Dantza. KRITIKA

Errituaren abstrakzioa

Agus Perez.
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun

Marseillako Ballet Nazionala



Kontzeptua eta koreografia: Emio Greco eta Peter C. Scholten. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 16.

Soiltasun handiz agertu da eszenaren erdian dantzari beltz bat, oinutsik, praka piratak jantzita eta bularraldea agerian. Bere gorputzaren edertasunean murgildu gara hasierako minutuetan, eta berak koreografiaren oinarrizko pausoetan gidatu gaitu, baso misteriotsu batekoak izan zitezkeen soinu estrainioak lagun. Oin puntetan ibili da lekuan bertan finkatuta, Pierrot baten antzera, haren berezko gorputz-angeluarekin batzuetan eta besoei mugimendu alternoak emanez.

Laster inguratu dute konpainiako kide guztiek, baina haiek distira leuneko maillot ia gardenez estali dituzte beren gorputzak eta aurpegiak, kontraste ederra sortuz hasierako dantzariaren eta konpainiako gehienen azal zuriaren artean. Soinu-banda inguratzailearen bat-bateko etenaldi batekin erantzi dituzte aurpegien aurreko zapiak, eta konpainia batera hasi da eboluzionatzen, gepardoen moduko jauzi bizkor eta isilekin. Egia esan, aurpegiak behin baino gehiagotan estali eta desestali dira koreografian zehar, eta besoak alternantzia etengabean ibili dira gora eta behera, dantzarien fintasun arina nabarmenduz eta konpainia osoko koordinazioa edozein mekanizismotik urrunduta.

Esku-programan irakurri dugunez, Elias Canettiren Masse und Macht (Masa eta boterea) saiakerak eragin handia eduki du koreografoengan, eta bide horretatik etorri dira bai gorputzen arteko sinkronismoak bai gorputz indibidualaren eta gorputz kolektiboaren arteko harremanak tratatzeko era, lan honetan behintzat oso agerikoak izan direnak.

Talde-energia horren baitan eta musika elektroniko leunean bilduta, mugimendu segida laburretan sartu dira dantzariak, soinuaren etenaldietan eskortzo kolektibo estatikoetan geratzeko. Une batzuetan, mamu-pertsonen antza hartu dute, argien, mailloten eta aurpegi estalien konbinazioan, eta soinu-bandak kanpai hotsak eta zibilizazio galdu baten kantuak nahastu dituenean erritu guztien abstrakzio betean aurkitu gara.

Erritu horren kontuan sartu ditzakegu bat-batean etorri den Txaikovskiren Intxaur-kraskagailua-ren zatirik erromantikoena, konpainiako solistek beren gaitasun klasikoen erakustaldi bikaina egiteko probestu dutena, haien artean pas de deux oniriko ederrak tartekatuta. Eta haien artean sartuko ditugu La marseillese-aren hamaika bertsio zatikaturen doinupean —reggaea barne— egindako erakustaldiak ere, «Marseille, Marseille!» zioten masa-oihuek lagunduta. Egia esan, nik neure zalantzak nituen ikusleen erreakzioaz, baina amaierako txalo zaparradek ez dute zalantzarako tarterik utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.