Nexe 29-24 Bidasoa

Boladaka bakarrik ezin da

Bidasoa Europako Ligatik kanpo geratu da, Kroaziako Nexeren aurka 29-24 galdu baitu. Joaneko hiru golen aldeak ez dio balio izan, ezta hasierako bosten aldeak ere

Halil Jaganjac albokoa jaurtiketa egiten, atzo, Kauldiren eta Azkueren artetik. NEXE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nexe. Car eta Radovanovic;Mileta (1), Buvinic, Jelinic (4), Pesic, Kevic (2), Jaganjac (6) —hasierako zazpikoa— Bakic (2), Mrdenovic, Barisic, Vida, Severec, Rodin (5), Vozab (4, 2p) eta Pribetic (5).
Bidasoa. Ledo (1) eta Sierra; Crowley (1), Racotea (4), Odriozola (7), Aginagalde (5), Tesoriere, Da Silva, Bartok (1) — hasierako zazpikoa—, Sierra (ps), Cavero, Zabala, Serrano, R. Salinas (4), De la Salud (1), Azkue eta Bonanno.
Golak. 1-4, 2-7, 6-7, 8-8, 10-8, 13-11 (atsedenadia); 16-12, 20-16, 22-19, 22-22, 26-23 eta 29-24.
Epaileak. Nikolic eta Stoijkovic (Serbia). Bi minutuz kanporatuak: Nexeko Jelinic (2); eta Bidasoak Racotea, Bartok eta Kauldi.
Bestelakoak. Zaleekin jokatu zen partida Tomislav erregearen pabiloian, Nasice herrian.

Europako Ligako bigarren kanporaketa zozkatu zutenean, Bidasoaren aurkaria Kroaziako Nexe taldea izango zela jakin zenean, arnasa hartu zuten askok. Toka zitzaizkiokeenen artean errazena zelakoan. Ez zen uste okerra, aurkariak izan zitezkeenen artean bai baitzeuden Alemaniako eta Frantziako talde indartsuak. Baina Kroaziako eskubaloia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ustez talde apalena zenak ustez indartsuagoa zena bota zuen atzo kalera. Bidasoak agur esan dio Europako txangoari.

Hiru golen aldea alde zuela ekin zion itzuliko partidari. Baina emaitza hura ere erdi gezurrezkoa izan zen, azken unean sarturiko 6-0eko partzialari esker lortu zuelako Irungo taldeak. Aurreko asteko partidaren ondoren ere, nagusitasun hotsak entzun ziren, zozketa egunean bezala. Baina Bidasoak ez zuen berebiziko partida egin Artalekun, eta atzo, orduan bezala, Nexeren txistuan egin behar izan zuen dantza Jacbo Cuetararen taldeak. Defentsan ohi baino askoz okerrago arituz, eta erasoan kale asko eginez, zaila da Europan aurrera egitea.

Bost golengatik galdu zuen atzo (29-24). Are gordinagoa da emaitza hori aurreneko hamar minutuetan Bidasoak bost gol alde izan zituela ikusita. Baina aurrean talde ona badago, ezin zaio boladaka irabazi. Kauldiren estreinako olatu handia —harenak izan ziren lehen sei golak— ez zen ur izkinara iritsi ere egin. Eta olatua olatu izan zen etxekoek asmatu ez zutelako Xoanen aurrean, edota atezain galiziarrak bereak eta bi geratu zituelako. Horrek esan nahi du Bidasoaren atzeko lana ez zela ona izaten ari. Irunen izandako ezintasun bera zuten zama: ezin lotu eta geratu Kevic erdikoaren eta Pesic pibotaren arteko jokoa. Kontua da pibotak ez zuela eguna izan, baina ezta beharrik ere Nexek. Erasoan poliki jokatzearen zale azaldu da Kroaziako taldea, baina bizi aritzen ere badaki. Bidasoaren aldeko aldea berehala jan zuen, trantsizio azkarretan eginiko gol batzuekin. Horrek esan nahi zuen Bidasoa erasoak ondo ez bukatzen hasita zegoela; besteak beste, Radovanovic atezaina lana ondo egiten hasita zegoelako.

Hemeretzigarren minuturako galduta zeukan bost golen aldea Bidasoak, eta hogeigarren minutuko 9-8koa mugarria izan zen: atzo kanpotarra zen taldea ez zen gehiago aurretik jarri. Kroaziarrena izan zen emaitzaren aginte makila amaitu arte, jokoarena ere haiena izan zelako. Kanporaketa galduta 28. minutuan ikusi zuen Bidasoak aurreneko aldiz, 12-9koarekin. Atsedenaldira 13-11 joan ziren. Bizirik zegoen kanporaketa. Baina are biziago Nexe. Bizirik utzi zuen Bidasoak partidaren hasieran, iluntasuneko argi printza huts bat baino ez zelako izan. Laino artean ibili da Bidasoa kanporaketa osoan, eta bigarren zatia ere horren erakusle izan zen.

Susperraldi txikia, alferrik

Lehen zatian aurka jaso zuena alde bilakatu zuen Nexek bigarren erdiaren hasieran. 4-1eko partziala egin zion Bidasoari, eta bost golen aldea hartu zuen lehen aldiz (17-12). Zazpigarren minutuan ere horixe zen aldea, baita hamaikagarrenean ere. Bidasoa are eskasago zebilen defentsan, eta erasoan ere kamuts. Halere, lortu zuen azken hamar minutuetara 22na berdinduta heltzea, Sierra atezaina azaldu zelako, eta erasoan Julen eta Salinas bizi ibili zirelako. Baina ondorengo hiru minutuetan, 3-0 partziala jaso zuen. Etxekoek ez zuten hutsik egin ondorengo minutuetan. Radovanovic atezainaren geldiketek, eta Rodinen azkeneko bi golek bilakaera logikoa jarri zioten kanporaketari: onena izan denak jarraituko du Europan. Kontu txikiak aipa daitezke bilakaera hori azaltzeko, baina beste testuinguru handiagoan: hobeak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.