Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Etorkizuna beleena ere ba omen da

Publizitatea

Gizartea

Etorkizuna beleena ere ba omen da

Esperientzian oinarrituta, beleak etorkizuna planifikatzeko gai direla ondorioztatu du gaiaren inguruan egindako azken ikerketa batek. Adituek diotenez, uste baino lausoagoak dira animalien eta gizakien arteko mugak.
Beleak arbolen adarretan, artxiboko irudi batean.
Beleak arbolen adarretan, artxiboko irudi batean. F.RUMPERHORST / EFE

2017-07-16 / Juanma Gallego

Gotorleku batetik bestera mezu bat bidali nahi dutenean, beleak erabiltzen dituzte, A Song of Ice and Fire sagan. Usoak baino argiagoak eta indartsuagoak omen dira, eta, George R. R. Martinek irudikatutako fantasiazko mundu horretan, «benetako hizkuntza» hitz egiteko gai omen dira txori beltzak; lehen gizakiek hitz egiten zutena, alegia.

Mundu errealean, ordea, ospe txarragoa dute beleek. Esaera zaharren bildumak begiratzea besterik ez dago. Baina, adimena ikertzen duten zientzialarien artean, aparteko tokia irabazi dute azken urteotan. Nonbait, adimena aztertzeko tresna bikainak dira hegazti horiek, guztiz trebeak direlako.

Lund Unibertsitateko (Suedia) Can Kabadayi eta Mathias Osvath ikertzaileek gertutik aztertu dituzte beleak, eta horiekin hainbat esperimentu egin dituzte. Emaitzak Science aldizkarian kaleratu dituzte ostiralean. Ondorioztatu dutenez, beleak gai dira etorkizuna planifikatzeko.

Halakoetan izan ohi den moduan, janaria izan da entrenamenduetan erabilitako saria. Zientzialariek kutxa baten barruan gorde dute saria, eta tresna zehatz batez kutxa irekitzen irakatsi diete. Gero, giltzaren funtzioa betetzen duen tresna hori beste objektu batzuen artean kokatu dute, kutxa ezkutatuz. Bele gehienek «giltza» egokia hautatu dute, eta janaria eskuratzeko gai izan dira.

Baina harago joan dira ikertzaileak, eta, beste esperimentu batean tentatu ere egin dituzte. Funtsean, horrelako zerbait komunikatzeko moduko esperimentua diseinatu dute: «Aizu, bele. Zer nahiago duzu, janari pitin bat orain, ala etorkizunean janari askoz hobeagoa emango dizun giltza hau?» Horretan ere, gehienak guztiz trebeak izan dira. Janari pixka baten eta kutxa irekitzen duen tresnaren artean, bigarrena hautatu dute gehienek, unean uneko tentaldiari muzin eginez. Ikertzaileek lau urteko ume baten gaitasun kognitiboarekin alderatu dute portaera hori.

«Naturan askatasunean daudenean, beleek ez dute tresnarik erabiltzen, eta, hala ere, tresnak erabiltzea eskatzen duten atazak planifikatzeko gai izan dira», azaldu du Can Kabadayik.

Malgutasuna

Zientzialariak beste portaera berezi bat nabarmendu nahi izan du. Bele eme batek «asmatutako» teknika berria, alegia. Zientzialariek jarritako ataza batean, ohiko tresna zen harria erabili beharrean, hainbat zotz erabili zituen plataforma bat jaisteko eta kutxan zegoen saria eskuratzeko. «Horrek malgutasuna eta berrikuntza adierazten ditu», ikertzailearen esanetan.

Kabadayik dio ondorio nagusi bat atera daitekeela esperimentu horretatik: gaitasun kognitibo konplexuak animalia leinu desberdinetan modu bereizian eboluzionatzeko gai direla. «Korbidoak eta tximino handiak oso urrun daude eboluzioan, eta, hortaz, agian bakoitzak bere aldetik garatu du planifikatzeko gaitasuna».

Suediako lantaldeak ateratako ondorioak oso interesgarritzat jo ditu Fernando Colmenares Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Psikobiologia katedradunak. «Tximino handietan halakoak ikusten direnean, joera dago esateko gizakien eta tximinoen kognizioak oso antzekoak direla. Baina korbidoek atazak ere ebazten dituzte, eta, zenbaitetan, tximinoek baino hobeto. Baina, hala ere, ebolutiboki urrun daude».

Colmenaresek animalien eta gizakien portaera ikertzen duen talde bat zuzentzen du, eta, beraz, gertutik jarraitzen ditu gaiaren inguruan izaten diren aurrerapenak.

