TD Systems Baskonia 101-111 Anadolu Efes

Esku gehiegi lepoaren bueltan

Baskoniak luzapenean galdu du Efesen aurka (101-111), Larkinen jarioari eta epaileen lanari aurre egin ezinda. Partida bat falta da, eta Top 8an sartzeko aukerarik ez du galdu

Yossufa Fall, baloia eskuetan, Efesen saskitik gertu, atzo iluntzeko partidan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Baskonia. Henry (15), Giedraitis (19), Sedekerskis (2), Polonara (23) eta Diop (5) —hasierako bostekoa—,Vildoza (14), Fall (2), Peters (13), Dragic (4) eta Kurucs.
Anadolu Efes. Micic (16), Simon (21), Beaubois (5), Singleton (5) eta Sanli (12) —hasierako bostekoa—, Larkin(30), Anderson (3), Moerman (14) eta Dunston (2).
Markagailua. 19-22, 41-46 (atsedenaldia); 63-65, 92-92, eta 101-111. Epaileak. Damir Javor, Piotr Pastusiak, eta Anne Panther (Alemania). Kanporatuak faltengatik: Baskoniako Polonara eta Sedekerskis; eta Efeseko Sanli.

TD Systems Baskoniak ezin izan zuen beste partida bat irabazi atzo gauean Euroligan; hamargarrena izango zen azken 11 partidetan. Efesek menderatu zuen (101-111), lehiaketako talderik onenetako batek —atzo 11. garaipena izan zuen azken 12 norgehiagoketan—. Luzapenean, ondo kostata, eta Shane Larkin bertako jokalari ohiaren lan apartarekin, eta epaileen laguntzarekin.

Gutxi behar izan zuten etxekoek garaipena lortzeko, eta Top 8ra ia osorik sartzeko. Baina atzo ezin zen irabazi, nonbait, eta azken jardunaldian erabakiko da kanporaketetan dagoen edo ez, Valentzian (datorren ostegunean). Atzo irabazi izan balu, azkeneko norgehiagokan beste horrenbeste egitea aski izango zuen, baina orain, Valentzian irabazita ere, kanpoan gera daiteke, aurkarien emaitzen gorabehera. Edo Valentzian galduta ere sar daiteke, besteen emaitza guztiak aldeko baditu, ia ezinezkoa ematen duen arren.

Sailkatzearena eta atzoko partidarena antzeko egoerak dira: eskura izatetik sartzea, besteen mende ere egotera, eta partida irabazteko aukerak izatetik, galtzaile izatera. Beste batzuk azaldu zirelako. Larkinek 30 puntu sartu zituen, eta horietatik 18 hirukoetan, hiru soilik huts eginda. Hirugarren laurdenaren erdian sartu zuen laugarren puntua, eta gainontzeko 26ak hogei minutuan sartu zituen. Izarra. Talde ohiaren borrero azkeneko laurdenean eta luzapenean izan zen, tarte horretan sartu zituelako hiruko guztiak bat ez beste. Txundigarria izan zen nola osatu zituen lau puntuko bi jokaldi:hirukoa sartu eta faltaren jaurtiketa librea gehitu. Horrela eman zion hasiera luzapenari, lehen jabetzan. Berdinduta egotetik, lau puntu atzetik ziren etxekoak luzapenaren hasiera horretan, eta zama ia gaindiezina egin zuen Moermanen 2+1ekoak Turkiako taldearen hurrengo erasoan.

Lau minutu falta zirenean, beraz, sei puntu atzetik zen Baskonia. Baina etxekoen bertute handienetakoa da ez dutela sekula amore ematen. Atzo horrelako erakustaldi dezente egin behar izan zituzten; azkenekoa, luzapenean, sei puntuko zama bikoa bihurtu zutelako (96-98) bi minutu eta erdi falta zirela. Baina hor bukatu ziren iraultzak, Efesek hanka egin zuelako betiko.

Aurretik, bigarren laurdeneko hamalaugarren minutuan 15 puntutik galtzen egon zen Dusko Ivanovicen taldea, baina tarte txiki batean puntu batera jarri zen. Azkeneko miraria luzapena behartzeko egin zuen. Zortzi segundo falta ziren, eta hiru behera zen. Vildozak sartu zuen hirukoa luzapena behartzeko. Beste kontu batzuk izango ziren 18 segundo falta zirenean, epaileek erabaki oker bat hartu izan ez balute. Moermani txapela jarri zion Polonorak (87-88 zihoazen). Baina epaileek balekotzat eman zuten saskiratzea, telebistan ikusi eta gero, ikusi zena txapel garbia izan bazen ere. Lehentxeago, lau minutu falta zirenean bi zatiak bukatzeko, lau goitik zela Baskonia, turkiarrei eman zieten etxekoentzat zen baloia, eta hirukoarekin erantzun zuten kanpotarrek. Baskoniak 18 jaurtiketa libre jaurti zituen, eta Efesek 30; sekulako aldea izan izan zen hori ere.

Alferrik izan ziren atzo Polonararen 23 puntuak, Giedraitisen 21ak, eta Vildozaren susperraldia aurreko partidetako lanarekin alderatuta. Alferrik izan zen bezala, ia erortzear egon hiruzpalau aldiz eta jaikitzea. Hala ere, Ivanovicek gero esan zuen bezala, «gu oso indartsu gaude». Epaileez galdetu zitzaionean, burua jaitsi eta ez zuen hitzik egin tarte batez; hitz hauek bakarrik: «Badakizue zer esan nahi duen honek [isiltasuna], ezta?».

Bilbo Basket, bihar ACBn

Retabet Bilbo Basketek bihar jokatuko ACB ligako 29. jardunaldiko partida, etxean, Manresaren aurka (18:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.