Jule Goikoetxea.

Bozen ostean, eraldaketa aurrera

2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Emaitzak baloratzeko, alderaketak egin behar dira, alderaketaren arabera, emaitza berbera ona, bikaina edo kaskarra dela esan ahal izango dugu. Zein alderaketa da politikoki esanguratsua eta estrategikoa?

Egia da EH Bilduk emaitza onak atera dituela Espainiar hauteskundeekin alderatuta. Egia da, halaber, kaskarrak izan direla hegemonia nahi duen koalizio batentzat. Biak egia izanik, politikoki esanguratsuak diren alderaketak hautatzean dago gakoa. Zentzu horretan, emaitzak Espainiako hauteskundeekin alderatzea ez da, niretzat, politikoki esanguratsua, xedea ez baita Espainia gobernatzea. Ezker abertzalearen (koalizioaren, dena delakoaren) desagerpena ekiditea baldin bazen helburua, bikainak izan dira emaitzak. Euskal Herria gobernatzea baldin bada helburua, kaskarrak.

Helburuen arabera baloratu behar baitira emaitzak, ez momentuko egoera zailaren arabera. Helburu bat jartzen dudanean, egoeraren zailtasuna kontuan hartuta eta egoeraren analisia eginda jartzen dut. Beraz, lortzen ez badut helburua, egoerari atxikitzea gurpil zoro batean bizitzea da, helburua egoeraren arabera jarri baitut.

Zer gertatu da 2011tik? Ezker independentismoak espazioa galdu duela. Indartsu dago, eta kanpaina zoragarri honetan bere oinarriekin konektatu du. Baina emaitzak ez dira onak hegemonia, edo independentzia, nahi duen alderdi batentzat. Orain dela 6-7 urte hasi zen PSEren gainbehera eskandaloso honetan koalizioak ezin izan ditu ezkerreko bozak bereganatu, ezta berriak eskuratu ere. Hemen, Podemos ez da soilik kausa, horren efektu ere bada. Usurbileko emaitzak onak dira, bai, baina, independentzia nazionala nahi duen alderdi (koalizio) batentzat, datu esanguratsua ez da Usurbil, baizik eta gure herriko populazioaren ia erdia duen Bizkaia Handia galdua dagoela baieztatzea hauteskundez hauteskunde. Eta hau azaltzeko arrazoiak ezin dira beti exogenoak izan.

EH Bilduren xedea EAJri hegemonia kendu edo lehiatzea zen. Horrela esan zuten kanpainan. Hegemonia lortzeko baldintza anitz daude: horien artean, 2012ko emaitzak lortu eta handitzea, EAJk dituen 60.000-70.000 boto flotagarri horietatik 20.000-30.000 bereganatuz eta Podemosen nukleo espainiar-sozialista taxutzen ez duten beste 20.000 boto flotagarri eskuratuz. Orduan izango da sinesgarria EH Bildu EAJri hegemonia lehiatzeko posizioan dagoela. Hegemonia ez da boz kopuruaren araberakoa, baina hura gorpuzteko gehiengoak behar dituzu epe ertainera. Oinarriekin konektatzea (eztabaida lasai eta diskurtso erradikalagoen bidez, adibidetzat CUP) eta boz kopurua handitzea (moderatuz, dezentziaz mintzatuz, ERC eredu) osagarriak izan daitezen, baldintzak sortu behar dira. Hori da EH Bilduren erronka nagusienetakoa.

Eraldaketa politiko-soziala nahi duen alderdi baten alde (ekonomia jasangarriaren, langileen eskubideen, egitura publikoen eta gizarte feminista baten alde) egitea zailagoa da kontserbadorea den alderdi baten alde egitea baino, gizartea kontserbadorea delako, errazagoa izanik patriarkatuaren eta kapitalismoaren aldeko boz eta jarrera, korrontea jarraitu besterik egin behar ez delako. Halere, ezkerreko alderdi handien bilakatu bada ere koalizioa, ez da soilik meritu propioagatik, baizik eta espainiar ezkerra bitan banatua dagoelako, eta, nahiz eta haien arteko akordioa posible ez izan, soziologikoki garrantzitsua da, handitu egin baita haien boz kopurua (20 eserlekurekin). Bestalde, egia da erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo historikoa dagoela, egia den bezalaxe, Espainian geratu nahi duten alderdiek (EAJ buru) masiboki irabazi duela. Gure langabezia tasa Andaluziako langabezia tasarekin alderatu, eta oso ondo gaudela dioten analisiak bezain harrigarriak iruditu zaizkit beraz EHBilduren emaitzak onak (horrela, unidimentsionalki) direla ondorioztatu duten analisiak (gutxi izan badira ere). Podemosen kanpaina kalamitate bat izan arren (eta PSErena, auzolotsa), EH Bilduk 53.000 boz galdu ditu, eta aipatu arazoen artean, hurrengoa gehitzen zaio, tradizio bat dena jada: EHBilduk (bere alderdiek, barne taldeek, estrategia zehazten dutenek...) EAJz egiten duen analisi desegokia, euskal herriaz egiten duena okertuz. Alderaketan, argi dago EAJren analisia fina dela, EHBildurena baina finagoa, behin eta berriz dakusagunez. Erlazioan daude egiturazko bi arazo hauek, koalizioak EAJz egiten duen analisi desegokia, bere herriaz egiten duen analisi desegokiaren parte baita. Halere, EAJk irabaztearen arrazoien artean badago esanguratsua den beste bat: PP eta PSOEren espainiar gobernu negargarriekin alderatzen duela jendeak. Zentzu horretan, EAJrentzat espainiar zulo beltza txollo bat da. Zulo beltzak EAJ irensten ez duen bitartean. Jakina.

Hau esanda, zera azpimarratu nahi dut. Erresuma Batuko Alderdi Laboristan gertatzen ari den eraldaketa, Corbyn buru, behar-beharrezkoa ikusten dut, nahiz eta hurrengo hauteskundeak galdu. Eraldaketa politikoek denbora eta barne korronte ideologikoen arteko eztabaida sakonak behar dituzte. Hauteskunde emaitzak ez dira eraldaketa baloratzeko elementu bakarra.

Analisi enpiriko eta kuantitatiboak motz geratzen dira eraldaketa hori aztertzerakoan.

Fedea, alegia, analisirik gabeko ilusioa, ere.

Biak dira ezinbestekoak eraldaketarako. Baina ez dira nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.