Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Erosoa, herritarra, abegia

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Great Yarmouth: Provisional Figures'



Zuzendaria: Marco Martins. Aktoreak: Beatriz Batarda, Kris Hitchen, Bob Elliott, Romeu Runa. Herrialdeak: Portugal, Frantzia, Erresuma Batua. Iraupena:113 minutu.

Marco Martinsek garai eta leku jakin batean girotu du bere film berria: Great Yarmouthen, Ingalaterran, brexit-a gertatu baino hiru hilabete lehenago. Harritzekoa da zehaztasuna, kontatzen duen istorioa berdin gerta zitekeelako beste edozein egoeratan, baina esaten du zerbait filmaren espirituaz: gaizki dagoen guztia okerrera joan daiteke.

Great Yarmouth: Provisional Figures-en atmosferak barruak mugitzen ditu. Ingalaterrara lanera joandako langile portugaldarrek esaten dute denak kaka eta odol usaina duela han, eta giro hori bera islatzen dute Martinsen irudiek, mundu zikin eta biolento bat. Indioilar haragia prozesatzen duen fabrika batean pilatzen dituzte langileak, pasaportea bahituta, eta animalien hiltegiak beren itxaropen guztiak akabatzen ditu indioilar bati lepoa mozten dioten bakoitzean.

Ken Loachen film bat izan zitekeen —Kris Hitchen aktoreak lotzen ditu bi munduak—, baina justu kontrakoa da: estetika errealista baten ordez, Martinsek fantasiazkoa dirudien mundu ilun bat sortu du lantegiaren eta bizitoki likitsen artean.

Protagonista Tania da (Beatriz Batarda), eta aurpegi bat baino gehiago dauka: batetik, langile migratzaileak esplotatzen dituztenen mendekoa da, eta, bestetik, bitartekari aritzen da negozio ilun batean. Pertsonaia tragiko bat da, eta Batardak bikain gorputzen ditu haren izaera gozoa eta zakarra aldi berean, baita hizkeraren bidez ere—esanguratsua da zer hitz trabatzen zaizkion ingelesa ikasten ari denean: comfortable, citizen, hospitality—.

Irudien eta soinuen lanketa indartsu hori, ordea, hasieran aurkeztutako kronikatik urruntzen da pixkanaka, istorioaren barruko trametan galtzeko, eta itxura oneko abiapuntu bat bere baitara biltzen da, ia erabat kiribiltzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.