Gertutasuna eta elkarlana oinarri antolatuko dute Araba Euskaraz

Armentia ikastolak antolatuko du 2019ko festa. Ekainaren 16an egingo dute, Gasteizen
Argantzonen egin zuten aurtengo Araba Euskaraz, joan den maiatzean.
Argantzonen egin zuten aurtengo Araba Euskaraz, joan den maiatzean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2018ko urriak 11
«Urte honetan, zuhaitza ederto hazi da; zuhaitza hasi da bere fruitua ematen», esan du Armentia ikastolako zuzendari Liher Larreak. Ikastola heldutasunera heldu da, eta ateak eta leihoak irekitzeko garaia dela azaldu du zuzendariak; kanpora atera eta kanpotik aire berria sartzeko garaia dela. Izan ere, Armentia ikastolak izango du 2019an Araba Euskaraz antolatzeko ardura. Gertu lelopean, Arabako ikastolen jaia ekainaren 16an egingo dute, Gasteizen.

«Gertu gaude, gertu egoteko», azaldu du Larreak. Armentia ikastolak Araba Euskaraz eguneko festa antolatzeaz gain, ikasturte osoan ere kultur ekitaldiak antolatuko dituela jakinarazi dute Naroa Belasko eta Iratxe Valle ikasleek. Zuzendariak, berriz, Gasteizko hainbat eragilerekin elkarlanean jardungo dutela gaineratu du; «Gasteiztik eta gasteiztarrengandik gertu egotea» helburu dutelako. Buruan hamaika ideia dituztela azaldu dute Belaskok eta Vallek; horien berri datozen hilabeteetan emango dutela gaineratu dute.

Leloa ez ezik, logoa ere aurkeztu dute. Araba Euskaraz antolatzeko «gertu» daudela esan du Larreak, eta gaineratu du etorkizunean ere norabide berean jarraitu nahi dutela eta logoa osatzen duten heziek hori adierazi nahi dutela. Horrez gain, gazteek bide horretan izan beharreko erantzukizuna ere gogoan izan dute; ondoko euskaldunari eskutik gogor heldu, eta euskara guztiena izango den garaia iritsiko dela nabarmendu dute ikasleek.

Armentia ikastolak duela hamahiru urte antolatu zuen azkenekoz Araba Euskaraz. Belaskok eta Vallek azaldu dutenez, ordutik ehunka izan dira ikastolatik pasatutako ikasleak, eta milaka elkarrekin bizi izandako momentuak. Ikastetxeak 25 urte bete berri ditu; gaur egun 1.200 ikasle dituela esan du Larreak.

Euskararen urtea

«Euskal Herriarentzat urte berezia da, hiru egitasmo garrantzitsu iritsiko baitira», Larrearen esanetan. Araba Euskaraz ez ezik, Euskaraldia eta Korrika euskararen aldeko egitasmoak ere ikasturteko protagonista nagusietakoak izango dira ikastolan, Araban eta Euskal Herriko gainontzeko tokietan. Armentia ikastolan, Euskaraldiarekin hasiko dira Arabako ikastolen aldeko jaialdirako motorrak berotzen, azaro amaieran. Korrika izango dute udaberrian, eta Araba Euskaraz egingo dute ekainean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna