Munduko Futbol Kopa. Alemania 1-0 Espainia

Soinu handirik egin gabe

Alemaniak oin eta erdi du final-zortzirenetan, Espainia mendean hartu eta gero. Jokoaren ekimena Espainiak izan du, baina ez ditu bere aukerak baliatu; alemaniarrek, aldiz, bai
Lucia Garcia Espainiako jokalaria eta Verena Schweers Alemaniakoa nor baino nor gehiago, atzoko partidan.
Lucia Garcia Espainiako jokalaria eta Verena Schweers Alemaniakoa nor baino nor gehiago, atzoko partidan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko ekainak 13
Golak. 1-0: Sara Dabritzek (42. min).

Aparteko jokorik egin gabe, eta kontrarioak baino askoz hobea izan gabe, Alemaniak oin eta erdi dauka Munduko Kopako final-zortzirenetan, atzo Espainiari 1-0 irabazi eta gero. Gaur ziurta lezake sailkapena, Txina eta Hegoafrikaren arteko partidaren emaitzaren arabera. Txapelketan jokatutako bi partidetan gol bana sartu dute alemaniarrek, eta ezin etekin gehiago atera, bi garaipen lortu baitituzte.

Estreinakoan sufritu egin zuen Martina Voss-Tecklenburgen taldeak Txina mendean hartzeko, eta atzokoan ere ez zuen partida ona jokatu. Baina futbolean golek balio dute; jokoaren gatza eta piperra dira, eta lehen zatia amaitzear zela Sara Dabritzek sartutako gola erabakigarria izan zen atzokoan. Gola Espainiak atzean egindako akats batetik ailegatu zen. Alexandra Popp Alemaniako aurrelariak buruz errematatu zuen area txikian Svenja Huthek eskuinetik egindako erdiraketa bat. Sandra Paños atezainak gelditu ona egin zuen, baina aldaratzea area txikian geratu zen. Marta Torrejonek lo hartu zuen, eta, ia gol marran, Dabritzek aurrea hartu zion, baloia sareetara bultzatzeko.

42. minutuan zen. Alemaniarrek atzoko norgehiagokan jokatutako minutu onenak ziren. Izan ere, Espainiak hobeto hasi zuen partida, eta, alemaniarren bi erdiko atzelarien artean zuloak topatuz, Nahikari Garciak izan zituen lehiako lehen bi abagune garbiak. Realeko aurrelariak, ordea, ez zuen asmatu. Seigarren minutuan, lo hartu zuen, eta, errematatu aurretik, Alemaniako atzelariak gainera etorri zitzaizkion. Bigarren aukera argiagoa izan zen. Jenifer Hermosok pase sakon ona eman zion, baina errematea gehiegi gurutzatu zuen Almuth Schult atezainaren aurrean.

Lehen zatiaren erdialdetik aurrera, ordea, partida aldatzen hasi zen. Alemaniak urrats bat egin zuen aurrera, eta presio handiagoa egin zuen zelai erdian. Horren ondorioz, Espainia deseroso hasi zen jokatzen, eta Voss Tecklenburgen aldea partida kontrolatzen hasi zen, berak nahi zuen erritmoan jokatzen. Dzsenifer Marozsanen falta zenez —alemaniarren izarrak eskuin oineko behatz bat apurtu zuen lehen partidan— Giulia Gwinnek hartu zuen alemaniarren erasoko jokoa sortzeko ardura, eta, pixkanaka, Sandra Pañosen atera gerturatzen hasi ziren. Ahalegin horietako batean ailegatu zen Dabritzen gol erabakigarria.

Ekimena bai, arriskua ez

Halakoak kolpea izan ohi dira aurkariarentzat. Lehen partidan bezala, Espainia behartuta zegoen norgehiagokari buelta ematera. Hori lortzeko, lehen zatia bezala, estutuz hasi zuen bigarrena. Jorge Vildak, gainera, Lucia Garcia zelairatu zuen. Athleticeko jokalaria pizgarri izan zen lehen partidan. Hari egin zioten penalti bati esker sartu zuen Espainiak bigarren gola, eta hirugarren gola berak sartu zuen. Atzokoan ere ahalegindu zen, eta bigarren zatian bera izan zen Espainiako aurrelari arriskutsuena. Baina ez zuen asmatu. Ez berak, ezta bere taldekideetako inork ere. Jokoaren ekimena izan zuen Espainiak, baina. Alemaniak ondo eutsi zion, eta kontraerasoan eroso jokatu zuen, baina ez zuen bigarren gola sartu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna