Ikerlariak, lan baldintza berdinen alde

Artzai G. Arraiza
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ikerketa baldintzatzailea da unibertsitateek nazioartean daukaten prestigiorako. Besteak beste, lehiakortasun handia bultzatzen da egiten diren unibertsitateen arteko ranking ezberdinetan. Horren ondorioz lortzen diren postuak erabakigarriak izaten dira ostera erakundeetatik jasotzen diren aurrekontuak erabakitzeko. Aldi berean, erakunde publikoek diru-iturri nahikorik eskaintzeko gaitasunik ez dutenez, EHUk eta gainerako unibertsitateek ateak irekitzen dizkiete enpresa pribatuei, baliabideak jasotzeko. Ondorioz, enpresa pribatuek erabakimen handia lortzen dute unibertsitatean. 2019az geroztik, esaterako, unibertsitatea pribatizatzeko joera areagotu da. Unibertsitateko aurrekontuetan, inbertsio pribatu zuzenak milioiak handitu dira, baita kanpoko eragile pribatuekin lortzen diren zeharkako akordioak ere.

Esanguratsua da banku pribatuek doktoregaiengan daukaten eragina ere. Kontratu publikoak jaso ezean, doktoregai andanak enpresa pribatuek eskaintzen dituzten kontratuak (La Caixak eskaintzen dituenak, esaterako) eskatu behar izaten ditu. Prozesu horretan, jakina, enpresa horiek dira baldintza gehienak zehazten dituztenak, kasu askotan oso prekarioak. Edozein kasutan, kontratu publiko eta pribatuek oso izaera lehiakorra dute, eta horietara sarbidea izateko zehazten diren merituek desoreka handiak sortzen dituzte ikasleen artean, bereziki ikasle langileen kaltetan. Kasurik onenean, doktoretza prozesua kontrataturik egin dezakegu doktoregaiok, baina, kontratua lortuta ere, egoera prekarioa da.

Bestalde, aipagarria da doktoregaien lan-kontratuek formakuntza izaera izatea. Formakuntza izaera hori emanez, prestigioa txikitzeaz gain, zenbait lan-eskubideren murrizketa gertatzen da. Horrekin batera, kontratu horietan zehazten diren soldatak oso prekarioak dira, nahiz eta lanorduak beste edozein langilek egiten dituenen parekoak izan. Horri gehitu behar zaio hainbat kasutan irakaskuntza eman behar izatea; izan ere, doktoregai askok eskolak eman behar izaten dituzte lan horrengatik inolako soldatarik jaso gabe (Espainiako Gobernuko FPU kontratuetan, esaterako, derrigorrezkoa da irakaskuntza, baina ez da inolako soldatarik jasotzen). Hori gutxi balitz bezala, doktoregaiek, langileak badira ere, 250 eurotik gorako matrikula tasak ordaindu behar izaten dituzte urtero doktoretza tesia gauzatu ahal izateko.

Horrekin batera, doktoretzan zehar publikatzeko presioa etengabekoa da, horren araberakoa baita unibertsitatean egonkortzeko erraztasuna. Doktoregaiek ez dute beti diru-poltsarik bermaturik artikuluen publikaziorako, ez konferentzien bidaietarako, ezta atzerriko egonaldietarako ere. Ekintza horiek etorkizunari begira ezinbestekoak izanik, ikertzaile askok euren poltsikotik ordaindu behar izaten dituzte gastuak, bereziki ikertalderik ez dutenek. Ondorioz, baliabide ekonomiko handiagoak dituztenek erraztasun gehiago izaten dituzte. Halaber, aipagarria da ikertzaileok zenbait enpresa pribaturen aldizkari indexatuetan publikatu behar izatea, WoS edo Scopus esaterako, horren barnean sustatzen den merkatua erreproduzituz eta horrelako enpresei etekin ekonomiko erraldoiak erraztuz unibertsitateek dauzkaten harpidetzekin edota open access artikuluetako tasekin.

Ikerketa funtsezkoa da unibertsitatearen eta gizartearen garapenerako. Hori horrela izanik, ezin da onartu unibertsitatearen garapena kanpoko enpresa pribatuen menpe egotea. Ezin dira onartu, era berean, ikertzaileon baldintza miserable eta prekario etengabeak. Unibertsitateko langile guztien baldintzek berdinak izan behar dute, eta langileek beren baldintzen, lanpostuaren eta produkzio zientifikoaren gaineko kontrola izan behar dute.

Horren aurrean, unibertsitateko langile sektore honen defentsan, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) mobilizazioak egin ditu aste honetan EHUko campusetan. Lan baldintzen berdintasunaren alde, ikerlari, antolatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.