Alfonso Gil. Mugikortasun zinegotzia

«Azpiegiturak jauzi kualitatibo bat egitea ahalbidetuko dio hiriari»

gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko udal gobernuko gainerako kideak bezala, pozez gainezka dago Alfonso Gil (Bilbo, 1967) Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia Bilbo Intermodal geltoki berriaren inaugurazioaren albistearekin. Zinegotziak uste du azpiegitura berri horrek, bilbotarrak hirian mugitzeko modua «erosoago» bilakatzeaz gain, aukera handiak zabaltzen dizkiola Bizkaiko hiriburuari hazkunde ekonomikorako eta bisitariak erakartzeko, eta aldaketa handiak ekarriko dituela egunerokoan ere.

Zer-nolako garrantzia du azpiegitura honek?

Oso handia. Bilbon modernitateari zabaltzen diogun beste ate bat da.Badugu aireportu bikaina, abiadura handia ere indarrez sartuko da Bilbora, eta, beraz, hiriaren neurriko geltoki bat ere behar genuen. Mugikortasun jasangarriaren zirkulua itxi du geltoki intermodalak.

Herritarren beharrak aintzat hartu dituzue geltokia egiterakoan?

Geltoki intermodal honetan, oinezkoak, bizikletak, zerbitzu publikoa den taxia, autobusak eta abar hartu dira aintzat. Nik uste dut kontuan hartu ditugula hiritik zehar modu erosoagoan ibiltzera eramango gaituzten modu guztiak.

Herritarrek zertan nabarituko dituzte aldeak?

Aldeak oso handiak izango dira. Gogora dezagun garai batean nolakoak ziren Autonomia kalean edo Henao kalean zeuden autobus geltokiak. Batzuek ahaztuta daukate hori, eta duela hogei urteko irudiak dira.

Azpiegitura honekin, garraiobide guztiak bateratu egingo ditugu, bilbotarrek, bizkaitarrek eta kanpotik datozen bidaiariek hiriaren neurriko irudia ikus dezaten.

Egitasmoak ba al du zerikusirik Bilboko Udalak aspaldian ekitaldi handien alde egiten duen hautuarekin?

Dudarik gabe. Etorkizun hurbilean baditugu horrelako ekitaldi handiak, 2020. urteko Eurokopa, esaterako, eta seguru nago honek ahalbidetuko digula jauzi kualitatibo bat egitea, eta ikusgarri egingo gaituela hiriak bere buruari ezartzen dizkion beste erronka batzuetarako. Baina, horretaz gainera, Bilboko eta Bizkaiko herritarrei onura handia ekarriko die, erosotasuna ezaugarri nagusietako bat izango baita Bilbon ibiltzeko garaian.

Dena dela, esan duzue herritarrek ere aldatu egin beharko dutela zerbitzu hau erabiltzeko modua.

Hala da, baina kontuan izan behar dugu herritarrak etengabe ibili garela egokitzen. Lehen, kalean zeuden geltokiak ezagutu genituen; gero, orain arteko autobus geltokia izan genuen, hasieran behin-behinean eraiki zena eta azkenean urte mordoa eman duena. Eta geltoki berri honek esfortzu handia eskatuko digu antolakuntzaren aldetik, eta ahalegin horretan denok jarri beharko dugu zerbait, nork bere aldetik.

Bilboko Udala ahalegindu da bere lana ahalik eta txukunen egiten, eta ez daukat zalantzarik herritarrek ere, Bilbokoek zein Bizkaikoek, lagunduko digutela azpiegitura berri hau hasiera-hasieratik arrakasta handia izan dadin.

Trafikoan ere aldaketak eragingo ditu geltoki berria abian jartzeak?

Aldaketa nagusia Gurtubai kalean izango da. Kale horrek goranzko bi bide ditu, Montevideo kalera doazenak, eta beheranzko beste bide bat ere badu, batez ere tranbiak erabiltzen duena. Geltokia funtzionatzen hasteaz batera, goranzko bideetako bat ezabatu egingo da, eta beheranzkobide bilakatuko da, autobusek modua izan dezaten geltokira sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.