urtzi urkizu
Donostiako 68. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Bihotzetik

2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Dantzari talde bat bihotz bat irudikatuz, taupaka. Horrela hasi zen Euskal Zinemaren gala. «Bihotz, buztinezko bihotz, etxe txiki bat zara, ahula, hauskorra, lau gelatako». Mikel Laboaren hitzak euskal zinemarentzat baliagarriak direla aipatu zuen Aia Krusek. Eta badira, bihotzetik, lan oso ederrak ontzen dituzten euskal sortzaileak. Konfinamenduan, esate baterako, Bizimina film laburra eraiki zuen Jon Maia dantzariak, Pablo Irabururekin eta Migueltxo Molinarekin batera. Irudi aldetik, benetan ikusgarria da; aldi berean, mezu iradokitzailea du. Zurriolako butaka-n, hala esan du Maiak: «Pandemian bizitzen ari garen sentimenduak irudietara eta mugimenduetara eramatea izan zen. Askotan, hitzekin zaila izaten da». Bizimina-n irudikatzen dira desioa, askatasuna, itxiera, distantzia... Desiragarria litzateke euskal ikus-entzunezkoentzat Arena ekoiztetxearen eta Kukai dantza taldearen arteko harremanak fruitu berriak ematea.

Sentimenduak hitzezko eztabaidara eramaten dituzte Alfontso Etxegaraik eta Kristiane Etxaluzek Caminho Longe dokumentalean. 33 urteko deportazioaren amaiera heldu da Etxegarairentzat, eta urte horietan guztietan ekintzekin eskaini dio bihotza Etxaluzek bikotekideari: Sao Tome eta Principera ehun bidaia eginda. Euskal Herrirako itzuleran, haien arteko harremana da filmaren ardatza. Entzuten dira hausnarketarako gogoetak ere: Etxegaraik itzulerako egunean esaten du gerra batetik ezin zarela edonola erretiratu; «are gehiago, galdu egin duzun ideia herrestan eramaten duzunean: okerragoa da». Etxaluz, berriz, galdu ala irabazi kontzeptuen kontrakoa da. Haren ideia da: «Udazkenean, arbolek beren hostoak galtzen dituzte; neguan, iduri dute hilak direla; negua luzea da, baina udaberrian arbolak hazten dira». Noizko udaberria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.