Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Hasieran estu, gero aise

Publizitatea

Kirola

Hasieran estu, gero aise

Garbiñe Muguruzak aurreneko aldiz irabazi du Wimbledongo torneoa. Final handia jokatu, eta 7-5 eta 6-0 gailendu zaio Venus Williamsi
Argazkia: DAVID RAMOS / POOL / EFE
Garbiñe Muguruzak Wimbledongo torneoko finala irabazi zuen atzo Venus Williamsen aurka (7-5 eta 6-0). Williams ahizpetan zaharrenaren esperientzia ez zen nahikoa izan urteko hirugarren Grand Slama eskuratzeko. Partidaren bigarren setean nagusitasun handia erakutsi zuen venezuelarrak, eta Williams lur jota utzi zuen. Londresko torneoa irabazten duen lehen aldia da, eta bere ibilbideko bigarren Grand Slama. 2016an, Roland Garroseko txapelduna izan zen. Garaipen horri esker, WTA zirkuituko bosgarrena da Muguruza.

Wimbledongo bederatzigarren finala zen atzokoa Venus Williamsentzat, eta torneoa seigarren aldiz irabazteko aukera zuen. Gainera, torneo handi bat irabazten duen inoizko emakumerik zaharrena litzateke, 37 urterekin. Muguruzarentzat, ordea,Wimbledongo bigarren finala zen. Lehena galdu egin zuen duela bi sasoi, Serena Williams aurtengo aurkariaren ahizparen aurka.

Lehen seta oso estua izan zen. Pilotakada askoko tanto ugari jokatu zituzten, eta tenislari bakoitzak bere sakea baliatu zuen. Bana, bina, hiruna, launa eta bosna berdindu zuten. Bosnakoarekin, ordea, Muguruzak Williamsen sakea hautsi zuen. Horixe izan zen partidako une erabakigarria, baita lehia irauli zuena ere. Bere sakearekin berriz asmatu, eta lehen seta eskuratu zuen Muguruzak (7-5) .

Modu berean ekin zion venezuelarrak bigarren setari ere, eta lehen jokoan sakea hautsi zion Williamsi. Bigarren seta oso ezberdina izan zen. Jokoak bata bestearen atzetik irabazi zituen Muguruzak. Ondo baliatu zuen sakea, eta errestoan, Williamsi hutsak eginarazi zizkion. Ez zion aukera bat bera ere eman, eta sei eta huts irabazi zion. Aukera guztiak baliatu zituen, eta teknologia erabiltzen ere asmatu zuen Muguruzak. Partidan, hiru aldiz eskatu zuen belatz begia, eta hirugarren horri esker irabazi zuen Rosewater platera eskuratzeko balio izan zion puntua.

Cilic eta Federrer, gaur

Roger Federerrek eta Marin Cilicek gaur jokatuko dute Wimbledongo gizonezkoen finala (15:00). Federerrek 11. aldiz jokatuko du Wimbledongo finala, eta zortzigarren titulua irabazten saiatuko da. Cilicek —2014ko AEBetako Irekiko txapelduna—, berriz, lehen finala du Londresen. Zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta seitan irabazi du suitzarrak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak