Logroño 0 (3) - 0 (1) Athletic

Finaletik kanpo geratu da

Athleticek penaltietan galdu du Logroñoren aurka Espainiako Kopako finalerdietan, haren zelaian. Aukera asko hutsegin ditu, eta penalti jaurtiketetan, hirutan egin du kale

Athleticek oso gertu izan zuen gola atzo Logroñon, Las Gaunas zelaian, baina ez zen gai izan alerik sartzeko 120 minutuetan. ATHLETIC CLUB.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Logroño. Tajonar; Balleste, Ines, Cazalla, Leti; Caro (Judith, 77. min.), Chini, Tavlo, Asantewaa (Jade, 60.min.); Ida Guehai (Rebecca, 100.min.) eta Olga Garcia.
Athletic. De la Nava; Oihane, Naroa (Zirauki, 120 min.), Gimbert, Moraza (Nekane, 112.min.); Jone Ibañez(Istillart, 65. min.), Unzue, Valdezate, Eunate; Lucia Garcia eta Erika.
Txartelak. Txartel horia: Logroñoko Cazalla, Balleste eta Rebeccari eta Athleticeko Oihane eta Gimberti.

Athletic ez da izango aurreko denboraldiko Espainiako Kopako finalean. Atzo galdu egin zuen Logroñoren aurka finalerdia martxoan jokatu behar zen, haren zelaian, penaltietan. Horrenbestez, hirugarren finala jokatu gabe geratu dira zuri-gorriak.

Ez zion hasiera txukuna eman partidari Athleticek. Bigarren minutuan, Logroñok gola sartu zion, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen jokoz kanpokoa adierazi zuelako. Susto handiagoa De la Nava atezainak eman zuen jokaldi horretan, sekulako zartakoa hartu zuelako. Lurrean luze etzanda egon zen, minez, baina lortu zuen bere onera etortzea. Handik gutxira, Olga Garcia aurrelariak izan zuen beste aukera on bat etxekoentzat, falta jaurtiketa batean. Gora bota zuen. Logroñok hobeto ekin zion finalerdiari, eta Athleticek bi jokaldi baino ez zituen egin erasoan hasiera horretan, Valdezateren eta Morazaren bitartez.

Zuri-gorrien lehendabiziko jaurtiketa Lucia Garciak egin zuen area barrutik, baina Tajonar atezain mexikarraren eskuetara. 21. minutuan gertatu zen jokaldi hori. Gerora etorri zenaren aurreneko zantzua izan zen. Minutuak aurrera joan ahala, Athleticen jokoak hobera egin zuen, nahiz eta baloi jabetza luzerik egin ez. Hobekuntza horren ondorioa izan zen Angel Villacamparen jokalariak aukerak sortzen hasi zirela, eta garbiak, gainera. 38. minutuan, Eunateren bolea kanpora joan zen, eta handik gutxira, Erikak sortu zuen aukera: baloia lapurtu, baina Tajonarrek azkar berreskuratu zuen. Lehen zatiaren amaiera gainean zela, beste estutu bat eman zioten zuri-gorriek erasoari, eta ordura arteko aukera garbiena sortzeko gai izan ziren. Lucia Garciak buruz burukoa izan zuen Tajonarrekin, aukera garbia, baina etxekoen atezainak bere lana bete zuen.

Bigarren zatiaren hasierak aurrenekoaren amaieraren bidetik segitu zuen. Lucia Garcia eta Tajonar jarri ziren berriz parez pare. Area ertzetik egin zuen jaurtiketa aurrelariak, eta atezainak urruntze ikusgarria egin zuen, baloia atzeko marratik atzera botaz. Ari zen Athletic golaren bila, baina ez zuen asmatzen, eta azkenera arte ez zen gai izan aukera garbiak sortzeko. Tarte horretan, Istillart baionarrak debuta egin zuen zuri-gorriekin, 65.minutuan zelairatu baitzen Joneren ordez.

Finalerako txartela luzapena baino lehen lortzeko aukera garbia Erikak eduki zuen 87.minutuan,baina langak galarazi zion gola erdiraketa-jaurtiketa batean. 90 minutuek ez zuen gehiagorako eman, eta luzapena jarri zitzaien parean bi taldeei.

Penaltietan ere asmatu ez

Aurreneko aukera etxekoek izan zuten, Tavloren urruneko jaurtiketarekin. Zuri-gorriek azkar eman zioten erantzuna, baina beste behin ere, Tajonar azaldu zen Lucia Garciaren salaldiaren parera. Ez zen golik izan luzapeneko lehen zatian. Bigarrenaren hasieran, Olga Garciaren falta jaurtiketa De la Navak geratu zuen. Gero, atepetik atera zuten etxekoek Athleticen beste aukera bat.

Penaltietan, Gimbertek, Unzuek eta Ziraukik lehen hiru jaurtiketak hutsegin zituzten, eta 3-1 irabazi zuten etxekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.