Juan Manuel Madariaga. Kimika katedraduna

«NASAn beste modu batez begiratzen gaituzte orain»

2020an Martera joango den tresna baten eraikuntzan parte hartzen ari da EHUko IbeA kimika analitikoko ikerketa taldeko zuzendaria. Erronka zaila bezain zirraragarria dela dio.
ARITZ LOIOLA / FOKU

Juanma Gallego -

2018ko apirilak 1
Ameriketako Estatu Batuetatik etorri berria da Juan Manuel Madariaga (Getxo, Bizkaia, 1956), EHUko Kimika Analitikoko katedraduna. Joan den astean, Houstonen izan da, bi urte barru Martera abiatuko den Mars 2020 misioa prestatzeko bilera batean. Pilula baten antza duen tramankulu txiki bat esku artean du kimikariak. Mineral bat dago barruan: Mexikotik etorritako kaltzita laranja bat. Halako mineralak baliatuko dituzte planeta gorrian bizi aztarnak bilatuko dituen tresna kalibratzeko.

Zertan lagun dezake kaltzita horrek bizia bilatzeko orduan?

Mars 2020 misioko robotean doan tresna bat kalibratzeko erabiliko dugu. Guztira, halako 24 lagin joango dira kalibrazio txartelean. Marte aztertzeko erabiliko den tresna multi-espektroskopikoak erreferentzia zehatzak behar ditu analisia egin baino lehen baldintzak nolakoak diren zehazteko. Lagin honek duen osaketa kimikoa ezaguna denez, horren arabera tresna kalibratu ahal izango dugu. Bai Marten bai Lurrean egonda ere, halako tresnek egunero kalibrazioa egin behar dute, eta, inguruaren baldintzak aldatzen badira, sarriago egin behar dute doikuntza hori. Marten hezetasuna ez da asko aldatzen, baina gauaren eta egunaren artean dagoen tenperatura aldea oso nabarmena da. Esku artean daukazun kaltzita hauxe Martera joateko hautagaia da, baina azkenean seguruenera ez da hegaldi horretan joango, laginei beste prozesu kimiko bat ezarriko diegulako.

Hori guztia, zertarako?

Bizi zantzuak bilatzeko. Jende askok uste du oraindik orain Marten ura ote dagoen eztabaidatzen ari garela. Ez da horrela. Eztabaida hori itxita dago. Ibairik ez dago, noski, baina badira gantz asko duten urak, hezetasun erlatiboa dago, izotza dago, eta badakigu urari lotutako historia geologikoa dagoela planetan. Geologiaren ikuspuntutik, Lurrean gertatzen diren antzeko prozesuak izan dira Marten. Oinarrizko elementu kimikoak ere Lurrean dauden berdinak dira, isotopo desberdinak badituzte ere. Orain erronka da jakitea ea noizbait bizia egon ote den, edo orain bizi mikrobianoa ote dagoen. Jakin badakigu lurrazalean ezinezkoa dela hori. Tartean, bertan oso erasokorra den perklorato bat dagoelako: oxidazioaren bitartez, zeluletako mintzak apurtuko lituzke. Baina lur azpian aterpea har lezake biziak. Horregatik, besteak beste, oxalatoak bilatuko ditugu. Zelulek kaltzioko azido oxalikoa isurtzen dute, eta azido horrek inguruan egon daitekeen kaltzio karbonatoarekin erreakzionatzen duenean sortzen da kaltzioko oxalatoa. Oso konposatu egonkorra da. Giltzurruneko harriak, adibidez, kaltzioko oxalatoak dira. Ez dago animalia jatorria ez duen oxalatorik. Beraz, Marten oxalatoak topatuz gero, bertan bizia egon den froga lortuko genuke.

Espaziora joan behar duten tresnek oso proba gogorrak egin behar dituzte. Horiei ez al diezu beldurrik?

Orain jada ez, zorionez, arrakastaz gainditu ditugulako. Lehenengoa NASAn egin zen, Pasadenan [AEB], eta bigarrena Miñanoko [Araba] Aeronautikaren Zentro Teknologikoan egin dugu. Halere, datorren hilabetean beste bat egingo dugu. Baina egia da proba horiek zinez gogorrak direla. Esan zigutenean zer egin behar genuen, ezin nuen sinetsi. 4.000 G-ko indarra ezarri behar izan diogu tresneriari. 4.000 G! Benetako kanoikada da hori. Xehetasun guztiak izateko, kamera geldo baten bitartez grabatzen da prozesua. Laginak apurtzen badira, hauts pixka bat askatzen da, eta hori ezin daiteke gerta Marten, kutsadura sortuko lukeelako. Den-dena, noski, areto zurian egiten da, hau da, batere kutsadurarik gabeko gela batean.

Hortaz, Euskal Herrian halako probak egitea lortu duzue?

Bai. Jende gehiena ez da horren jabe, baina puntako teknologiako gauza asko egiten ari gara hemen, beste leku askotan egin ezin dituztenak. Bertoko industria oso ona da, zehaztasun handiko piezak egiteko gaitasuna du. Frantziako kideek aitortu digute eurak ez direla gai zehaztasun handiko zenbait pieza egiteko. Konturatu gara maila teknologiko handia daukagula hemen.

