Sanpelaioak Zarautzen

Jaietan emango dute aisialdia

Zarauzko Atzegiko Txolarte aisialdi taldeko kideek igoko dute bandera San Pelaio jaietan. Asteburuetan, ekintza ugari egiten dituzte boluntarioek eta erabiltzaileek.

Zazpi begiralek eta zortzi erabiltzailek osatzen dute Zarauzko Txolarte taldea. TXOLARTE.
Maite Alustiza.
2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldeetan elkartzen dira, eta, urte hasieran antolatzen duten programari jarraituz, ekintza bat edo beste egiten dute: sukaldaritza, eskulanak, puzzleak, herritik paseoan ibiltzea, filmak ikustea... Ohiko jarduerez gain, Zarauzko (Gipuzkoa) Atzegiko Txolarte aisialdi taldeko kideek ekitaldi garrantzitsu bat izango dute, gaur: gaueko hamabietan, Zarauzko San Pelaio jaietako bandera igoko dute, eta txupinazoa botako dute, Lege Zaharren plazan. Jarraian, San Pelaioren ereserkia abestuko dute, eta horrela emango diote hasiera jaietako egun nagusiari. Eider Oñatibia Benitez Txolarteko koordinatzailearen arabera, «ohore handia» izan da aukeratuak izatea: «Inoiz ez genuen imajinatu ere egingo halako aukera bat izango genukeenik».Adimen urriko pertsonak elkartzen dira Txolarten. Taldeko erabiltzaileentzat eta familientzat ez ezik, begirale boluntarioentzat ere sorpresa ederra izan da: «Azken batean, herriko jaiak gogoz eta ilusio handiz bizi dira, eta aukera honekin ziur aurtengoak ahaztezinak izango direla». Gainera, Txolarteko elastikoak berritu dituzte aurten, erabiltzaileek eurek diseinatuta, eta, kamiseta horiek jantzita, 23:30ean elkartuko dira, udaletxearen aurrean.

Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da Atzegi; senide talde batek sortu zuen, 1960an. Atzegiren barruan, aisialdiaren atalaz arduratzen da Txolarte programa, 16 urtetik gorakoentzat.

Duela hamarkada bat baino gehiago sortu zuten Zarauzko Txolarte taldea. Beste zenbait herritan dauden taldeen antzera, asteburuetan adimen urritasuna duten lagunei «ordu batzuez lagunekin egon eta ekintza desberdinak egiteko aukera emateko» sortu zuten. Taldea zazpi begiralek eta zortzi erabiltzek osatzen dute. Hala ere, txupinazorako, taldeko erabiltzaileen senideak ere batuko dira: «Begirale eta erabiltzaileek ez ezik, Txolarte familiek ere osatzen dutela uste dugu». Txolarte bakoitzak inguruko herrietako kideak izaten ditu; Zarauzkoaren kasuan, Zumaiako, Getariako, Aiako, Orioko eta Zarauzko lagunak elkartzen dira. Tarteka, Gipuzkoako beste taldeekin ere egiten dute egun-pasa, Txolarte Egunean. Gaur egun, hamahiru talde daude lurralde osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.