. Prestatuta dauzkagu zortzi txosten, zortzi materiari buruzkoak; datozen asteetan eramango ditugu gobernu kontseilura, formalki onartzeko. Hor ikusten da, sektore diferenteetan, nola eskumen horiek murriztuak izan diren modu nabarmenean. Urtez urte, Espainiako Gobernua erabakiak hartuz joan da, eta gero Auzitegi Konstituzionalak bedeinkatu ditu. Administrazio bakoitzak badauzka ahalmen batzuk bere esparruan jokatu ahal izateko, baina ez dute zerikusirik orain 25-30 urte erkidegoek zeukatenarekin.

Legealdi erdia joana da. Nola ikusten duzu beste erdia?

Hasieratik genekien zer baldintzatan aurre egin behar genion legealdiari. Beti akordioak bilatzeko borondatearekin jardun dugu, eta hemendik aurrera ere jarrera horrekin jarraituko dugu, jakinik gure mugak zeintzuk diren. Besteak beste, legebiltzarrean astero-astero ikusten ditugulako oposizioko hiru alderdien arteko akordioak —akordioak diot, ez kointzidentziak— gobernuari oztopoak jartzeko.

Jaurlaritza bera nora begira dago akordioak bilatzean: ezkerrera ala eskuinera?

Jaurlaritzak bere programa atera behar du aurrera, eta horrekin hurbildu behar da talde parlamentarioengana. Hortik aurrera, ikusten da zein dagoen prest eta zein ez hurbilketa saio bat egiteko. Taldeek ere momentu diferenteak izaten dituzte.

PPri pasatu al zaio haserrealdia Rajoyren aurkako zentsura mozioagatik?

Ez du ematen. Aurrekontuei buruzko eztabaidan ikusi zen: ez zuen inolako hurbilketarik egin nahi izan; Elkarrekin Podemosen antzera.

EH Bildurekin adostu ditu EAJk estatus berrirako oinarriak, eta Jaurlaritzak ia hitzartu zituen aurrekontuak haiekin. Zer moduzko giroa dago zuen artean?

Jaurlaritzaren ahalegina berdina da hiru taldeekin, gobernuak programa bat kudeatu behar duelako eta ezin daitekeelako hortik gehiegi urrundu.

Zer itxura eman dizute buruzagi subiranista katalanen aurkako epaiketaren lehen saioek?

Zalantzagarria da nola iritsi daitekeen auzia Auzitegi Gorenera eta ez Kataluniako Auzitegi Nagusira. Ez da ulertzekoa hainbeste denboran hainbeste jende behin-behineko espetxealdian egotea, eta ez da ulertzekoa matxinadaren salaketa. Epaiketa oso mediatikoa izanik, zaila izaten da jardun juridiko-judiziala eta komunikatiboa uztartzea. Helburu komunikatiboak —mezu politikoak— eskakizun batzuk dauzka; defentsa juridikoak, beste batzuk; eta, sarri askotan, kontrajarriak izaten dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna