TD Systems Baskonia 86-69 Armani Milan

Zarata ateratzen segituko du

TD Systems Baskoniak beharrezko garaipena lortu du Milanen aurka Euroligan, eta kanporaketetarako aukera du oraindik. Bigarren zatian 53-37ko partziala sartu dio Milani

Pierria Henry eta Shavon Shields: aurreko sasoian, taldekide, eta atzo, aurkari. Baskoniakoa nagusitu zen. DAVID AGUILAR/ EFE.
Aitor Manterola Garate.
Gasteiz
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Baskonia. Vildoza (3), Giedraitis (14), Sedekerskis (9), Polonara (17) eta Fall (4) —hasierako bostekoa—, Henry (19), Diop (2), Peters (3) eta Dragic (15).
Milan. Rodriguez (12), Shields (10), Datome (10), Leday (2) eta Tarczewski (2) —hasierako bostekoa—, Punter (13), Micov, Moraschini, Roll (8), Brooks (10) eta Hines (2).
Markagailua. 10-16, 33-32 (atsedenaldia); 60-45, 86-69. Epaileak. Matej Boltauzer, Emin Mogulkoc eta Sergio Silva. Ez zuten inor kaleratu bost faltekin.

Jauregi abandonatu bat ematen du Buesa Arena pabiloiaren barrualdeak. Isiltasuna da nagusi, eta hutsik daude harmailak. Eta ez da partida hasteko oraindik denbora asko falta delako. Zaleen oihuak eta animoak falta dituzte jokalariek, eta atzo, sekulako txalo sarta jasoko zuten. Zarata atera zuelako Baskoniak: astindua eman zion Milani (86-69), Euroligan bera baino bost postu gorago dagoen taldeari —laugarren italiarrak, bederatzigarren etxekoak—, eta hamazazpi puntuko kosta sartu zion. Zarata ateratzen segi nahi du Dusko Ivanovicen taldeak lehiaketan: hiru jardunaldi baino ez dira falta ligaxka amaitzeko, eta kanporaketak jokatzeko aukerei eusten die; lehen zortzi taldeak sailkatuko dira. Berdinduta dago zortzigarrenarekin (Zenit), eta batera dauka zazpigarrena (Real Madril); Milan bera bi garaipenera du, baita Bayern eta Fenerbahce ere. Hurrengo partida datorren astean izango du, Panathinaikosen aurka, Atenasen.

Bigarren zatian lotu zuen hain beharrezkoa zuen garaipena, eta zortzigarrena du azkeneko bederatzi partidatan. Bigarrengo hogei minutuetan, 53-37ko partziala sartu zion aurkariari, Pierria Henryren gidaritzapean. Atzealdeko lana ere funtsezkoa izan zen, eta zati horretan egin bazen ere partidaren jabe, bigarren laurdenaren hasieran hasi zen etxea eraikitzen, aurrenekoan italiarrak izan baitziren nagusi. Defentsako errebotea ondo itxi zuten, Baskoniaren hutsek horretara behartuta, oso kamuts ibili zelako etxeko taldea saskira asmatzen lehendabiziko hamar minutuetan. Baloia mugitzen ere kateatuta bezala jardun zuten Ivanovicenek. Hiruko jaurtiketena gurutzea izan zen bigarren zatiko laugarren minutura arte: orduan sartu zuen Zoran Dragicek aurrenekoa, hamabitik lehendabizikoa.

Beste aldean ere Milan ez zebilen hobeto puntuak sartzen, baina partidaren erritmoa harena zen. Baita zortzi punturen aldea ere bederatzigarren minutuan. Azkenean, sei punturen aldearekin bukatu zituzten estreinako hamar minutuak. Berdinketa hamahirugarren minutuan lortu zuen Baskoniak, Henryren biko jaurtiketa batekin. Dragicen hirukoak aurretik jarri zuen taldea, eta bost puntura ere igo zen aldea hamazazpigarren minutuan.

Baina, orduan, Jeff Brooks azaldu zen, eta hamar puntu sartu zituen minutu eta erdian. Berdintzera ez ezik, Milanen aldera jo zuen berriz ere emaitzak, gutxigatik izan bazen ere. Elkarren gainean ziren, eta horrela heldu ziren atsedenaldira: puntu bat goitik Baskonia. Hirukoetan eskas ari zen, eta biko jaurtiketetan, hobeto. Italiarrak, alderantziz. Erreboteetan, etxekoek bereganatu zuten nagusitasuna —bukaeran, 42 eta 30 geratu ziren—.

Henryren eta taldearen lana

Bigarren zatia hasi eta berehala, gero gertatuko zena idatzi zuen Baskoniak: Henryk hartu zuen lapitza erasoan; hirukoen batezbestekoa %31ra igo zen bukaeran, eta defentsan, talde osoak lan ederra egin zuen. Joko antolatzaileak hamar puntu sartu zituen hirugarren laurdeneko lehen lau minutuetan —zortzi lehen minutuan—. Konturatzerako, aldea 11 puntura igo zen, eta Milanek seira jaitsi bazuen ere Henry aulkian zenean, hamabostera joan zen laurdenaren akaberan (60-45).

Lan ona biribiltzea falta zen azkeneko hamar minutuetan. Hamar punturen bueltan eduki zuen Milan, tartea hamazazpira igo zuen arte, bost minutu falta zirenean. Hogeira ere bai gero. Achille Polonara, Tadas Sedekerkis, Dragic eta Rokas Giedraitis ere azaldu ziren erasoan. Taldeko lanaren garaipena izan zen atzokoa. Isiltasunean zarata atera zuenarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.