Kirolbet Baskonia 86-76 Real Madril

Gertuago dauka

Baskoniak irabazi egin dio Real Madrili, hamasei puntuko errenta galtzear egon den arren. Poirierrek eta Vildozak erabaki dute

ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskonia. Vildoza (20), Huertas (12), Shields (10), Voigtmann (13), Poirier (19)—hasierako bostekoa—, Diop, Jones (9) eta Hilliard (3)

Real Madril. Causeur, Llull (5), Randolph, Yusta (9), Kuzmic (8) —hasierako bostekoa—,Rudy Fernandez (5), Ayon (4), Pantzar (3), Carroll (16),Prepelic (9), Thompkins (17) eta Taylor.

Markagailua. 22-18; 39-36 (atsedenaldian);64-53; eta 86-76.

Epaileak. Boltauzer, Mogulkoc eta Vilius.Ez dute inor kanporatu bost falta egiteagatik.

Bestelakoak. 12782ikusle bildu dira Gasteizko Buesa Arena pabiloian. Bete egin da beste behin pabiloia.

Kirolbet Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Real Madrilen aurka, eta, Liga Erregularra amaitzeko bi jardunaldi falta direnean, gertuago dauka Euroligako final-zortzirenetarako sailkapena. Espainiarren aurkako partidetan, jokoa baino gehiago, intentsitatea izan ohi da nagusi, eta horretan hobea izan zen Baskonia atzo, batez ere Poirierrek—12 puntu eta 16 errebote— eta Voigtmanek —19 puntu eta 12 errebote— bi uztaietan egindako lan eraginkorrari esker. Hirugarren laurdenean lortu zuten errenta erabakigarria arabarrek. Baina azken laurdenean 16 puntuko aldea (69-53, 31. min) galtzear egon ziren, erasoan egindako akatsei erruz: hiru minutu falta zirenean Real Madril hiru puntura zegoen (75-72). Baina orduan Vildozak hartu zuen partidaren aginte makila —20 puntu sartu zituen—, eta une horretan beharrezkoa zuen patxada eman zion Baskoniari. Haren bi saskiratzek eta Poirierrek hartutako pare bat errebotek eman zioten garaipena. Jonesen ekarpena ere garrantzitsua izan zen.

Bi jardunaldi falta direnean, Perasovicen taldeak seigarren postuari eusten dio, hamabost garaipenekin. Olympiakosen eta Armani Milanen porrotek mesede egin diote, eta aukera asko ditu final-zortzirenetarako falta diren hiru lekuetako bat lortzeko; beste garaipen batekin ia ziurtatuta izango du. Hurrengo borroka datorren ostiralean du, berriro Buesa Arenan, Anadoluren kontra.

Baskoniak urtebete zeraman Real Madrili irabazi gabe —zazpi partida—, eta azkenean atzo lortu zuen mamua uxatzea. Bigarren postua jokoan izan arren, hiru jokalari garrantzitsu etxean utzi zituen Pablo Laso Real Madrileko entrenatzaileak: Campazzo, Tavares eta Reyes, eta Baskoniak eskertu zuen.

Batez ere lehen bi laurdenetan ez zuen argitasun handirik izan jokoan Pablo Lasoren taldeak, eta hirukoetan asmatzea ere kosta egin zitzaion. Baina kalitate handia du egungo Euroligako txapeldunak, eta gai izan zen Baskoniaren hamar puntuko errenta bat ezerezean uzteko, bi aldiz.

Hala, atsedenaldian hiru puntugatik baino ez zihozen atzetik 39-36. Thompkins eta Carroll izan ziren madrildarren jokalari onenak, eta haien jarduna funtsezkoa izan zen Baskoniak partida ez hausteko.Hirugarrenean lortu zuen hori, eta hamabi puntuko errenta ezarri zuen: 54-42 (26. min). Horrek minutu batzuetan lasaitasuna eman zion. Gero etorri ziren komeriak, baina garaiz konpondu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.