NASAk darabiltzan prozedurak oso zorrotzak omen dira...

Hala da. Protokoloak zehazten dituen betebeharrak egiten ez dituena prozesutik kanpo gelditzen da. Kito. Egutegiari dagokionez ere arras zorrotzak dira: egutegian zehaztutakoa egin arren, egindakoa ez baduzu dokumentatzen, prozesutik eroriko zara. Haiei ez zaie axola zu misiotik kanpo gelditzea. Izan ere, asko dago jokoan. Demagun ontziak Marten lurreratze txarra izaten duela. Halako egoera batean, hara eramatea lortu dituzun tresnak apurtzeko arriskua ezin da onartu. Guri esan ziguten lurreratzerik txarrenean tresnak 1.000 G-ko indarrak nozituko lituzkeela, eta, halere, 4.000 G nozitzeko moduko tresna eskatu digute. Bestalde, orain ingeniaritza eredua egin berri digu: Martera joango den tresnaren parekoa da, benetako gailua ekoizteko prozedura berberak erabilita. Erronka zaila da, inoiz ez baita egin halako tresnarik. Abendurako bukatua izan behar dugu.

Joan den astean aurkeztu dituzue azken emaitzak NASAn. Nola joan da kontua?

Gure tresnari dagozkion emaitzak aurkeztean, NASAkoek zoriondu egin gaituzte. Tira, badirudi NASAko kuartel nagusian esan dutela: «Bilboko hauek barrura doaz». Prozesuak dituen maila horiek guztiak gainditzea erronka handia da. Orduan konturatzen zara benetako mugan zaudela. Egia esatea nahi baduzu, nik inoiz ez nuke imajinatuko jarri ziguten erronkari erantzun positiboa eman ahal izango geniokeenik. Baina hasiera zaila izan da. Asko harritu nintzen ikustean hau bezalako analisiak prestatzeko ia kimikaririk ez zegoela. Orain arte batez ere geologoek eta fisikariek landu dute kontua. Haiek urteak daramatzate modu jakin batean lan egiten. Orduan zu azaltzen zara, gauzak beste modu batean egin daitezkeela esanez. Hasieran ez gintuzten kontuan hartzen, baina gero konturatu dira arrazoia genuela. Orain beste modu batean begiratzen gaituzte, eta zerbait egin behar denean iritzia eskatzen digute. Era formal batean orain gonbidapena egin digute operazioko giza taldeko partaide izateko.

Zer esan nahi du horrek?

Tira, kristoren zoramena! Horrek esan nahi du Martetik datuak jasotzen direnean areto batean egon behar duzula, datozen datuei adi. Denbora errealean robotak aurrean duen irudia izango duzu pantailan, eta zure tresnak egindako analisiak zuzendu behar dituzu. Marteko ordutegiaren arabera lan egin behar duzu. Curiosity robotaren kasuan, adibidez, 17:00etatik 02:00 arte lan egin behar duzu. Izan ere, egunero leiho bat duzu, Marten informazioa jasotzen duen satelitearen arabera.

Italiako Ponpeian ere denbora dezente daramazue lanean...

Bertakoa ere oso zirkulu itxia da. Italiako kide batzuek galdetu digute ea nola lortu dugun bertan sartzea. Orain Ponpeiako Parke Arkeologikoko Laborategiko aholkulariak gara. Hasieran Finlandiako talde batekin hasi ginen bertaratzen. Arkeologoak zirenez, asko harritu ziren hasi ginenean mota guztietako tramankuluak ateratzen. Eurek ere gauza asko ematen zuten ziurtzat, eta guk bestelako ikuspegia eman diegu. Adibidez, hormetako pigmentuak eguzkiaren eraginagatik zuritzen zirela uste zuten, kalean karteletako margoetan hala izaten baita. Baina prozesu horiek ez dute zerikusirik, batzuk pigmentu organikoak eta besteak inorganikoak direlako. Margoetan agertzen den beltzaren osaketan ere ez du beti zertan karbonoa egon. Orain kolaborazio hitzarmena berritu dugu, parke arkeologikoko arduradunak oso pozik daudelako emaitzekin. Asko eskertzen dute guk ematen diegun zerbitzua: bertaratu eta laginak hartu behar izan gabe gure tresneriarekin bertako ondarea arakatzen dugu, eta emaitzak berehala izateko aukera daukagu, gainera.

Arlo horretan patente berria lortu duzue. Zertan datza?

Sintesi kimikoko produkturik erabili beharrik izan gabe, hormaren gainean ezar daitekeen biozida bat sortu dugu. Gainera, parke arkeologikoko lorategietan bertan eskuratzen dugu lehengaia, bertako orbelak baliatuz. Funtsean, materia organikoaren deskonposaketatik propietate biozidak dituzten konposatuak sortu ditugu. Nanokapsuletan sartu ditugu. Praktikan zer nolako portaera duten ikusteko dago. Organismo kolonizatzaileak datozenean, horman botatako nanokapsulak jango dituzte, eta, nahi gabe, barruan dagoen biozida askatuko da. Inurrien kontra erabiltzen diren tranpen antzera funtzionatzen du sistemak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna