Erronka jo diote elkarri

Athleticek eta Alavesek sasoiko hirugarren derbia jokatuko dute gaur San Mamesen. Bizkaitarrek lehen postuetan jarraitu nahi dute, eta arabarrek, azken porrotetik osatu

Iker Muniain Athleticekoa eta Ximo Navarro Alavesekoa, aurreko sasoian San Mamesen jokatutako derbian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Apustua egongo da gaur San Mamesen. Indarrak neurtuko dituzte Athleticek eta Alavesek, bakoitzak bestearen desafioa onartuta. Bizkaitarrak arabarren sendotasuna apurtzen saiatuko dira. Behin baino ez dute irabazi elkarren aurka jokatutako azken zortzi derbietan; beraz, hezur gogor bati egin beharko diote kosk. Alavesek, bestalde, amaiera eman nahi dio Athleticek San Mamesen bizi duen bolada onari. Gaizka Garitanoren taldeak hamasei partida daramatza etxean galdu gabe, eta Asier Garitanorenak gotorlekua eztandarazi nahi du. Bergararra izan zen, hain justu, bertan bisitari gisa irabazi zuen azken entrenatzailea. Reala zuzentzen zuen orduan.

Athleticek batezbesteko ingelesa delakoari heldu dio sasoi hastapenean; izan ere, berdindu egin ditu etxetik kanpoko partidak, eta irabazi etxekoak. San Mameseko garaipenek balio berezia dute, Bartzelonaren eta Realaren aurka lortu baititu. Gaurkoa ere ez da edozein neurketa. Derbi bat izateaz gain, sailkapenean beste aurrerapauso bat emateko baliatu nahi dute bizkaitarrek. Zortzi puntu dituzte, eta, irabaziz gero, inoizko uztarik onena lortuko lukete bost neurketaren ostean, 1995-96ko sasoian hiru puntuko sistema ezarri zenetik.

Sendotasunaren bideari eutsi nahi diote Gaizka Garitanorenek. Defentsako lan ona dute oinarri, zifrak horren erakusgarri: gol bakarra jaso dute ligako lehen lau lehietan. Izugarria da alor horretan Derioko teknikariak egindako ekarpena. 28 lehia zuzendu ditu orain arte Athleticen, eta zuri-gorriek 23 gol besterik ez dituzte jaso horietan. Azken bi jardunaldietako hamaikako berarekin aritu litezke gaur. Yurik ez zuen ostiraleko saioa osatu, baina ez du ematen jokatzeko arazorik izango duenik.

Ez joko, ez gol

Alaves sasoiko lehen porrota jaso ostean iritsiko da Bilbora. Ondo hasi zen arabarren bilakaera, baina errotik moztu zuen Sevillak, Mendizorrotzan 0-1 irabazita. Oldartu egin ziren Asier Garitanorenak azken minutuetan, baina, bestela, gabezia handiak erakutsi zituzten berriro erasoan. Bergararra behetik gora ari da taldea eratzen, eta ez doa bide txarretik, baina agerikoa da sormen eta gol falta; gasteiztarrek bi besterik ez dituzte egin orain arte.

Hori dela eta, baliteke aldaketak egotea hamaikakoan. Ia ziurra da Manu Garcia itzuliko dela, azken lehia aulkian hasi ostean. Kapitaina ari da izaten taldeko jokalaririk arriskutsuenetakoa, bigarren lerrotik egindako barneraldiekin. Oliver Burkek ere aukera izan lezake gaur, Sevillaren aurka debut txukuna osatu baitzuen.

ATHLETIC-ALAVES

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; D. Garcia, Unai Lopez; Muniain, Raul Garcia, Cordoba eta Williams.

Alaves. Pacheco; Agirregabiria, Ely, Laguardia, Duarte; Vidal, Pina, Wakaso, M. Garcia, Rioja eta Joselu.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 18:30ean (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.