Adituak azaldu duenez, korbidoak oso trebeak dira leku desberdinetan fruituak gordetzen eta berreskuratzen. «Gero, laborategian, guztiz artifizialak diren atazak jarri dizkietenean, gai izan dira gaitasun hori testuinguru berri batean berreskuratu eta martxan jartzeko. Horrek izugarrizko malgutasuna erakusten du».

Colmenaresek etorkizuna planifikatzeko gaitasuna nabarmendu du. «Jakin badakigu animaliek ikasten dutela: guk bezala, iraganeko esperientziak ekartzen dituzte gogora orainaldiko arazoak ebazteko. Baina ikerketa honetan ikusi denez, beleak erabakiak hartzeko gai izan dira, etorkizunean gertatuko diren gauzak irudikatuz. Hau da, etorkizunean gerta daitekeen zerbait kontuan hartu dute unean uneko erabakiak hartzeko».

Bi ondorio atera ditu adituak. Hara bata: «Eboluzioak beti harritzen gaitu». Hara bestea: naturan bide edo mekanismo desberdinak garatu dira arazo berdinei irtenbidea emateko. «Hemen, funtsezko gakoa da ea mekanismo berdinak erabiltzen ote diren horretarako. Gakoa ez da animaliak arazo bat ebazteko gai ote diren, baizik eta asmatzea ea espezie desberdinek arazo horiek ebazteko garatu dituzten mekanismo kognitiboak desberdinak ote diren».

Joko arau berriak

Bochumeko Ruhr Unibertsitateko (Alemania) Albert Newen filosofoak ere azpimarratu du ikerketa horren garrantzia. Garunaren eta kontzientziaren inguruan aditua da Newen, eta animalien kognizioaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu. Haren aburuz, animalien kognizioaren inguruan izan diren azken ikerketek ate berri bat ireki dute: «Joko arauak aldatzera behartzen gaituzte».

Adituak uste du kolokan jarri behar direla eboluzio klasikoak espezieen artean marraztutako marra zurrunak. «Denbora luzez, eboluzioaren eredu estandarrak hierarkia lineala irudikatu du. Hierarkia horren abiapuntuan, arrainak eta hegaztiak zeuden. Gero, ugaztunetara pasatzen zen, baina horiengan ere, marra bat zegoen: saguetatik tximinoetara zihoan marra, hain zuzen ere. Azkenik, hierarkia horren amaieran, gizakiok geunden, gainerako espezieetatik oso urrun».

Baina eredu zurrun hori okerra dela deritzo pentsalariak. «Hegaztiak tximinoetatik eta gizakietatik ebolutiboki oso urrun izanda ere, frogatuta dago hegaztiek gaitasun komunak dituztela txinpantzeekiko eta bonoboekiko. Besteak beste, jabetza, tresnen fabrikazioa eta erabilera, eta ulermen soziala. Kabadayi eta Osvath ikertzaileek frogatu dutenez, orain badakigu etorkizunean tresnak erabiltzeko planifikazioa erabiltzeko gai direla, eta trukea egiteko gaitasuna dutela».

Eboluzioaren zuhaitza

Auzi horretan ere, badirudi bat datozela adituak. Etorkizunean jarraitu beharreko pausoez galdetuta, Kabadayik eboluzioan sakonduko duela argitu du. «Hegaztien eta ugaztunen arbaso ebolutiboak aztertzea izango da gure ikerketa lerroetako bat. Bide horretatik, jakin nahi dugu kognizioaren auzian zer kontserbatu den eta zer berritu den».

Colmenaresek ere eboluzioaren marrak izan ditu hizpide, BERRIAk ikerketaren inguruko balorazio bat eskatu diolarik. «Eboluzioa zuhaitz bat da, ez eskailera bat». Zuhaitzaren metaforari jarraituz, eboluzioaren adar bakoitzaren amaieran dagoen espezie bakoitza bere adarraren espezie «nagusia» dela babestu du adituak. «Funtsean, orain eboluzioaren adar bakoitzaren amaieran dagoen espeziea da hoberena bere esparruan. Gu, zeregin askotan, beste espezieak baino hobeak gara; baina beste zereginetarako gu baino egokituagoak dauden espezie asko ere badira».

Newen filosofoak ere antzeko ideia azpimarratu du. «Gizakion gaitasunak harrigarriak badira ere, gaitasun horiek soilik era gradualean bereizten dira animaliek dituzten gaitasunetatik; gure arbaso biologikoengandik eboluzionatu dute. Ez dago gizakiona besterik ez den gaitasunik. Horregatik, muga antropologiko baten printzipioa bilatzeari utzi behar diogu. Ez dago. Gizakiok animalia bereziak gara, baina, funtsean, animaliak besterik ez».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak