Frederic Martiarena. Urruñako Mendi Azpian kanpineko jabea

«Ondorioak ez ditugu soilik itxialdi garaian pairatuko»

Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Urruñako Mendi Azpian (Lapurdi), kanpina itxi egiten dute azarotik apirilera bitarte, baina, koronabirusaren krisiaren ondorioz, are gehiago luzatu beharko dute itxialdia orain. «Duela hiru aste jakin genuen gure kanpinak hetsia izan beharko zuela apirilaren 15era arte. Badugu kanpinen sindikatu bat, eta hortik jakin dugu informazioa». Frederic Martiarena jabeak uste du, hala ere, apirilaren 15aren ondotik ere ezingo dutela ireki, «itxialdia luzatuko dutelako».

Apirilaren lehenean ziren irekitzekoak. Erreserba ugari zituzten egunotarako, baina pixkanaka bertan behera uzten joan dira guztiak, Martiarenak adierazi duenez. «Jende andanak egina zuen erreserba. Pazkoko astebururako, mobil home guztiak erreserbatuak nituen, Hendaian futbol txapelketa bat egitekoa baitzen eta talde batek denak hartuak baitzituen. Eskola bakantzetan ere erreserba anitz banituen, baina ari dira erortzen». Galera handia da itxialdia negozioarentzat, baina Martiarenarentzat are kezkagarriagoa da datozen hilabeteetako egoera. «Beldurtzen nauena da ondorioak ez ditugula soilik itxialdi garaian pairatuko; iruditzen zait urte osora hedatuko dela turismoaren beherakada, jendea beldurtua delako. Ikusiko dugu udan nolakoa izanen den egoera, hobea agian».

Erreserba egitearekin prezioaren %25 atxikitzen diete bezeroei. Hemezortzi hilabetez balio du aitzinatu duten diruak, eta, behin egun horiek igarota joaten ez badira, dirua itzultzen diete. «Diru horri esker,gutxienez, anartean badugu sos pixka bat kanpina zaintzeko, obrak egiteko, langileak pagatzeko». Izan ere, ez dakite laguntzarik izango ote duten. «Gure artean komunikatzen saiatzen gara, baina, momentuz, erreserbak kudeatzen badugu lan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.