'Zaldibar auzian' hainbat entitate onartu dituzte herri akusazio gisa

Epaileak Ekologistak Martxan eta zabortegiaren inguruko herrietako udalak onartu ditu, besteak beste, ingurumenaren aurkako delituaren kausan

Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ekologistak Martxan-ek atzo jakinarazi zuenez, bai haiek bai beste hainbat entitate onartu ditu Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak, Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan. Beste entitate horiek dira GuraSOS, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna, Zaldibarko, Ermuko (Bizkaia), Eibarko eta Elgetako (Gipuzkoa) udalak, Interbiak Bizkaia SA sozietatea, Allianz Seguros, eta iazko otsailaren 6an gertatutako luizian desagertutako bi langileetako baten senideak.

Eskubide Sozialen Gutunak eta Zaldibar Argitu herri plataformak elkarrekin aurkeztu zuten herri akusazioa urrian. Eskubide Sozialen Gutunaren iturri judizialek BERRIAri adierazi diotenez, oraindik ez dute jakinarazpen ofizialik jaso. «Baina pentsatzen dugu laster esango digutela».

Prozesuan jarraitu ahal izateko, bai haiei, bai GuraSOSi, baita plataformei ere epaitegiak 500 euroko bermea eskatu diela zehaztu du Ekologistak Martxan-ek. «Eskatutako bermea neurritsua den arren, gure ustez, ez zen bermerik eskatu beharko; edo sinbolikoa izan beharko luke». Elkarteak nabarmendu du laguntza ekonomikoa lortze aldera «herri kanpaina bat» martxan jartzea pentsatzen ari direla. Zaldibar Argitu taldeak www.itsulapikoak.eus webgunean hasi du diru bilketa.

Iruditzen zaie ekologistei «motelegi» doala prozedura judiziala. «Ondorioz», sindikatu, erakunde ekologista, auzo elkarte eta bestelako eragile ugarik bultzatutako U30 Aldaketaldia dinamikak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurko antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du. Donostiako mobilizazioa Gladys Enean hasiko da (17:00); Bilbokoa, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean (17:30), eta Gasteizen elkarretaratzea egingo dute udaletxe plazan (12:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.