Retabet Bilbo Basket 79-86 Joventut

Asko zaildu zaio sailkatzea

Bilbo Basketek bigarren partida ere galdu du ACB ligako azken fasean, Joventuten aurka. Luzapenean egin dio ihes garaipenak, une erabakigarrietan kale egiteagatik

Rousselle eta Sulejmanovic erasoa oztopatzen Morgani, atzo. MIGUEL ANGEL POLO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Retabet Bilbo Basket. Rousselle (18), Serron (6), Sergio Rodriguez (5), Sulejmanovic (11) eta Balvin (5) hasierako bostekoa-; Schreiner (5), Rafa Martinez (16), Rigo (3), Cruz (2) eta Lammers (8).

Joventut. Zagars (2), Ventura (6), Lopez-Arostegi (13), Morgan (9) eta Omic (9) -hasierako bostekoa-; Dimitrijevic (11), Busquets (4), Prepelic (21), Parra (9) eta Stevic (2).

Markagailua. 22-21, 45-43 —atsedenaldia— 56-50, 73-73; luzapena: 79-86. Epailea. Perez Perez, Castillo eta Garcia Ortiz.Bestelakoak. Ikuslerik ez Valentziako Fonteta pabiloian, COVID 19-ari aurre egiteko neurri gisa.

Retabet Bilbo Basketi ezin zaio leporatu nortasunik ez izatea ACB ligako azken fasean. Atzo ere galdu egin zuen, lehen jardunaldian bezala, baina dakiena egin zuen, eta garaipenak ihes egin bazion ere luzapenean, ezin da esan egindako lana ez zenik izan balekoa, ohiko jokoa bistaratu zuelako Valentzian: oldarkorra defentsan, eta bizia erasoan. Joventutek irabazi zuen bezala, Bilbo Basket ere izan zitekeen garaile atzo, bigarren jardunaldian.

Luzapenera heldu baino lehen, bi partida ikusi ziren baten barruan: lehen zatikoa eta bigarrengokoa. Aurreneko erdian, lan txukuna egin zuten Alex Mumbruren jokalariek, atzeko lan oldarkorrean oinarrituta. Ia erabat trabatu zuen aurkariaren erasoko jokoa, baina lan zoragarri horri ez zion etekin handirik atera lehen zati horretan. Besteak beste, Joventutek jaurtitzaile zitala duelako: Kemen Prepelic. Haren taldea erasoan kateatuta zebilenean atera zuen jokatzera Carles Duranek, Bilbo Basketen entrenatzaile ohiak, eta nola gutxi behar duen saskiratzeko, lehen laurdenaren azkeneko lau minutu nahikoa izan zituen zortzi puntu sartzeko. Bide batez, Joventut uretan itotzetik atera zuen.

Lehen zatian, ia beti joan zen aurretik Mumbruren taldea, baina ez zuen lortzen alde handirik lortzea, nahiz eta biko jaurtiketetan %60 asmatu aurreneko hogei minutuetan. Bi punturen aldea bakarrik eraman zuen aldageletara Bilbo Basketek: 45-43. Ordurako, aurkarien jokalari zitalenak 14 puntu zeuzkan sartuta. Taldeko lana eta jokalari batena parez pare jarri zituen lehen zati horrek, eta, emaitza ikusita, biak izan ziren eraginkorrak.

Bigarren zatian aldatu egin zen partidaren joera, nahiz eta hirugarren laurdenaren hasieran alderik handiena lortu zuen Bilboko taldeak (52-45, lau minutu falta zirela). Puntu gutxi sartu zituzten bi taldeek laurden horretan, eta ez zen lehen zatiko jariorik erasoan. 11-7ko partziala utzi zuen hirugarren laurdenak. Beste aldaketa Joventutek sorrarazi zuen: defentsako lanean berdindu egin zuen Bilbo Basketen grina, eta erasoan, Prepelicez gain, beste jokalari batzuk ere hasi ziren azaltzen. Errebotean ere erraldoi handi bilakatu zen Alen Omic pibota, denera hamabi harrapatu zituelako partida osoan. Aldaketak aldaketa, 56-50 goitik zen Bilbo Basket laurden amaieran.

Aukerak alferrik galdu

Orduan irauli zuen partida eta emaitza Joventutek. Are gehiago estutu zuen zaintzako lana, eta emaitzan ere zazpi punturen aldea eskuratu: 59-66, bost minutu falta zirela. Lortu zuten, hala ere, bilbotarrek aginte makila berreskuratzea, baina bi puntu goitik zirela, hamalau segundoren faltan, kale egin zuten erasoan, eta kataluniarrek luzapena behartu zuten.

Oparien arloa ez zuen eten Bilbo Basketek, eta 35 segundo falta zirela, Ben Lammersek bi jaurtiketa libre hutsegin zituen, aurretik jartzeko. Joventutek, Conor Morganen bidez —zazpi puntu luzapenean—, ez zuen barkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.