Vila-real 5-2 Alaves

Urrezko saria, ikatz bihurtua

Alavesek jaitsiera postuetan bukatuko du urtea, Vila-realen zelaian modu mingarrian galdu eta gero. Neurketa berdindu du bi gol atzetik aritu ostean, baina jipoia hartu du azkenean

Martin Agirregabiria etsita, atzean Vila-realeko jokalariak bigarren gola ospatzen ari direla, atzo, Ceramica estadioan. DOMENECH CASTELLO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Vila-Real. Rulli; Foyth, Albiol, Pau, Estupiñan (Moreno, 72. min.); Parejo, Capoue (Iborra, 89. min.), Trigueros (Pino, 72. min.), Chukwueze (Pedraza, 72. min.); Boulaye Dia (Moi Gomez, 86. min.) eta Gerard Moreno.
Alaves. Pacheco; Martin, Lejeune, Laguardia (Tachi, 84. min.), Lopez (Duarte, 77. min.); Loum, Pina (Moya, 77. min.), Pons (De la Fuente, 84. min.), Rioja;Sylla (Edgar, 58. min.) eta Joselu.
Golak. 1-0. Gerard Morenok (18. min.); 2-0. Diak (27. min.). 2-1. Pere Ponsek (44. min.). 2-2. Joseluk (65. min.). 3-2. Diak (76. min.). 4-2. Pinok (79. min.). 5-2. Gerardek (88. min.). Epailea. Pizarro Gomez. Txartel horiak Alaveseko Martini, Callejari eta Javi Lopezi. Bestelakoak. 12.530ikusle Ceramica estadioan

Puntuen distirarekin egiten zuen amets Alavesek urteko azken partidan. Sekulako balioa izango zuen Vila-realen zelaian edozein sari lortzeak, geldialdira jaitsiera postuetatik kanpo joateko aukera emango ziolako Arabako taldeari.Bada, altxorra eskuetan izan zuen, aurkariak hasieran bi golen aldea hartu arren. Eguberrien eta futbolaren magia nahastu ziren Ceramica estadioan, eta zoriaren eta Vila-realen opariak jaso zituzten gasteiztarrek. Azkenean, ordea, Unai Emeriren alkimistek transmutatu egin zuten Alavesen urrezko saria, eta ikatz bihurtu; bost gol sartu zizkietela itzuli ziren etxera Javi Callejarenak.

Vila-realek zanpatu egin zuen Alaves ia lehen zati osoan. Hasieran, ordea, bi taldeek zapaldu zuten area. Alavesek sendo eta nahiko zorrotz ekin zion partidari, akaso Callejaren aldaketek eraginda. Bere talde ohiari irabazten saiatzeko, teknikariak 4-4-2ko eskema marraztu zuen zelaian, berritasun gisa Lejeune, Javi Lopez, Pina eta Sylla txertatuta.

Agintea Vila-realek zuen, eta inor ez zen harritu. Aitzitik, lanak zituen Alavesen egitura itsaskorrean ez katigatzen. Gasteiztarrak pega-pega eginda zeuden, lerro artean zulorik ez uzteko, eta hegaletan, hainbestean ari ziren defendatzen Chukwuezeren barnealdiak. Alabaina, sorginduta utzi zituen Parejoren eta Gerard Morenoren aztikeriak 18. minutuan: bi aldiz egin zuten hormarena area barruan, Alavesen pareta mila puskatan txikituz, eta, artelana sinatzeko, baloia atearen goiko izkinan ipini zuen Gerardek.

Hortik aurrera, nahieran jokatzen hasi zen Vila-real; hainbeste, ezen 2-0ekoa egin baitzuen hamar minutu geroago, Boulaye Diaren bitartez. Lotsagorritzeko moduko gola izan zen arabarrentzat, alboko sake batean sortu eta lau pase eskasekin gauzatu baitzen. Jada bi gol sartuak zizkieten Callejaren mutilei, etxetik kanpoko azken hiru partidetan bezala. Eta gehiago irits zitezkeen, ikusitakoak ikusita.

Gola, ordea, oso apetatsua izan daiteke, eta ezerezetik iristen da batzuetan. Azpiratua izaten ari denari iraultza egiteko esperantza pizten dio,halako batean, aurrez abisatu gabe. Gisa horretan iritsi zen Pere Ponsen gola, 44. minutuan. Guztiz hutsala ari zen izaten Alavesen erasoko jarduna, baina itzulingururik gabeko jokaldi bati esker sartu zen partidan: baloia luze jokatu, Javi Lopezek erdiratu, Joseluk buruz ukitu, eta Ponsek sareratu egin zuen.

Berdintzeko gola ere guztiz ezustean sartu zuen Gasteizko taldeak. Bigarren zatiari oldarkorrago ekin zion, lerroak aurreratuz eta presioa gorago eginda. Berdinketak, edozein moduz, urrun zirudien, Ponsek buruz abisua egin zuen arren. Bada, 65. minutuan hanka sartze ulergaitza egin zuen Pau Torresek: baloia Joseluri eman zion falta batean, eta aurrelariak aise sartu zuen atean, Rulli kanpoan baitzebilen.

Noiz bukatuko zain

Puntu bat eskuetan izanik, gehiagoren gosea piztu zitzaion Alavesi, eta ez zen atzean gotortu. Garesti ordaindu zuen azkenerako. Emeriren aldaketek guztiz indarberritu zuten Vila-real, eta ahalmen betean aritu zen azken ordu laurdenean, Callejaren taldea suntsitzeraino. Diak apurtu zuen berdinketa, 76. minutuan, Parejoren pase zitala baliaturik; hiru minutu geroago laugarrena sartu zuen Yeremy Pinok, errazegi; eta luzapenera iristear, etxekoen festari ginga jarri zion Gerardek. Sufrikario hutsa izan zen partidaren bukaera Alavesentzat. Urte amaiera bezalakoxea: sei jardunaldi kateatu ditu irabazi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.