Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Ganbera Musika Zikloa

Gozamena arau

2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Carmen Artaza, Frederic Josteta Dilko Humno

Egitaraua: J. Haydn, F. Schubert, G. Rossini eta W. A. Mozarten obrak. Lekua: Donostiako San Telmo Museoa. Eguna: Abuztuak 12.

Carmen Artaza mezzosoprano donostiar gazteak ibilbide oparoa egin du jada atzerrian, batez ere Alemaniako opera, antzoki eta kontzertu-geletan. Bertan sari eta lehiaketa ugari irabazi dituen arren, aurtengo urtarrilean Tenor Viñas Nazioarteko Lehiaketan sei sari jaso eta bere izenak oihartzun handia lortu du gurean. Ostegunean Italia eta italiarra erdigunean jartzen zituen errezitaldia eman zuen Musika Hamabostaldiko Ganbera Musika Zikloan, Frederic Jost baxuarekin batera, eta Dilko Humno pianistak lagunduta.

Joseph Haydnen Bi duo italiar (HOB.XXVA) abestiek ireki zuen kontzertua. Hasiera-hasieratik antzeman ahal izan ziren bi abeslarien goxotasuna, bi izaeren bat-egite konplizea; ñabardurak eta malgutasuna Artazarenean, baxu biribilak eta sendoak Jostenean. Azken hauek are nabarmenagoak izan ziren Franz Schuberten abesti italiarretan (D.902), hala Il traditor deluso bizian, baxu alemaniarrak amesgaiztoaren sakontasunaz eta larritasunaz jantzi zuena. Ikusgarria Jostek nola aldatu zituen eitea eta ahotsa traizioaren astinduratik Il modo de prendere i moglie abestian nagusi den aiurri jostalarira.

Veneziako gondola estropadan gertatzen dira Gioachino Rossiniren La regata veneziana osatzen duten hiru abesti sortak, Anzoletaren ikuspegitik kontatuak. San Telmo Museotik entzuten ziren kaioen karrankak Artazaren sentiberatasunari batu zitzaizkion itsas-girotzean. Nortasun organikoa du donostiarraren ahotsak, pitzadura edo opakutasunik gabea, dirdiratsua goi zein behe-erregistroan, piano sotiletan zein forte indartsuetan.

Bigarren zatian, W. A. Mozarten opera-ariei eskainia, lehen zatian erakutsitako gaitasunen hedatzea eta gorentzea izan ziren. Kristala bezain fina da Mozarten ahots-musika, dinamikak, ahoskera zein lerro melodikoa bikain neurtzea eta menderatzea eskatzen duena. Hilko Dumnoren akonpainamendu doi eta zentzuzkoak lagunduta, gozatzeko errepertorioa are gozagarriagoa aurkeztu zuten. Noiz itzuliko zain, Artaza eta Josten bidea jarraitzea baino ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.