Real Madril 1-2 Athletic

Irekitako leihotik, finalera

Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du, gutxi lehiatu duen Real Madrili 1-2 irabazi ondoren, Malagan. Raul Garciak egin ditu bi golak lehen zatian. Finala, etzi, Bartzelonaren aurka

Athleticeko jokalariak Raul Garciak atzo sarturiko bi goletako bat ospatzen, Malagako Rosaleda zelaian, Espainiako Superkopako finalerdian. JORGE ZAPATA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Real Madril. Courtois; Lucas Vazquez, Varane (Nacho, 46. min.), Sergio Ramos, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric (Vinicius, 68. min.); Marco Asensio, Hazard (Valverde, 68. min.) eta Benzema (Mariano, 88. min.).
Athletic. Unai Simon; Capa (Lekue, 68. min.) Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga (Morcillo, 78. min.); De Marcos, Dani Garcia, Vencedor (Vesga, 68. min.), Muniain (Berenguer, 71. min.); Raul Garcia (Villalibre, 78. min.) eta Williams.
Golak. 0-1. Raul Garciak (18. min.); 0-2. Raul Garciak, penaltiz (37. min.). 1-2. Benzemak (73. min.)
Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Real Madrileko Lucas Vazquez eta Krossi; eta Athleticeko Capa, Dani Garcia eta Unai Simoni.

 

Athletic Espainiako Superkopako finalean izango da etzi gauean. Bartzelonak du zain, 2015ean bezala, haren kontra jokatzeko aukeraren jabe egin zelako atzo, Malagako Rosaleda zelaian. Real Madrilek arrosez bete zion partida handirako bidea, eta harmaila hutsei begira, bueltaxka lasaia emateko modua izan zuen Marcelinoren taldeak, ez zeuden ikusleei eskuarekin agur egiteko lasaitasun guztiarekin. Lehen zatian partida erabakita uzteraino. Raul Garciak sartu zituen bi gol aurreneko erdian, espainiarrek egindako opari nabarmenetan.

Bi aurkari zelaian, eta bi jarrera: euskal herritarrak lanerako eta irabazteko gosearekin; espainiarrak, pausoan irabaziko zutelako ustean. Hemengoak, behar den bezalako jarrerarekin; hangoak, ez. Bakoitzak jakingo du nola gobernatzen duen bere etxea. Marcelino hasi da berea eraikitzen. Hasi baino, ari da. Aurreko astean ipini zuen taldearen jabe zuzendaritzak, eta Bartzelonaren kontrako estrainekoan bezala, entrenatzailearen bereizgarri batzuk erakutsi zituen taldeak. Beste gauza bat da atzokoagatik loreak neurririk gabe botatzen haste Marcelinori eta taldeari. Aurkariak izena baino ez zuelako atera zelaira, izana aldagelan utzita.

Baten batek esango du, edo esan dezake: «Real Madrilek lehen golean oparia egin zion Athletici, baina zuri-gorriak gora joan zirelako presioa egitera». Eta hala izan zen jokaldia. Minutu horretan, eta Zinedine Zidaneren taldeak baloia atzetik atera zuen bakoitzean. Motzean nahi izan zuten jokatu, Marcelinorenak ondo joaten ziren presiora. Real Madrilek gaia badu horrelako oztopoak gainditzeko, baina atzo ez zuen ezer erakutsi. Kontua da zortzigarren minutuan, Lucas Vazquez eskuineko atzelaria pasea ematen hasi zela kanpotik barrura. Dani Garciari ema zion, baina. Horren pasea Raul Garciak jaso, eta area barrutik ondo gainditu zuen Courtois atezaina. Golak ez zion estrategia aldarazi Marcelinori: aukera zuenean, goian estutu, eta ezin zenean, hamaika jokalariak arearen gainean jarri ia-ia. Egoera horretan egon zen deserosoen Athletic. Hegaletatik sartzen hasi zelako Real Madril. Baina aukeratxo horiek ez zituen ezertarako baliatu.

Halako batean, Athleticek zelai erdia gainditu zuen batean, bigarren goleko jokaldia etorri zen. 36. minutua zen, eta geldikako jokaldia eragin zuen. Bigarren jokaldian, baloia Iñigo Martinezek hartu zuen area barruan, Lucas Vazquezen ingurura. Zaintza zuenik ere ez zen konturatu atzelaria, eta ondarrutarrak hartu zuen baloia. Atzetik egin zion penaltia Vazquezek. Gola Raul Garciak 37. minutuan. 0-2 partidaren erdian. Finala oso gertu.

Real Madrilen piztualdia

Bigarren zatiko lehendabiziko hamabost minutuetan, lehengo lepotik izan zuen burua partidak. Erosoegi zebilen Athletic, finalerdia izateko. Baina erabaki zuen lanean hastea Real Madrilek, eta estutzen hasi zen Athletic. Asensiok bi jaurtiketa zutoinera eta langara bota zituen. Gola ere egin zuen Benzemak, 73. minutuan, VAR-ak balioa emandako golean. Beste bat ere sartu zuen, baina ez zen balekoa izan. Villalibrek 1-3koa sartzeko sekulako aukera izan zuen zelairatu eta berehala. Beharrik ere ez sartzeko. Azkenean, langile finarentzat saria: finala. Merezitakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.