Pastor
DARWIN ETA GU

'The Boss' eta Espainia

2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniako kontzertuetan Espainia hitza ez esateko presioak jaso ditu Bruce Springsteen-ek. Hala esan dute zenbait hedabide unionistak. Zergatik? Beraiek jakingo dute. The Boss-ek Bartzelona eta Katalunia goretsi ditu agerraldian. Bartzelona eta Katalunia maite dituela esan du. Eta ingelesezko kanten hitzak katalanezko azpidatzietan ipini ditu.

Espainia ez aipatzeko eskatu diote kantariari? Nondik atera dute kontua? Hori ez ezik, Bartzelona eta Katalunia maite dituela esatera ere behartu dute artista estatubatuarra? Halaxe egin baitu: «Barcelona, Catalunya! Us estimem, us estimem, us estimem!» — «Bartzelona, Katalunia! Maite zaituztegu, maite zaituztegu, maite zaituztegu!»—. Hiru aldiz esan du Katalunia maite duela. Hiru aldiz. Itxura guztiaren arabera Kataluniari dion maitasuna hain modu gartsuan azaltzeko ere presioak jaso ote ditu kantariak? Hori ere bai?

2016an, The Boss-ek kontzertua eman zuen Madrilen. «Hola, Madrid!» oihukatu zuen orduan. Besterik ez. Cristina Cifuentesek, PPko politikari eta Madrilgo presidenteak, Espainiaren bihotzean Espainia ez esateko aholkatu zion? Bitxia da gero! Urte horretan Donostian izan genuen Springsteen. Kantariak «Kaixo, Donostia» esanez agurtu zuen Anoeta. Zer esan behar zuen, bada? «Hola, San Sebasti'an!»? Brucek bazuen gure berririk. Izan ere, zenbait iturriren arabera, 1986an, Parisen, ahoa bete hortz utzi zuen The Kelly Family taldeak, Agur, jaunak abesten entzun zuenean. Notre Dame-ren aurrean izan zen, goizeko ordu bietan. The Kelly Familykoak lagun batzuk agurtzen ari ziren, kantuz. Hara hurbildu eta haiekin jardun zuen Springsteenek.

Ikurrina edo senyera barik Espainiako bandera atera behar du kantariak Euskal Herrian edo Katalunian abesten duen bakoitzean? Hark ez du hori nahi, antza. Eta gu pozik. Gure ikurren ondoan AEBetako bandera ere agertzen bada, zer egingo diogu, bada. Yankien bandera dela esango dute batzuek. Obamarekin etorri dela argituko dute besteek. Obama: AEBetako azken hamarkadetako presidente pop eta cool-ena.

Pipertu zaizkigu espainolistak. Sare sozialetan ez ezik, hedabide nagusietan ere ikusi dugu erreakzioa. Aipagarria izan da La Vanguardia egunkariarena. Bartzelonako hedabideak Espainia hitza sartu du kontzertuari buruzko kronikan, Bruceren ahotik irten ez zena: «Kaixo, Espainia! Kaixo, Katalunia!». Horixe idatzi du kazetariak egunkariaren paperezko edizioan. Online bertsioan ere bai, baina sare sozialetan jendea zarataka hasi da, eta ezabatu egin dute. Ordea, paperezko ediziotik ez dute kendu. Ezin.

Katalunian izan da Springsteen eta Katalunia goretsi du. Euskal Herrian ere kontuan izan gaitu. Guk txalotu egin dugu, gurea bezalako herri xume bati egindako keinu maitagarri ñimiñoenak gogoa berotzen baitigu. Probintzianoak omen gara. Gu halakoak bagara, nolakoak izango dira haiek? Nortzuk dira probintzianoagoak: Bruce Springsteenek haien sorterria kontuan izateagatik pozten direnak ala kantaria larrutzen dutenak «Espainia» esan ez duelako?

Nonbait irakurri dut The Boss-en kontzertuak, funtsean, mundu irreal batera eraman zituela ikus-entzule katalanak: alegiazko lurralde batera, non hiru orduan nazioarteko izar batek katalana, eta soilik katalana, erabili zuen. Espainiatik Kataluniara joan ziren musikazaleek jokaera hori onartu zuten —edo behar izan zuten, zer erremedio—. Inor ez zen ausartu Springsteeni kargu hartu eta espainolez hitz egiteko eskatzen. Zer gertatuko zatekeen kantaria espainiarra izan balitz?

Puntako kantari espainiar batek Katalunia eta Euskal Herriko kontzertuetan agurtu eta komunikatzeko soilik katalanezko eta euskarazko hitzak esan —buruz ikasiak badira ere— eta jendeak, han eta hemen, normaltasun osoz onartuko duen egunean, protestarik txikiena egin gabe, zerbait aldatzen hasiko da Espainian. Nik uste errazago ikusiko ditugula Bruce Springsteen, Obama, Trump eta Miley Cyrus elkarrekin Kuril uharteetan. Zertan eta Agur, jaunak kantatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.