HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Pikondoaren balada'

Paradisu galduaren bila

IdazLea: Leire Bilbao. Ilustratzailea: Maite Mutuberria. Argitaletxea: Elkar.

Imanol Mercero -

2017ko maiatzak 28
Liburuan hogei ataletan banatutako narrazio luze bat aurkituko duzu. Bere familiaren berri ematen digun neskato bat da narratzailea. Kontaketa osaba Lukasen biografian zentratzen da, baina fokoa neskatoarengan osabak duen eraginean dago, batik bat. Gainerako aktoreak berarekin bizi diren amama, aitita zena, aita eta ama dira, azken hau baserrira ezkondua, Pikueneara. Bada azken aktore bat, baserriari izen ematen diona: etxe atarian dagoen pikondoa.

Familiak kontakizunaren unibertso osoa betetzen du, unean uneko bizpahiru agerpen kenduta: medikua, hiru soldadu, maisua. Liburuaren azalean hamar urtetik aurrerako gazteei gomendatzen zaie irakurketa, baina gaiaren eta estiloaren ezaugarriak gogoan hartuta, helduentzako ere irakurketa gomendagarria dela iruditzen zait.

Deskribaketarekin amaitzeko, aipatu gabe ezin utzi ilustrazio lana: azalekoarekin, hamabi ilustrazio handirekin hornituta dator liburua, horietako bat bi orrikoa, nahi gabe ere Concetta Probanzaren Bidea gogorarazten didana. Gainera, atal bakoitzaren hasierako goiburuan iruditxo bana dago —ez alferrik-, eta portadan irudi bat, obraren oinarrizko ideia sintetizatzen duena.

Istorioak aldarrikapen bat dauka berekin, hasieratik josten dena eta irakurleak bai ala bai jasoko duena, gerrarekin zerikusia duena, eta jarrera antimilitarista garbi bat azaltzen duena. Tesiaren muina ote den ziur jakin gabe, hona osaba Lukasen ahotan: «Ezin da esan gerrate baten errua alde bakarrarena denik. Alde batek besteak baino makurrago joka dezake, baina, alde batek edo besteak, zeinek daukan arrazoia erabakitzeko saiakerek ezin dezakete inoiz, egundo, sekula guda baten bortitza, krudela eta ankerra justifikatu» (40. orrialdea). Osaba Lukasen aldarrikapenak luzeago doaz, baina nik uste sintesia amaiera aldera botatzen duela zirto honekin: «Bakea irribarre batekin hasten da» (70. orrialdea). Izan ere, osaba Lukasi gerrara joatea egokituko zaio, bere anaiarekin batera —protagonistaren aitarekin hain zuzen—, eta berak argi dauka inolaz ere ez dela joango.

Hala ere, aldarrikapenak aldarrikapen, istorio honek duen bitxikeria nagusia ez da osabaren jarrera antimilitarista, baizik eta bizitzari aurre egiteko aukeratzen duen modua.

Literaturan paralelismoak bilatze aldera, hiru obra aipatuko ditut, beren ospeagatik denon ezagueran egongo direlakoan. Lehena Leo Lionniren Frederick da, gurari materialista oro baztertzen duen sagu poeta. Bigarrena Janne telleren Ezer ez da, gure zibilizazioaren hutsaltasuna salatzearren gaztetxo bat arbolara igotzen denekoa. Eta hirugarrena Italo Calvinoren Il barone rampante klasikoa da, arboletara igota bizi osoa ematen duen ekintzaile apasionatuaren istorioa.

Iruditzen zait konparaketa honekin irakurle gaiak sumatuko duela zein den obra honen ekarpena, eta nire iritziz duen balioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna