Rio de Janeiron militarrak hedatzearen aurka zegoen zinegotzi bat hil dute

Marielle Franco, autoan zihoala, bertze auto batetik tirokatu dute. Andreen eta beltzen eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna izan da

Milaka herritar elkartu ziren atzo Rioko udaletxearen parean Francoren hilkutxari harrera egiteko. ANTONIO LACERDA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Marielle Franco herenegun arratsean autoan zihoan bertze bi lagunekin batera Brasilgo Rio de Janeiro hiriko Joan Paulo I.a etorbidean. Bertze auto bat parean paratu zitzaien, eta hortik tirokatu egin zituzten. Franco eta gidaria, Anderson Pedro Gomes, hil egin zituzten; bertze bidaiaria, Fernanda Chavez, zaurituta eraman zuten ospitalera. «Tragedia bat izan da. Baina Rio de Janeiron egunero gertatzen diren tragedietako bat gehiago», adierazi zuen atzo Torquato Jardim Justizia ministroak. Brasilgo hedabideek hilketari eman dioten oihartzun zabalak eta herriko etxearen aitzinean atzo antolatu zituzten protestek bertzerik erakutsi dute, Franco zinegotzi baitzen Rio de Janeiron, eta hagitz jarrera kritikoa baitzuen gobernuak karriketan militarrak hedatzeko hartu duen erabakiarekin.

Rioko Mare favelan jaio zen Franco, eta 38 urte zituen. 51 zinegotzietatik boz gehien lortutakoen artean borzgarrena zen, PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdiarekin. Soziologoa zen, eta emakumeen eta beltzen eskubideen aldeko ekintzaile gisa zen ezaguna. 2006an hasi zuen ibilbide politikoa, eta udaleko giza eskubideen batzordeko koordinatzailea zen.

Poliziaren indarkeriarekin hagitz kritikoa izan zen beti, eta, duela hilabete, gobernuak erabaki zuenean militarrei eskumena ematea Rio de Janeiro estatu osoko segurtasuna haien gain hartzeko, guztiz kontrako jarrera hartu zuen. Hilketaren bezperan honako txio hau idatzi zuen Twitterren: «Polizia Militarraren zenbaketan sar litekeen bertze gazte baten hilketa bat. Matheus Melo elizatik ateratzen ari zen. Zenbat gehiago hil behar dira gerra hau bukatzeko?».

Lider nagusien mezuak

Michel Temer presidenteak eman zuen baimena Rion militarrak hedatzeko. Atzo mezu bat idatzi zuen sare sozialetan. Hilketa «muturreko koldarkeria ekintza bat» izan dela erran zuen, eta hitzeman zuen ez dela «zigorrik gabe geldituko». Jardim Justizia ministroak adierazi zuen militarren esku hartzea ezin dela «zalantzan paratu». Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohi eta aurten estatuko buruzagitzara itzultzeko hautagai izan nahi duenak eta Dilma Rousseff alderdikide eta presidente ohiak ere gaitzespen mezuak idatzi zituzten sare sozialetan. Francoren hilkutxa atzo herriko etxera eraman zutenean, milaka herritar zituen zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.